Zaldia sorkuntzatik eratorritako animaliarik ederrenetarikoa eta harmonikoenetarikoena bezala ezagutu izan da beti. Taldean bizi izaten dira, animalia sozialak baitira, baina, askotan, askatasuna behar izaten dute mendietan zehar libre zamalkatzeko. Zaldi bihurtu baino lehen, ordea, moxal garaia izaten dute bizitzako lehen urteetan. Hannot Mintegia gernikarrak moxal garaia gainditua dauka aspaldi musika munduan, baina, hala ere, izen hori aukeratu du, Moxal, bere bakarkako ibilbidean libre zamalka-tzeko. Berak ere taldean hasi zuen ibilbidea, baina gero bide propioa hartu du. Iazko urte amaieran bere hirugarren lana kaleratu zuen Nabar izenburupean. Bertan, soinu desberdinak lantzen eta josten ditu beste behin, artisau-lan baten sorkuntza bezala, laborategi batean elementu desberdinak nahasten dituen alkimista baten antzera. Esperimentazio lan honetan laguntza izan du: Zea Mays taldeko Aiora Renteria, Mursego, Anari edo Aitor Etxebarria, besteak beste, alboan izanez.  

Zaldikatu izan zen bere lehen diskoa, eta, ordutik, berak egin izan ditu kanta guztiak, baina sormena ez du bakarkako lan bat bezala ikusten. Ibilbidea Audience taldean hasi zuen aspaldi, hogei urte iraun zuen esperientzia bat osatuz. Gernika-Lumoko boskotea utzi ondoren ez zuen oso argi musikarekin lotuta jarraituko zuen ala ez, baina Markak izeneko dokumentalarekin eta Aitor Etxebarriaren eskutik, berriz bueltatu zen kanten sorkuntzara, oraingoan estilo pertsonalago batekin. Azken lan hau prestatzen ari zela konfinamendu garaiak harrapatu zuen eta egoera horrek aukera eman zion bigarren lan bati gorputza emateko -Arrebetxe-. Etxetik atera ezin izateak egoera berezi baten aurrean jarri zuen gizartea eta Hannot Mintegiak ondo aprobetxatu zuen denbora. Sormen egoera horrek beste kutsu bat eman zion bere musikari. Hala ere, hirugarren disko honetan bilakaera izan du eta bere lanarekiko segurtasun gehiago nabari zaio. “Erosoago ikusten nautela komentatu didate eta horrela dela esango nuke. Agian, lehenengo diskoan, esku artean neukan materialarekin zer egin galdetzen nion neure buruari. Baina oso pozik egindako zerbait izan zen. Bigarren lana desberdina izan zen. Bakarrik egindako lan bat izan zen, etxean sartuta nengoela. Eta hirugarren honetan kontzienteago izan naiz nora jo behar nuen edo nora hel nintekeen. Lan handia egin dut, baina era landu batean, jakinez zer bilatzen nuen oraingoan”, aitortu du Mintegiak. Konfiantza puntu horrek lan hau era lasaiago batean egitea eskatu du, sorkuntza prozesuaz gehiago gozatuz. Esperimentazioaren bidean kanta bat non hasi eta non bukatzen den zehatz jakin gabe ere, musikaren sorkuntza bera da gehien motibatzen duena, emaitzaren nolakotasun zehatz bati horrenbesteko garrantziarik eman gabe. “Nire ibilbidean, momenturen baten, Audience-en azkeneko diskoetan edo Moxal proiektuarekin hasterakoan ,uste dut, ulertzen edo onartzen joan izan naizela ez dela horren garrantzitsua kanta bat diskoan nola gelditzen den, edo behintzat, ez diozula hainbeste garrantzia eman behar; izan ere, gero zuzenean jotzen dudan bakoi-tzean aukera daukat geratu zaizkidan zalantza horiek gainditzeko. Erlaxazio puntu hori lortu dudala esan dezaket”, azaldu du musikagileak.  

Otsailaren 17an Markina-Xemeinen emango du kontzertua, eta maiatzean, Gernika-Lumon Laida Zepre

Collage lana

Musika munduan proiektu berriei etiketak jarri nahi izatea da ohikoena. Hannot Mintegiak, esaterako, rocka eta folka nahasten zituen talde batetik, estilo minimalistago baterantz jo du ibilbide berri honetan. Ahotsa instrumentu bat gehiago izango balitz bezala erabiltzen du, egin ez den pelikula bateko soinu banda baterako balio dezaketen lanekin. “Collage moduko zerbait egitea asko gustatzen zait. Ni lanbidez musikaria izateaz gain editorea ere naizenez, uste dut buruz joera hori daukadala: zati desberdinak batu, gauza bat bi aldiz errepikatu, hemen eta han zerbait sartu, eta abar. Horrek guztiak musika egiterakoan eragina dauka”. Izan ere, norberaren lana etiketatzea edo definitzea ez da erraza izaten askotan, are gutxiago egindakoak bultzada arrazionala izatea baino gehiago, soinuak sortzen duen zirrara bilatzen denean. Horren inguruan galdetuta barre egiten du eta nolabait baliagarri ikustera ere heldu da. “Egia da denboraren poderioz erosoago egotera heldu naizela, zer den nire musika azaltzen eta ulertarazten. Gainera, bide batez, zure buruari gauzak galdetzeko ere balio izaten dizu zentzu horretan”, azaltzen du irribarre batekin. 

Kolaborazioak

Nabar izeneko azken lana burutzeko lagunez inguratu da beste behin Gernika-Lumoko musikaria. Izen garrantzitsuak izan ditu alboan, besteak beste: Ainara Legardon, Anari, Mice taldeko Miren Narbaiza, Joseba B.Lenoir, Zea Mays taldeko ahotsa den Aiora Renteria edo Aitor Etxebarria. Batzuetan kanta bat sortzen hasterakoan pertsona zehatz batengan pentsatzera eramaten du Mintegia; beste batzuetan, kolaborazioa da kanta bat sortzen laguntzen duena. Bide bat edo bestea hartzea erraza egiten zaio. “Niretzat galbahe erraz bat da lanaren arabera. Lehenengo diskoan oso argi neukan emakumezkoen ahotsak nahi nituela. Asko gustatzen zait kontraste handia egotea nire ahotsarekin. Fantasia bat iruditzen zait baliabide hori eskura izatea. Miren Narbaizarekin lan egitea, adibidez, prozesu natural bat izan zen. Oso gertuko pertsona da, betidanik ezagutzen dugu elkar; Ainara Legardonekin ere bai; Mursego-rekin ere harremana daukat… Beti gustatu izan zait beraiekin lan egitea”. Musikariak disko honetan Anarirekin egin duen kolaborazioa “kuriosoa” izan dela azaldu du: “Abestia sor-tzen hasi nintzenean, nolabait, otu zitzaidan berarekin lan egin ahal nuela. Ideia garatzen joan nintzen eta egindakoa berari bidaltzera ausartu nintzen. Gustatu egin zi-tzaion eta oso ondo joan da dena”. Bitxikeria bezala, behin abestien hezurdura sortuta, Moxalen disko berri honetan parte hartu dutenen etxeetan landu dituzte kantak. 

Kolaboratzaileen etxeetan eta Mintegiaren etxean grabatu dute Moxal proiektuaren hirugarrena A. Zepre

Han eta hemen soinu desberdinak deskubritzea gustatzen zaio Hannot Mintegiari. Puzzle bateko pieza txikiak bezala, gero era egoki batean lotu ahal izateko. Txikitatik entzundako taldeek ere eragina izan dute, eta asko gainera, gehienbat 90eko hamarkadari dagozkionak. “Betidanik gustatu izan zaizkit Nirvana, PJ Harvey... Alegia, 90eko hamarkadan egiten ziren soinu gordin edo zimurtsuak. Zentzu batean, kontrola galtzen duten soinuek deitzen didate arreta, alegia, oso uniformeak ez direnak, akatsak izango balituzte bezala entzuten diren soinuak. Hori guztia asko gustatzen zait”, gaineratu du. Horrez gain, berak dioenaren arabera, kontraste asko izatea gustatzen zaio. Ba-tzuek nahiago dute zerbait melodikoagoa, beste batzuk harmonikoagoa… Gernikarrak, ordea, soinuen testurari ematen dio garrantzia. Gitarra soka batek, era batera edo bestera sakatuz, nolako soinua izango duen, adibidez. Hori da, hain justu, bilatzen duena. 

Zaldiekin lotura

Moxal proiektua pauso seguruz zamalka-tzen da euskal musika eszenan. Ez da kasualitatea Hannot Mintegiak izen hori aukeratu izana bere bakarkako lanean eta zaldiekiko lotura mantendu izana orain arte argitaratutako hiru lanei izen bat jartzerako orduan. Lotura uler-tzea erraza egingo zaio animalia hauek miresten dituen edonori. “Lotura handia daukat animalia honekin. Gaur egun, noizbehinka, Mikel Sagarnarekin (Audience taldeko bateria jotzailea) joaten naiz buelta bat ematera zaldi gainean. Sinbologia berezi bat dauka niretzat”. 

Proiektua entzungai dauka nahi duenak sarean, era egokiena baita Hannot Mintegiaren lana ondo ezagutu ahal izateko. Baina zuzenean ezagutu nahi duenak, hurrengo hilabeteetan, aukera pare bat izango ditu. Oraindik ez ditu kontzertu asko lotuta musikariak, “baina bai esanguratsuak”. Otsailaren 17an Markina-Xemeinen (Bizkaia) kokatua dagoen Uhagon Kulturgunean izango da Rudiger taldearekin batera. Horrez gain, egun horretan, lehen aldiz, Miren Narbaizarekin egongo da taula gainean. “Ez naiz bakarrik egongo eta bikote izango gara. Oso pozik nago alde horretatik. Halaber, nahiz eta oraindik era ofizialean iragarri ez den, maia-tzean Gernika-Lumoko Lizeo An-tzokian eskainiko du emanaldia, jende askorekin inguratuta”. Bere hirugarren lan honetan alboan izan dituen pertsona guztiak batzea “ezinezkoa” izan arren, kontzertuei ku-tsu koral hori ematea gustatuko li-tzaioke era batera edo bestera, hori baita helburua.