Pirritx, Porrotx eta Marimotots pozik aritzen dira oholtza gainean eta haurrez inguratuta, eta oraingoan ere, hala ari dira. Ikuskizun berria eraman dute taula gainera: Alboan fundazioarekin batera sortutako Ez gara jaitsiko! lana. Amazoniako errealitatearen lanketa egiten ari dira Alboan-eko kideak, eta euskal pailazoek beraien aletxoa jarri nahi izan dute, kanpaina horrekin bat egin eta sentsibilizazio lan horretan lagunduta. Herriz herri eta oholtzaz oholtza dabiltza Pirritx, Porrotx eta Marimotots; gaur, esaterako, Andoainen dute hitzordua eta bihar, ostera, Oiartzunen.Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek ikuskizunaren nondik norakoak kontatu dizkigu. 

Hara eta hona zabiltzate Alboan erakundearekin batera sortutako “Ez gara jaitsiko!” proiektuarekin. Nola sortu zen proiektuaren ideia?

Alboan fundazioa jarri zen gurekin harremanetan duela hiru bat urte eta proposatu zigun Amazoniari abesti bat eskaintzea. Guk eskaera hori jaso genuenean, hausnartu egin genuen eta, beraiekin behin harremanetan jarrita, beste proposamen zabalago bat eskaini genien: abestia egiteaz gain, gaiari ipuin ilustratu bat, ikuskizun bat eta koreografiatutako beste abesti desberdin batzuez gain, material didaktiko bat sor-tzea. Alboan fundazioan Amazoniako errealitatearen lanketa egiten ari dira eta guri iruditzen zitzaigun gaiak bazeukala sakontasun nahikoa abesti batetik harago joateko. Behin hori luzatu genienean, begi onez ikusi zuten. Leire Bilbao idazle eta poetarekin jarri ginen harremanetan, batzordetxo bat osatu, ideiak partekatu eta, ondoren, Karmele Gorroño jarri zen marrazkiak egiten. Xabier Zabala ere jarri genuen lanean: Amazoniari ereserkia eskaintzeaz gain, Ez gara jaitsiko! abestia, Lurra eta beste hainbat abesti sortu zituen, disko bat osatu arte, guk sortuta genituen beste hainbat abestirekin. Gero, Alboan elkarteko kideak arduratu dira material didaktikoa sortzeaz. Ipuinean bertan, QR kode batean jaso da materiala. Horrela argitaratu genuen proiektua joan den urtean Durangoko Azokan Ez gara jaitsiko! ipuin ilustratu eta musikatuarekin. Beste urtebete hartu genuen ikuskizuna prestatzeko. Dagoeneko estreinaldia burutu dugu eta herriz herri gabiltza orain, poz-pozik. Horrez gain, formatu txikiko Amazonia gara izeneko ikuskizun bat ere sortu dugu, ipuin kontaketa ardatz duena, beste hainbat esketx eta abestirekin batera.  

Bi proiektu paralelo jarri dituzue martxan, hortaz?

Bai; gainera, Ez gara jaitsiko! ikuskizun horretan, ipuinetik harago, bidaia bat egiten dugu Iratiko oihanetik Ameriketako Amazoniara. Herria eta hizkuntza ditugu ardatz. Baina gure ideia munduan Amazonia txikiak ditugula erakustea ere bada. Euskal Herrian bertan ere baditugu batzuk: Irati, Gorbeia, Urbasa-Aralar, herrietako parkeak eta abar. Gure filosofiaren planteamendua pixka bat hori da, alegia, zaindu behar ditugun lekuak hurbil ditugula eta guk ere sor ditzakegula. Adibidez, gure ikuskizunetan pago bat oparitzen dugu joaten garen herri bakoitzean landa dezaten. 

Bidaia bat betetzen dugu ikuskizunean, baina Amazoniara iritsi baino lehen, Artikotik pasatzen gara, hartz zuriarekin topo eginez; berak kontatuko digu bertako glaziarrak ur-tzen ari direla eta Inuitak bezala etxerik gabe gelditzen ari dela; gero, Ozeaniatik pasatuko gara, eta han, desagertzeko zorian dagoen eta Dorti-punki izena duen dortoka batekin elkartuko gara, zeinak kontatuko digun itsasoak mailaz igotzen ari direla eta ez daukatela arrautzarik non errun. Afrikatik ere pasako gara, non basamortuak gero eta zabalagoak diren eta lehorteak gero eta luzeagoak. Bertan, elefante batekin egingo dugu topo eta animaliak mehatxatzen dituzten isilpeko ehiztariak daudela kontatuko digu. Azkenik, Amazoniara iritsiko gara eta bertan Yumi izeneko aborigena ezagutuko dugu. Erakutsiko digu konektatuta gaudela, nahiz eta elkarrengandik urruti egon, elkarren alboan gaudela nolabait; hau da, munduko punta batean gertatzen denak eragina daukala beste puntan. 

Proiektua duela gutxi hasi zarete jende aurrean erakusten, baina ume eta ez hain ume direnengan igartzen da kontzientzia ekologikorik?

Bai, nik uste dut umeak izanagatik ere ikusi egiten dutela, hausnartu egiten dutela, konturatu egiten direla eta partekatu egiten dutela ikusitakoa. Badaukate gaitasun hori. Gainera, gaiak ematen du gero etxean lanketarekin jarraitzeko aukera. Bi, hiru, lau urte dituzten umeak gauza batzuekin geldituko dira; sei, zazpi, zortzi dituztenek, agian, beste gauza batzuk ere ikusiko dituzte. Baina haiekin batera gurasoak daude eta ikuskizunaren ondoren, etxera bueltatu eta hor elkarrizketa bat sortzen bada, galdera-erantzun batzuk, azkenean denon arteko hausnarketa bat lor daiteke. Gauza txikietatik has gaitezke lanean, etxetik bertatik, planteatzen dugun kontzientziazio lan horretatik.  

‘Ez gara jaitsiko!’ ikuskizunaren kartela. katxiporreta

Umeez osatutako publikoa publikorik zailena izaten da, ez baitute engainatzen. Gainera, zuek, ikuskizunetan karga sakoneko mezuak helarazten dituzue. Zaila izaten da ikuskizun bat prestatzea helburu sakon horiekin?

Azkenean, denak eskatzen du ikasketa prozesu bat, nolabait ilusio eta lanarekin batera. Sudur gorriak aukera eta indar hori ematen dizu edozein gai landu ahal izateko. Gure ibilbidean, orain Amazoniarekin eta biodibertsitatearekin ari garen moduan, esaterako, jorratu ditugu baita ere familia eredu desberdinak, kultura aniztasuna, gaixotasunak, heriotza, dolua... Haurrek beraiek egunerokotasunean bizi dituzten gai horiek abestien eta istorioen bidez eramaten ditugu oholtzara edo etxeetara. Beti ere, alaitasunetik, itxaropenetik, proposamen eraiki-tzaileetatik eta errespetutik eginda. Pentsatuz denon esku dagoela mundu hobe bat denon artean eta denontzat lortzea. Txikiak gara gutako bakoitza, baina elkarrekin osatu ditzakegu eragina izango duten olatutxoak. 

Mezua, hortaz, ez da bakarrik umeentzat, baita gurasoentzat ere. 

Zalantzarik gabe. Nik beti diot gure publikoa zero eta ehun urte bitartean dagoela. Denok daukagu pailazo bat barruan eta azkenean bizitzan hartzen dugun jarrera bat da esnatzen garenetik lokartzen garen arte, irribarre bat aurpegian zintzilikatuz. Jarrera eraikitzaile bat alaitasunetik eta errespetutik eginda posible da. Hori, gainera, egunerokotasunean egin daiteke. 

‘Ez gara jaitsiko!’ proiektuak hainbat arlo jorratzen ditu, zuzeneko ikuskizunaz gain, beste gauza asko egin baitituzue. Gaur egun diziplina anitzak jorratu beharra al dago jendearengana heltzeko? 

Gure ezaugarri bat bada, baina elkarlanarena ere. Gu pailazoak gara, baina gure inguruan badauzkagu ilustratzaileak, musika sortzaileak, antzerkilariak, abeslariak, eta abar. Euskal Herrian kultur espresio ezberdinak elkarrengandik gero eta harremanduagoak daude. Era honetako proiektuak gero eta gehiago ikusten dira, non arte plastikoak, musika, gorputz espresioa eta bestelako arte espresio desberdinak elkarrekin elkar eragiten duten. Gure ustez, honek guztiak lana aberasten du, eta, zorionez, lan hauek Euskal Herria bezalako herri txiki batean errazak dira, gure komunitatean elkar ezagutzen dugulako askok, batez ere urte batzuetan lanean ari garenok. Gainera, aldez aurretik halako jarrera bat dago elkarrekin aritzeko eta gure aldetik modu kontzientean hartu dugun bide bat da.

Pago bat oparitzen dute ikuskizunean, herri bakoitzean landa dezaten. katxiporreta

Alboan fundazioarekin lanean jarraituko duzue, hortaz?

Bai, kultur sortzaileen artean egiten dugun lana beti da aberasgarria, baina kasu honetan, Amazoniaren gaiarekin lanean ari den Alboan fundazioarekin batera ari gara. Hala ere, Ilargi elkartearekin ere ari gara dolua eta heriotzaren gaiekin; baita Bizipoza elkartearekin ere, eta 38 elkarte desberdin daude haurren eskubideak, familia ereduak, eta abar lantzen dituztenak. Pentsa zenbat elkarte dagoen Euskal Herrian modu boluntario batean, denon aldeko helburuak dauzkatenak! Horiekin guztiekin elkarlana egitea beti da guretzat plazerra eta ikasketa bide bat. Horrek pertsona hobeak egiten gaitu. Amazoniaren gaiarekin Alboan-ekin egin dugu bat, elkar ezagutu dugu, elkarren lagun egin gara eta, zalantzarik gabe, gure arteko harremana luzatu egingo da gerora begira.  

Hurrengo emanaldiak non izango dira?

Gaur bertan Andoainen egongo gara eta bihar, Oiartzunen. Hortik aurrerako emanaldiak Katxiporreta.eus webgunean dugun agendan joango gara biltzen. Urte osoa emango dugu Ez gara jaitsiko! ikuskizunarekin, baina Amazonia gara formatu txikiko ikuskizunarekin ere jarraipena emango diogu Alboan fundazioarekin daramagun elkarlanari.