Antton Telleria (Tolosa, Gipuzkoa, 1993) Nekatutak bakarrizketarekin estreinatu zen formatu horretan. Lehen ikuskizun horretan zuzentasunaren mugak arakatzen ibili zen. Barrea eragitea izan zen helburu nagusia; eta, horretarako, “delikatuak” izan zitezkeen zenbait kolektibo aipatzen zituen. Besteak beste, psikologoak, ETA, Ertzaintza eta irakasleak.

Orain, ostera bueltatu da oholtzara. Ninini bakarrizketa estreinatu zuen Telleriak atzo Gasteizeko Jimmy Jazz aretoan. Bigarren ikuskizun honetan, bere buruaz hitz egin ez ezik, bere gustuetara gehiago hurbiltzen diren gaiak landu ditu.

Gaien artean, aktorea bere bizitzako parte diren faktore eta pertsonekin nola erlazionatzen diren aurkituko dugu. Ninini ikuskizunarekin lehen aldiz arituko da Euskal Herritik kanpo Telleria: Bartzelonan eta Madrilen taularatuko du emanaldia; noski, euskaraz. 

Ninini bakarrizketa estreinatu berri duzu… Zuri buruzko umorezko saioa da?

Bai, kasu honetan, aurrekoaren aldean, era esplizituagoan material pertsonal gehiago sartu dut; eta horregatik jarri nion izena: Ninini. Tituluak, gainera, bat egiten du nire egoismo “galopantearekin”, terapian nahiko landu dudana. Kontzeptu guzti horiek batuta sortu da. 

Errealitatea eta gizartean jazotzen diren gertakarien irakurketak dira lantzen dituzun gaiak. Irakasleak eta gero, nork jasoko du oraingoan zaparrada gehien?

Zaparrada banatzaile ez nuke bilakatu nahi, baina jendeari polemika pixka egotea gustatzen zaio. Nire buruak jasoko du, hori ere badelako negozioaren parte. Zure buruari egur pixka bat emateak gehiago zilegiztatzen zaitu besteei buruz hitz egiteko, eta ni erosoago sentitzen naiz. Nire buruari egur dezente; eta gero, bertsolariei baita ere.

Mugei buruz hitz eginda, askotan esan duzu umoreari mugak jarri behar dion hori ez dela soilik komediantea, publikoa ere erlaxatu behar dela. Mugekin jolastu duzu ‘Ninini’-n?

Askotan aldarrikatu dut publikoaren heldutasuna ere mahaigainean jarri beharreko elementu bat dela. Alegia, batetik dago komikoak zer dioen; eta, bestetik, publikoak esandakotik zer interpretatzen duen. Askotan, badirudi publikoari eman behar zaiola dena garbi ulertzeko moduan eta hezitzaile lana egin behar duzula. Nik aldarrikatzen dut publikoak behar duela espiritu kritiko hori izan eta gaitasuna oholtzan dagoenak esandakoa filtratzeko. Hori esanda, gero oso alde nago beti, garaian garaiko muga horien barruan mugitu beharra dagoela. Nire ustez komiko batek egon behar du esna, eta bere ingurua aztertu, zer gertatzen ari den… 

Kasu honetan, zuzeneko emanaldietan ez zara bakarrik egongo. Saio bakoi-tzean beste bakarrizketari bat egongo da, ezta?

Emanaldi bakoitzean aurkezle lanak egiten dituen beste komiko bat egongo da. Aurreko biratik neukan gogoa hori egiteko. Stand up-aren munduan oso ohikoa da emanaldia hasi aurretik beste komiko batek aurkezpen eta berotze lan horiek egitea. Ilusio handia egiten zidan, ikusi dudalako azken aldian Euskal Herrian komedia eszena bat loratu dela. Ikuskizunetako mekanismoa bakarti xamarra da, teknikariak eta managerrak daude, baina oso bakarrik egiteko kontu bat da. Partekatze horrek poz handia sor-tzen dit. 

‘Nekatutak’-en arrakasta eta gero, ‘Ninini’-n zer aurkituko dugu?

Formalki proposamena antzekoa da. Alegia, ordubete inguruz uneoro ni eszenatokian azken bi urteetan lantzen joandako material hori jendaurrera eramaten. Aipatu dudan plano pertsonalago horri dagokionez, jabetu naiz azken boladan idatzitako bloke horiek gehiago hitz egiten zutela niri buruz. Esaterako, konparaketak egiten ditut. Nekatutak egin ondoren bigarrena estreinatzeak beldurra ematen zidan beldurra, jendea ez ote zen konparatzen hasiko… azkenean kezka hori emanaldiko gai bihurtu nuen. Nire buruarekin daukadan harremanaz, nire neska-lagunareki, nire izenarekin… Hortik aurrera, ez da dena niri buruz, ez naiz hain egoista… Baina bai bilatu dudala niri gehiago gustatzen zaidan material mota bat. Ninini izen horretan badago nitaz hitz egitearen kontua; baina, bestalde, estilo pertsonalagoa ere badago.

Elkarrizketa hasieran terapia aipatu duzu. Askotan barre egitea terapeutikoa dela esaten digute. Bada, terapeutikoa da baita ere barre eginaraztea?

Ni ere jabetu izan naiz bolada txarrak pasa ditudanean, zenbateraino den garrantzitsua ordura arte asko estutzen zintuen horren kontura barre egitea. Horrek ez du esan nahi, ordea, erabat naizenik horretarako kapaz. Askotan begirada komikoa mantentzen saiatzen naiz, baina zaila da. Esaterako, niri asko laguntzen didate prozesu horretan zuzeneko emanaldiek. Ez dakit adrenalina edo zer sustantzia jariatzen dudan momentu horretan, baina bai, asko betetzen nau. Alde horretatik, terapeutikoa da.

HURRENGO EMANALDIAK:

Antton Telleriak webgune berria estreinatu du, www.anttontelleria.eus, eta bertan agertzen dira emanaldiaren datak. Egun eta leku hauetan ikusi ahalko dugu Ninini:

Urriak 4 eta 5, Lugaritz (Donostia)

Urriak 17, Campos Eliseos antzokia (Bilbo)

Urriak 18, Itsasmendi (Urruña)

Urriak 26, antzerki eskola (Iruñea)

Azaroak 23, Club P62 (Bartzelona)

Azaroak 30, Sala Clamores (Madril)