AUTO-STOP egitea ez da soilik errepide bazterrean jarri eta hatz potoloa erakustea. Auto-stop batekin eta bestearekin berriketan eginez ere egin daiteke. Hala bukatu dugu gaur, bart garagardo baten bueltan ezagutu genuen lagun baten adiskide batekin kotxean sarturik.

Barilochen gau ba-tzuk igaro ditugun etxearen atarian agertu da Joaquin, apur bat berandu, irribarretsu baina kezkatua era berean, ur beroaren termoa hutsik ekarri baitu.

Pare bat minutu gidatu ostean, lehen gasolindegian geratu gara. Ur termoa atera eta horretarako berariaz eginiko makina batean, ur lurruntsuz goraino bete du. Irribarrea kezka izpirik gabe azaltzen da orain bere aurpegian.

Izan ere, Argentinan bidaia bat egiterako orduan autoari gasolina gordailua betetzea hautazkoa da, baina matea eta ur bero bete termo izatea derrigorrezkoa da. Lehentasunak lehentasunak dira.  

Laku ertzean atseden hartzen Eneko Eizagirre

Zaletzen ari naiz matea zupatzearen kontu honetara. Ezezagun bat lagun bilakatzeko edo, behintzat, gertuagokoa sentitzeko bidezidor bat dela iruditzen zait. Baina kontuz, bere protokoloa du, ondo bete beharrekoa. Lehenik eta behin, kalabaza edukiontzia mate belarrez erdizka bete behar da alde batera eginez; jarraian, bonbilla deitzen den zupa-tzeko makilatxoa bere lekuan jarri, eta azkenik, ur beroa, baina ez hain beroa, apurka-apurka bota.

Tira, azaldu dudana protokolo laburtua eta baldarra da, izan ere, benetako protokoloa Entziklopedia britainiarra baina luzeagoa da. Hori bai, garran-tzitsua da jakitea Argentinan badela gauza bat inoiz ere egin ezin daitekeena eta, eginez gero, bekaturik handiena egiten ari zalera ikusaraziko dizutena (euren futbolaz gaizki hitz egiteaz gain): bonbilla mugitzea kafesnea koilaratxoarekin nahastuko bazenu bezala. Bekataria!

Nahuel Huapi lakuaren ertzean kilometroak eta kilometroak eginaz goaz, albo batean pinudi amaigabeak, eta bestean, lakuko ur hotza eta mendi garaiak ditugularik. Berriketan, matea zupatzen (bonbilla mugitu gabe, noski) eta halako paisaia ederrarekin, denboraren iragatea plazer hutsa izaten ari da, Joaquinek Villa Angosturara iristean istorio ilunen kontakizunean murgildu den arte.

Estilo alpinoko egurrezko etxe hauetatik gertu, basoak eta errepide txarrek babesturik, historiako pertsonaiarik ankerrenetako batek igaro omen zituen bere azken egunak, konspirazio zaleek diotenez. Ruta 40tik 200 metro eskasera, Inalco izeneko etxe dotore batean igaro zituen, antza, Adolf Hitlerrek bere azken egunak.

Lanin parke nazionala Eneko Eizagirre

Konspirazioak konspirazio, begi bistan geratzen dena inguruotan egon izan den jatorri germaniarreko etorkinen eragina da. Gozotegi batean gera-tzea besterik ez dago, bertako produktu tipikoak Kuchen eta Apfelstrudel pastelak direla ikusteko. Halako gozo goxo bat dastatzen, aurrera egin dugu bidean, Nahuel Huapi laku erraldoia atzean utziz eta izen erakargarriko ibilbide batean sartuz. Jarraian Camino de los 7 lagos-en murgiltzera goaz.

Izen argigarria duen ibilbide hau, Ruta 40aren zati ezagunenetako bat da, Villa Angostura eta San Martin de los Andes herriak elkartzen dituena bi parke nazional gurutzatuz. Bere ibilbidean zehar, baso zabala da autoko leihoetatik ikuskatzen den gauza bakarra. Bueno, hori eta zazpi laku, noski. Aldian-aldian errepide sigi-sagatsua zabaldu egiten da begiratoki bati leku eginez. Geldialdia derrigorrezkoa da. Emaitza beti berbera: ikuspegi ederra.

San Martin de los Andesen autoko mugetatik kanpo ingurunea ezagu-tzeko aukera izan dugu egun pare batez. Erraketa batzuk alokatu eta mendi magal zurituak zapaldu ditugu, gure indarrak elur geruza lodian aztarna egiten ahituz. Plan lasaiago batean, herritik irtenda, lakuaren er-tzeko ibilbidean oinez barneratu gara, oharkabean komunitate maputxe batean azalduz.

Zaldun bat igaro da gure albotik, zaldia bezain ile beltz luzeduna, bisaia indigena, gorpuzkera sendoa, brodatu gorridun pontxo iluna, hegal zabaleko kapela. Kamera geldoan urrundu dela iruditu zaigu, film amaieran heroiak urruntzen diren moduan.

Lácar lakua Eneko Eizagirre

Ruta 40an aurrera eginez, Junin de los Andeserantz jo dugu. Baso itxiak zabaltzen hasi dira, eta Lanin parke nazionalaren bihotzetik urruntzen goazen heinean zuhaitzak larre gogorrei lekua egiten hasi dira.

 

Junin de los Andes kanpoaldean, Ruta 40tik banatzeko unea iritsi zaigu, berau ipar ekialdean dagoen Zapala herrira zuzentzen baita, eta guk finko jarraitu nahi baitugu mendikate luzearen alboan. Bidegurutzean ordu eta erdian soilik hiru kotxe igarotzen ikusi ditugu auto-stop egin nahian ginen bitartean. Badirudi Ruta 40ak ez gaituela alde egiten utzi nahi.

Erdi etsita ginenean, kamioi bat geratu da eta atzerantz guregana etorri da. Alumine herrira goaz, paisaia idorretan barna, berriz ere, hatz lodiaren botereaz.