Argazkilaritza lengoaia bat da eta lengoaia desberdinen artean, seguraski, dagoen indartsuena izango da, irudien bitartez lekuak edo pertsonak ez ezik, horiek gordetzen dutena ezagutu ahal izaten baitugu askotan. Baina gizakia ez da konturatzen irudi baten aurrean, ez dagoela soilik norbere begiek ikus dezaketena, baizik eta kamera atzean dagoenaren inguruko gauza asko ere jakin daitezkeela. Jesus Mari Arruabarrena argazkilari durangarrari bere lanak barruan daramana atera-tzeko balio dio eta irudien bitartez sentimendu desberdinak iradokitzen ditu. Bere azken sormenak Tamala izena dauka, eta bertan, inguruan izaten dugun dekadentzia eta iluntasuna erakusten saiatu da 58 argazkiren bitartez.

“Edertasun tipiko bat ikustera eta kontsumi-tzera ohituta gaude. Nire ahalegina da edertasunik ez dagoen lekuetan, toki ezohikoetan, edertasuna bilatzea. Hori da erronka”, adierazi du Arruabarrenak. Azken lan horretan ez du hasiera batean bilatzen zuen gai bat landu, baizik eta azken urteetan biltzen joan den argazkietan aurkitu duen lotura bat. Hala, aitortu du ez zuela ideia argi bat hasiera batean: “Abiapuntua ez zen izan era bateko edo besteko liburua sortzea. Denbora batez argazkiak ateratzen aritu naiz, eta halako batean konturatu nintzen bazegoela tonu edo giro berbera zituzten argazkiak”. Gai finko bat ez jarraitzeak sormen askatasun baten jabe izaten lagundu dio, “guztiz libre” arituz sormen lanean, azaldu duenez.

Hala ere, Tamala liburuak badauka nolabaiteko abiapuntua: hain justu, MOO izeneko bere aurreko lan batean; izan ere, inspirazio iturri berdintsuetatik edan dute biek ala biek. “Antzeko proiektu bat izan zen MOO ere, azken lan honen hazi bezala uler daitekeena. Liburu hura ere urbanoa zen, iluna, eta oraingoan lantzen ditudan kontzeptu batzuk ageri dira bertan ere”. Denbora luzez leku ilunetatik egindako bidaia honetan hainbat argazki batu ditu, eta galbahe lan handi baten ondoren, bere azken lana erditzea lortu du. 

Tamala argazki liburuan agertzen diren irudi gehienak kalean egindakoak dira, bat-batean aurkitutako momentu eta egoera zehatzetan egindakoak, argazkietan agertzen diren protagonistak konturatu gabe ateratakoak. Lan egiteko modu horrek poseetatik edo aurretiazko prestakuntza batetik aldendu, eta egia erretratatzen lagundu dio, lan zailagoa izan arren.

“Bi iruditan agertzen diren pertsonak bakarrik izan dira kontziente argazkia ateratzen ari nintzela. Beste kasu guztietan lapurtutakoak izan dira, nolabait. Horrek asko zailtzen du gauza, baina nire ustez hor dago egia. Ez da gauza bera pose bat lortzea edo kalera joatea zerbaiten bila. Bigarren formula hau zailagoa da”, azaltzen duenez. Jesus Mari Arruabarrenarentzat lan egiteko modu hori arruntagoa bihurtu da azkenaldian, hasiera batean argazkiak esplizituak izatetik, sinbolismo edo poesia ukitua duten lanak sor-tzea bilatu izan baitu gerora. “Niri azken urteetan gero eta gehiago gustatzen zaizkit “istripuz” sortutakoak; hau da, nahi gabe sortzen diren horiek. Beti harritzen nauen zerbait da, argazki on bat lortzeko izar asko bata bestearen ondoan jarri behar direlako. Inoiz kontrakoa ere gertatzen da, fede gutxirekin egindako argazkiak gero zerbait ona dakarrelako”.

Edertasunik ez dagoen tokietan, leku ezohikoetan, edertasuna bilatzen ahalegintzen da Durangoko argazkilaria Jesus Mari Arruabarrena

Jesus Mari Arruabarrenari argazkilaritzak ideiak transmititzeko balio izaten dio batzuetan, baina beste batzuetan - Tamala liburua, kasu- emozioak eta sentimenduak agerrarazteko ere balio izan dio. Bere hitzetan, “batzuetan egonezin bat izaten duzu barruan eta horrek kalera irten eta zerbaiten bila joatera mugiarazten zaitu. Inoiz pentsatu izan dut exorzismo moduko bat ere badela. Adibidez, zahartzaroari eta dekadentziari argazkiak atera izan dizkiot eta, agian, hortik aldendu nahi dudalako egin dut. Sentsazio berezi bat da”. 

Argazkigintza gero eta ohikoago bihurtu zaigu mugikorrei eta sare sozialei esker. Mundu honetan sakondu nahi duenak edo gauza gehiago deskubritu, argazkilari durangarra izan dezake erreferente. Sortzailearen ustetan, “esan daiteke edozein lan edo obra azkenean ikusleak bukatzen duela”. Ezjakintasunaren ustea baztertzea gomendatzen du durangarrak; “ez da ulertze kontua, askoz gehiago da ze jarrera daukazun. Egon zaitez zabalik, ikusi aurrean daukazuna eta egin zure interpretazioa. Ez da behar hainbeste jakin-tza, baizik eta jarrera zabal bat”. Gehiago jakin nahi duenak Tamala argazki liburua dauka eskuragarri.

Ez da liburu dendetan erraz aurki daitezkeen horietakoa, ale gutxi atera baitira; hala ere, laster, Bilboko Arte Ederren museoaren aurrean dagoen Blackkamera argazki eskolan aurkeztuko du bere azken lana eta bertan, erosteko aukera izango du interesa duen edonork.