Estreinatu dute; jada, ikusi eta gozatu daiteke. Glu Glu Produkzioak ekoiztetxeak Loti ederra ipuin klasikoaren antzerkirako egokitzapena ondu du oraingoan. Alderdi sexistak eta tradizionalistak ezabaturik, ipuina gaur eguneko gai gatazkatsuenetako batez jarduteko baliatu dute: haur zein nerabeen sare sozialen menpekotasuna edota esklabotza. Era berean, inposatutako edertasun-estereotipoekin haustea ere badute xede. Ugaitz Alegria ondarroarrak zuzendu du antzezlana. Bere esanetan, hautaketa honek kontraesana eman lezake, baina badu hortik ere. Izan ere, horretara jokatu nahi izan dute, ipuinari buelta eman eta kontatu ohi dena buruz behera jarrita. Testua Galder Perez aktore eta antzerkigileak idatzi du, eta obra Euskal Herriko hamaika antzokitan ikusi ahalko da datozen hilabeteotan. 

Lagun talde bat ageri da oholtzan. Istorioaren protagonistak nerabe talde bat eta haiek imitatzen dituen neskatoa dira. Goizeder, pertsonaia nagusia, Elaia, haren ahizpa, eta bere bi lagunak, Alaia eta Harriet, ezagutuko ditu ikusleak. Denek ere sare sozialetan arrakasta lortu nahiko dute. Goizeder, Loti Ederra ipuin klasikoko neskatoa, Gaizkiñe sorgiñak jarriko dion sarearen tranpan eroriko da eta edertasuna jomugan duela, sare sozialaren alderdi ilunetan harrapatuta geratuko da protagonista. Tiki Taka - egungo TikTok plataforma ezaguna simulatzen duena - aplikazioaren bidez ipuinen mundura jauzi egingo du. Fantasiazko mundura sartuko da orduan. Protagonistak ipuinean sartzerakoan, Goizeder haurra zeneko umea, amona, errege-erreginak, bufoia, juglarea edota hiru maitagarriak agertuko dira. 

Eszenaz-eszena, alegiazko ipuin klasikoa eta gaur eguneko momentuak tartekatzen ditu antzezlanak. Fabula bera komedia eta parodia izango da. Baina ez du ipuineko biderik tradizionalena jarraituko. Inposatutako printzea, gaztelua eta printzesak hautsi eta haiengandik askatuko ditu gaur egungo haurrak. Maitagarrien eta gaiztoen antzerki-tzat deskribatu du Alegriak, alegiazko printze eta gazteluen istorioa. “Barrenerako bidaia honetan ipuinak alde batera utzi eta benetako errealitatea ikustea lortuko du protagonistak. Izan ere, politagoak, ederrenak gara inor begira ez daukagunean”. 

Pantailen arriskuak

Familiei zuzendutako antzezlana prestatu du, beste behin ere, Glu Glu Produkzioak ekoiztetxeak. Gizartean nagusitzen den gai bat hartu eta urtero birmoldatzen dute ipuin klasiko bat genero musikaleko an-tzerkira. Hain zuzen, kasu honetan lantzen den gaia Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik gorako haur eta nerabeengandik gertuago badago ere, 5 urtetik aurrerako haurrentzat egokia dela adierazi du zuzendariak. Halaber, antzokietara haurrekin doazen helduak ere gustura egoteko antzezlana dela azpimarratu du zuzendariak. “Obrako zenbait pasarte helduek hobeto ulertuko dituzte”. Antzezlanaren bitartez ikusleak mugikorraren gehiegizko erabilerak eta obsesioak sor-tzen dituen kalte eta desabantailez ohartarazi nahi izan dute eta, bide batez, pantailarik gabeko egunerokoa sustatu.

Era berean, haurrak eta nerabeak edertasun faltsuetatik askatzeko garaia dela iritzita, filtrorik gabeko argazkiak ateraz, telefono mugikor eta pantailetatik at, edertasun faltsuetatik kanpo bizi eta senti-tzeko garaia dela aldarrikatu nahi dute. Izan ere, Alegriak dioenez, gaur egungo pantaila eta edertasun dinamika arriskutsuek frustraziora eta lehiakortasunera eraman ohi ditu gazteak. Zer eta, isolamendura. “Hain hedatuta eta barneratuta dugun edertasunaren lehia maltzurrak benetako laguntasun zintzoetatik aldentzen gaitu”. Horregatik, Loti Ederrak maitagarrien ipuin baten bertsioa da, haurrek bertsio izateari utz diezaioten, eta egiazkoak eta benetakoak izan daitezen. “Maitagarriak izateari uzteko, benetako pertsonak izateko, argazkien filtroen eta sare sozialen mende egoteari utzi behar zaio”. Horrela, Alegriaren esanetan, norberak bere barneko edertasuna aurkituko du, benetakotasuna eta inguruarekiko errealitatea.

Mugikorraren gehiegizko erabilerak sortzen dituen kalteez ohartarazi nahi dute. glu glu produkzioak

Kantu eta dantza

Eszenaratze dinamikoa proposatzen du ekoiztetxeak. Ipuin klasikoa eta musikala uztartu ohi dituen formatuari jarraiki, antzerki musikala da, eta zuzeneko musikarekin, abestiekin eta dantzarekin osatzen da hari narratibo nagusia. Hala, Maitane Zalduegi arduratu da koreografiez eta Iñaki Maruri ahotsak zuzentzen aritu da. Kantuei dagokionez, zor-tzi bat abesti interpretatuko dituzte orotara obran zehar. Hamarkada ezberdinetako abesti ezagunen moldaketak egin dituzte, letrak egokituta, “publiko oro harrapatuko dituenak”. Oholtzan, bestalde, pantaila bertikal desberdinekin, “gobernatzen eta esklabo bihurtzen gaituzten” telefono mugikorren pantailak irudikatuko dituzte. Pantailak ere ispilu izango dira. Ispiluetan elkarri begiratzen eta elkar onartzen ikasi beharko dutelako protagonistek, beraietako bakoitza bakarra, desberdina eta paregabea dela ikusi, ikasi eta onartu. “Edo bestela ere, ispilu ahurrak izan daitezke gure antzezlanekoak, esperpentoa osatzen duten bezalakoak”, dio Alegriak.

Alegriaren gidaritzapean lau aktorek gorpuzten dituzte antzezlaneko pertsonaia guztiak: Andrea Covadongak, Jon Casamayorrek, Sara Barroetak eta Itxaso Quintanak. Orotara, dozena bat pertsonaia baino gehiago antzezten dituzte ordubete inguru irauten duen obran. “Erritmo handiko antzezlana da, oso arina”, adierazi du Alegriak. Halaber, estreinakoz eszenografia fisikorik ez dagoela azpimarratu du. “Pantaila batzuetara mugatzen da eszenografia. Hain zuzen, pantailekin elkar eragiten dute protagonistek”. Gaizkiñe protagonista maltzurra, esaterako, pantailetatik agertuko da. 

Sorkuntza prozesuari dagokionez, bestalde, ez da Alegria halako zerbaitetan aritu den lehen aldia. Badaramatza egitura antzeko hiruzpalau antzezlan zuzendurik ekoiztetxean. Dioenez, lantalde ezberdinak - jantzitzegia, talde teknikoa, musika - koordinatu ostean, oholtzaratu aurretik zenbait astez aritzen da talde artistikoa entsegu lanetan. “Elkarrekin urte asko daramatzagun lan talde bat gara, elkar oso ondo ezagutzen dugu eta arazo gabe moldatzen gara” . Ahalik eta lan txukunena aurkezteko lantaldea esperientzia duten aktoreek osatzeak ere lagun-tzen duela nabarmendu du. “Oso gustura aritu naiz oraingoan ere, gustuko dut lasai lan egin ahal izateko askatasuna ematea aktoreei beraien proposamenak egiteko”. 

Une polita igarotzeko energia erritmo handiko emanaldiak direla adierazi du Alegriak. Hain zuzen, bizitasun horrek jantzi, kantu eta interpretazioaren osotasunean erakargarritasuna eskaintzen dio istorioaren kontaketari eta, ondorioz, oso erraz ikusten eta kontsumitzen dira. “Badaude ikuskizunera behin baino gehiagotan etortzen diren familiak eta pozgarria da halako antzezlanekin emanaldietako sarrerak agortzen direla ikustea, are gehiago sektorean erreferentzialtasuna beste batzuek dutela aintzat hartuta”. Hala, antzezlanak teorian denok barneratua dugun mezu bat botatzen badu ere, noizean behin gogoratzea garrantzitsua dela dio Alegriak. Era berean, Euskal Herriko zenbait herritan martxan jarri duten Altxa Burua ekimenarekin ere bat egin nahi izan dute, haurrek mugikorraren erabileraren data ahalik eta gehien atzeratzeko eta beraien arteko komunikazioa hobetzeko ahaleginean. 

DATOZEN EMANALDIAK 


Bihar. Sopela. 18:00etan, Kurtzio Kultur Etxea.


Urtarrilak 13. Bergara. 18:00etan, Seminarixoan.


Urtarrilak 14. Zumaia. Emanaldi bikoitza: 12:30ean eta 16:30ean, Aita Mari Antzokian


Urtarrilak 18. Mungia. 17:00etan, Olalde Aretoan


Urtarrilak 20. Erandio. 18:00etan, Josu Murueta Kultur Etxean


Urtarrilak 21. Oñati. 17:00etan, Santa Ana Udal Antzokian


Urtarrilak 27. Tolosa. 18:00etan, Leidor Antzokian


Urtarrilak 28. Elgoibar. 16:45ean, Herriko Antzokian


Otsailak 3. Amurrio. 18:00etan, Amurrio Antzokian


Otsailak 11. Santurtzi. 12:30ean, Serantes Kultur Aretoan


Otsailak 17. Donostia. 18:00etan, Lugaritz Kultur Etxean


Otsailak 18. Durango. Emanaldi bikoitza: 12:30ean eta 18:00etan, San Agustin Kulturgunean


Otsailak 24. Hernani. 12:00etan, Biteri Kultura Etxean


Otsailak 25. Gernika-Lumo. 12:30ean, Lizeo Antzokian