Egun motelak (Iruña)

Egun motelak

Zer? Musika talde ezberdinetan jotzen dugun lagun batzuk sortu genuen kolektiboa 2023an, Iruñean gustuko ditugun musika taldeak zuzenekoan entzun ahal izateko eta gure hirian musika proposamen desberdin bat eskaintzeko asmoz.

Zergatik? Musikari eta DJen lan baldintza duinak bermatu ahal izatea da, agian, erronka nagusiena. Festetako irabaziak espreski artistentzat eta bestelako kostuak ordaintzeko bideratzen ditugu eta, hala ere, batzuetan, zaila izaten da oreka hori mantentzea. Beste zailtasunetako bat, festak antolatu ahal izateko espazio urritasuna litzateke.

Nola? Nahi eta nahi ez, politikoa behar du proiektuak, esplizituagoa izan hala ez. Iruñean eta, oro har, Euskal Herriko musika eszena/zirkuituan, gabezi eta behar ugari identifikatzen ditugu, bai eta bizitzako beste alor askotan ere. Gure hirian, agerikoena akaso, esan bezala, espazio fisikoen falta izan daiteke. Hau horrela izanik, gure ekarpen xumea egiten saiatzen gara autogestioan oinarrituta. Sarreren prezioak, tragoenak eta abar. Herrikoiak izaten saiatzen gara, jendearen aisialdi eskubidea bermatu ahal izateko.

Eta? Kolektibo desberdin, talde eta artisten arteko elkarlana da gakoa guretzat, horrek soilik sortu dezakelako benetazko saretzea gure inguruan. Hau da, instituzioetatik haragoko lankidetzan oinarritutako saretzea. Horrek soilik bermatu dezakelako gurea bezalako kolektiboen autonomia eta jarduna.

Afterpost (Bilbo)

Afterpost

Afterpost

Zer? Kolektiboa duela hamar urte sortu zen baina ez genuen izenik jarri urte batzuk pasatu arte. Izarbeltz ateneoan eta LaKelo gaztetxean militatzen genuen lagunak ginen, eta espazio hauetan ere kontzertuak antolatzen genituen.

Geroxeago, Afterpost izenarekin bataiatu genuen kolektiboa, erreferentzia-puntu bat emateko eta kultura hori ulertzeko moduari buruzko diskurtso bat planteatu ahal izateko.

Zergatik? Gaur egun, Bilbon eta Euskal Herrian aurre egin beharreko arazoetako bat auzoen berrantolaketa urbanistikoa da. Izan ere, gune autogestionatu asko galdu ditugu udalaren ofentsiba argi batean, etxebizitzaren garestitzean eta espazio kolektiboen galeran, baita espazio horiek erakunde pribatuek hartzearen ondorioz.

Kulturarekin antzeko zerbait gertatzen da. Udalak, hainbat aliatu pribaturekin batera (adibidez, Last Tour), kulturaren espazioak har-tzen ditu, kalean zein aretoetan. Entitate handi horien bitartez, espazioa bereganatzen dute, eta horren eraginez, gu espazioak galtzen goaz. Gure asmoa beti marjinetan kontrakultura sortzea da, baina espazio horiek gero eta murritzagoak eta kriminalizatuagoak dira.

Enpresa pribatu horiek, gainera, lotsagabekeria guztiarekin gure musika eta diskurtsoa bereganatzen saiatzen dira, baina erantzukizuna ere badute tresna autogestionatuak erabiltzen dituzten taldeek, kapitalaren eskaintza gozoren bat izan arte.

Nola? Erabiltzen ditugun aretoak autogestionatuak izan daitezen saiatzen gara eta prezio herrikoiak jartzen ditugu beti. Kontzertuak ez dira jaian amaitzen. Goiz ematen diegu amaiera kontzertuei, ez dugulako aisialdi estilo horren erantzule edo kudeatzaile izan nahi.

Eta? Bilbon jende gazte gehiago eta antolaketa gaitasun handiagoa dago. Gaur egun euskal eszena osasuntsu dabil, baina komunikazio falta nabaritzen dugu kolektiboen artean, nahiz eta hau hobetzen saiatzen garen.

Lege Berria (Zarautz)

Legeberria

Legeberria

Zer? Jada badira urte asko kolektibo bat egiteko ideia buruan genuela. Oso gaztetatik izan gara musikazaleak eta hara eta hona mugi-tzen ginen kontzertuak ikusteko. Hiruputzu gaztetxeak ateak ireki zizkigun eta aurreko urteko uztailetik gaur arte bertan antolatu ditugu kontzertu eta festa denak.

Zarautzen badugu erreferentziatzat urte askotan zehar aktibo dabilen kolektibo bat, hardcorea eta punkaren inguruan lan miresgarria egin duena, eta gu pixkana-pixkana gure bidea egiten hasi gara gehigarri legez eta beste estilo batzuei ere lekua emanez.

Zergatik? Egia esan zorte asko daukagu gaztetxe honekin, toki ezin hobea iruditzen zaigu eta beharrezkoa da horrelako espazioak edukitzea eta bizirik mantentzea. Asko eskertu behar da bertan lan ugari egin duen jendea eta baita gu hasi ginenetik emandako erraztasunengatik ere, batez ere, material aldetik.

Soinu arazoak izan ditugu noizbait baina pixkana-pixkana ari gara jende espezializatua tartean sartzen, gero eta kalitate gehiagoko emanaldiak eskaintzeko. 

Nola? Autogestio eta DIY filosofiarekin egiten dugu lan. Edonoren-tzat eskuragarri izatea garrantzitsua iruditzen zaigu, hala ere, ba-tzuetan honek baldintzatzen gaitu, baina baditu beste abantaila batzuk ere.

Eta? Itxura oso polita hartzen ari da, kolektibo berri ugari sortzen ari gara eta talde askorentzat Euskal Herria gero eta errakargarriagoa dela iruditzen zaigu. Beharrezkoa iruditzen zaigu kolektibo berrien eta zaharragoen arteko elkarbizitza lantzea eta harremanak hobe-tzea.