Eider Perez Martinez (Pasai Trintxerpe, 1995) idazlea eta an-tzerkilaria da. Euskal Filologia ikasketak egin zituen Gasteizen eta, ondorengo urteetan, Euskal Herriko Bertsozale Elkartean aritu zen lanean. Egun, Errenteriako Herri Arte eskolako irakaslea da. Hainbat testu argitaratu ditu literatur aldizkari, kolaborazio eta poesia bildumetan.

2016. urtean Autobiographikal poesia errezitaldi dramatizatua sortu zuen Eider Adeletx izenpean eta Ane Zubeldiarekin batera, eta lan harekin herriz herri ia lau urtez aritu ostean, Mejillon Tigre kolektiboa sortu zuten 2022ko Hizkibridoak egitasmoaren bitartez Hitz Esana (Spoken word poesia moldea) plazaratzeko.

Lehenagotik ere, Andre eta jabe euskal emakume poeten ibilbideari buruzko ikuskizuna egin zuen Leire Etxezarreta musikariarekin elkarlanean eta aurkezle eta gidoigile lanetan aritu izan da orain arte; telebistan esaterako, Hi-tzetik Hortzera bertsoei buruzko saioak aurkezten aritu izan zen. Halaber, sariren bat edo beste jasotakoa ere bada gipuzkoarra: 2022an, adibidez, Etxepare Saria irabazi zuen Iban Illarramendi ilustratzailearekin sortutako Kiatsa album ilustratuarekin.

Eider Perezen kultur gomendioak

Abesti bat: Pakean Utzi Arte, Verde Pratoren bertsioa. Kantu originala bezain ona delako. 

Musika talde bat: Ibil Bedi. Single-en garaiotan, disko osoa buruz dakidan talde bakanetako bat delako.

Liburu bat: Lectura fácil, Cristina Moralesena. Hezur haragizko eleberri punkia delako.

Idazle bat: Gata Cattana. Poesia esana, lurtarra, inteligentea eta elkarbanatua delako.

Antzezlan bat: Pez Limboren Oxido lana. Badaude antzezlan batzuk ez zaizkizunak burutik sekula joango.

Telesail bat: Killing Eve, Villanelletaz maitemindu nintzelako.

Podcast bat: Gabinete de Curiosidades, Nuria Pérezena. Bere ahotsak, istorioek eta kontatzeko moduak engantxatu nindutelako.

Aktore bat: Anjana Vasan, Black Mirror-eko kapituluan, adibidez. Kapitulu hori bera gabe, beste kapitulu bat izango litzateke.

Kultur espazio bat: Adarabar espazioa Eibarren. Adarabar bat behar delako Euskal Herriko auzo bakoitzean.