Korapiloetatik abiatuta, materialen arteko lotuneak egin ditu Xare Alvarez Berakoetxea (Donostia, 1990) artistak. Arte Ederretako ikasketak egin zituen Bilbon eta Parisen. Eta sari andana jaso du bere ibilbidean, tartean Guggenheim Museoak ematen duen Eginberri edo, Espainiako Gazteen Institutuak ematen duen INJUVE diru-laguntza ere jaso zuen 2017 urtean. Ez dira gutxi, halaber, Euskal Herrian nahiz nazioartean egin dituen erakusketak: Pulso (2022), Altxerri Galerian; Baginen, bagara (2021), San Telmo Museoan; Un momento atemporal (2020) Madrilgo Tabacaleran; BiDosTwo (2018), Azkuna Zentroan; Orsal (2017), Pabeko (Frantzia) Bel Ordinaire espazioan; edota Guéoir (2016), Frantzaiko Delme hiriko Atelier del CAC La Synagogue-n.

Berriki ondu du NUDO, URDIMBRE, HILVÁN / LOTUNE arte-instalazioa. Donostiarraren esanetan, bere orain arteko lanaren jarraipena da honakoa, baina beste praktika batzuen bitartez egin du. Hiru urte atzera ereindako hazien fruituak ikusi daitezke jada Bilboko La Taller aretoan. Maiatzaren 12ra arte egongo da bere lana bertan.

Nola sortu zen proiektuari ekiteko ideia?

Erakusketa hau 2020an sortzen hasi zen. Maite Martinez de Arenaza San Telmo museoko proiektu baten harira ezagutu nuen eta ordutik harremana mantendu dugu. Orduko hartan, La Taller galerian erakusketa bat egitea proposatu zidan Martinezek. Hala bada, hilabeteak eman genituen grabatuak estanpatzen beste erakusketa baterako, eta, azkenik, erakusketa honetan ikusgai dauden piezak garatu ditugu, eta esan dezaket, neurri handi batean, ikaskuntzaren eta aurrez garatutako prozesuen emaitza direla egindako piezak.

“Erakusketa osotasun gisa egituratzen da. Ariketa bera egin dut euskarri desberdinetan”

Korapiloak egiten dituzula diozu aurkezpenean. ‘Lotune’ izena ere badu erakusketak. Zer iradoki nahi duzu horrekin?

NUDO, URDIMBRE, HILVÁN erakusketaren izenburuak zuzenean aipatzen ditu nire praktikari eusten dioten elementu garrantzitsuak: forma, materia eta prozesualtasuna. Korapiloak, beraz, formari dagokio. Erakusketa korapiloz osatuta dago; esekita, tolesturik, isurtzen, askatzen edo flotatzen duten forma organiko, pendular eta bigunen sintaxia. Irazkiek [Urdimbre hitzaren azalpenaz] lanaren egitura materiala aipatzen dute. Ehundura beroek, inguru uhintsuek, kurbek, tolesturek eta gainazal zimurtsuek osatzen dituzte ukipen-izaerako objektu eskultorikoak, grabatuak eta ehunezkoak. Pieza guztiak hariz eta zuntzez osatuak daude, irazki gisa, elkarri lotzen dira egitura osatuz eta lanaren erro materiala konfiguratuz. Hilván terminoak prozesu-dimentsioa adierazten du, eta nire metodologiarekiko analogia bat ezartzeko aukera ematen dit. Ehungintzan, harilkatzeak, ondoren josi behar dena hariz lotzea esan nahi du. Behin betiko fasearen aurretik, patroiaren piezak puntu luzeekin josten dira, eta behin-behineko jantzia egiten da. Ildo horretan, erabiltzen ditudan prozesuek -hala nola, jatorrizko piezara metal urtua isurtzea, eta, aldi berean, pieza hori suntsitzea, forma iraunkorrak bihurtuz- nagusiki eskuz egiteko moduari erantzuten dioten keinuak, markak eta inperfekzioak erakusten dituzte, haren garapenean hilván-fase edo aldia, erabakigarria dela adierazten dute.

Material desberdinak erabili dituzu. Zer dela eta?

Erakusketa osotasun gisa egituratzen da. Ariketa bera egin dut euskarri desberdinetan. Hau da, niretzat, grabatuak eta oihalak ez dira eskultura-ekoizpenaren mende hedatzen, baizik eta bere barne-logika duen medio independente gisa. Eskultura mailan, materialen aukeraketak esperimentazio-prozesuarekin du zerikusia, eta horrek, gorpuzkera arina dutenak, forma malguak eta moldekagarriak dituztenak, azken batean aldagarriak direnak, kontuan hartzera narama. Soka edo ehuna, esaterako, prozesua errazten dute, eta, era berean, manipulazioaren, proben eta keinu eskultorikoen arrastoak ikus daitezke bertan. Artisau-materialen eta material industrialen arteko dialektikak, dikotomia gogor-bigunak, hariak, sareak eta kordeleriak osatzen eta artikulatzen dute lana, afektuei lotutako materialtasunaren esplorazioa agerian utziz. 

Aurkezpenean, era berean, esaten duzu materialak manipulatzeaz gain, apropiazioa eta testuinguru aldatzea egiten duzula. Zer esan nahi duzu horrekin? 

Erabiltzen ditudan prozeduren bidez, materialez jabetzen eta testuingurutik ateratzen saiatzen naiz. Zentzu horretan, eraldaketaren nozioa funtsezkoa da eskulturetan eta marrazkietan inplikatutako prozesuetan eta desplazamendu bat sortzeko aukera ematen dit. Estrategia metodologiko honen bitartez, helburua da piezek beren parametroak ezartzea, eta beren forma autonomoa gorpuztea prozesu-dimentsio batetik abiatuta. 

“Prozesua beti dago une altuz eta baxuz beteta. Ustekabeko topaketak, edo ustekabeko konponbideetara iristeko bidezkoak”

Eta materialak nola lantzen dituzu?

Nire sortze-prozesua prozedurazkoa da, eta materialekin etengabe esperimentatzean datza. Hartara, formalizazioa zehaztu egiten da. Modu horretara, eraldatze-prozesuak, fundizioan garatzen ditudanak besteak beste, erabiltzen ditudan materialak zehazten dituzte. Prozesu eskultorikoari dagokionez, nik jatorrizko pieza lantzen dut, ehunak izaten dira batez ere. Normalean, parafina edo argizari bainuak ematen dizkiet, hala, gogortu daitezen. Ondoren, pieza likido zeramiko batean murgiltzen ditut. Zeramika horrek, lehortzerakoan, bilgarri bat sortzen du, eta horri isurbideak gehitzen zaizkio. Azkenik, urtutako metala isurbideetan zehar botatzen dut, metalak jatorrizko pieza erre, materiala desagerrarazteraino, eta bere lekua hartzen du. Premisa horretatik abiatuta, kontuan izan behar ditut plastikoaren, ehunaren, edo sokaren ezaugarri materialak, 900 gradutan kiskali behar direnak. Beraz, materialen aukeraketa, neurri batean, hura transformatzeko erabiltzen dudan prozeduraren araberakoa da. Bestalde, paper gaineko grabatuak eta oihalak prozesu-izaerako marrazkiak dira, eta ukimen-izaera da euren ezaugarri nagusia. Espazioan hedatzen diren kordelak izan dira marrazkien abiapuntua. Azetatoaren gainean punta lehorra irristatzeko euskarri gisa balio duten forma ebaki eta leunduak erabiltzen ditut, ebaki sotil, arin eta erritmikoak eginez, bolumenak edo espazio-mugaketak iradokitzen dituzten eta eskulturen forma eta azalerekin hitz egiten duten forma bigunez osatzen dira.

Prozesua bera, nola bizi duzu?

Prozesua beti dago une altu eta baxuz beteta. Ustekabeko topaketak, edo ustekabeko konponbideetara iristeko bidezkoak. Hainbat euskarritan lan egiten dut aldi berean, eta haien artean kutsatzen dira. Erakusketa honetan, adibidez, grabatu serie oso bat paper gainean estanpatu eta eskulturarekin erlazionatu ondoren, bien arteko topaketa horrek sortzen zuen diskurtsoa ez zela inondik ere artikulatu nahi nuena konturatu ginen. Une horrek edukia teknikatik birpentsatzea ekarri zuen, eta metodologia desberdina erabiltzea aurkikuntza hutsa izan zen. Ildo horretan, akatsak erabakigarriak dira prozesua zuzentzeko orduan. Deriba horiek ustekabeko lekuetara eramaten zaituzte eta horrek ematen dio zentzua tailerreko praktikari.

Zer ikusiko du bertaratzen denak, beraz? Hau da, nola osatu duzu instalazioa? 

Erakusketa, alde batetik, aluminio urtuz eginiko hiru eskulturak osatzen dute. Hasiera batean, puntuzko ehunez egin nituen eskulturak, gerora aldatu ditut. Horietako bi paretan tolestu eta eusten dira, eta hirugarrena sabaitik zintzilik dago. Pieza horiek formatu handiko punta lehorreko grabatu batekin artikulatzen dira, hiru marrazkiz osatutako sekuentzia batekin. Ezkerraldea, lihozko ehun brodatu batez, artilezko hariz egindako brodatu txiki batez eta gofratu batez osatuta dago.

Donostiarrak orain arteko lanaren jarraipena egin du. Jose Mari Martinez

Zer alde du aurretik egin dituzun lanekin?

Erakusketa honek azken urteetan egindako lanari jarraipena ematen dio. Nire lanaren gakoetako batzuk pieza berrietan mantendu diren bitartean, metodologiari, prozedurei, materialei edo espazioa artikulatzeko moduei buruzko beste dinamika batzuk praktika berri gisa agertzen dira funtsean.

Maiatzera arte ikusi ahalko da Bilbon. Eta gero? Ba al duzu asmorik erakusketa hau beste lekuren batera eramateko?

Ez, erakusketa hau La Taller-en hasi eta amaitzen da. Jakina, piezak beste pieza batzuetan eta beste testuinguru batzuen arabera artikulatu daitezke, erlazio berriak sortuz, baina, oraingoz, hori ez da buruan dudan zerbait.

“Nire sortze-prozesua prozedurazkoa da, eta materialak etengabe esperimentatzean datza”

Beste proiekturik baduzu eskuartean?

Normalean ez dut lana proiektu-logika baten arabera garatzen, modu prozesual eta iraunkorrean baizik, tailerrean egunero lan eginez. Dinamika horretan lanean jarraitzea espero dut.

Dinamika horretan, zer asmo duzu aurrerago?

Grafikan sakontzen jarraitu nahi dut. Oso euskarri eskertua da eta paperaren materialtasunarekin lan egitea gozamena da. Aluminio urtua ere esploratzen jarraitu nahi dut; izan ere, prozedura orain arte landu dudan arren, aluminioa erakusketa honetan lehen aldiz erabili dudan materiala da.

Gaztea izanagatik ere, ibilbide luzea duzu. Hainbat erakusketa, EHn eta nazioartean ere. Ibilbide hori egitea, erraza izan al da?

Orain arte egindako lanari dagokionez, hurbilketak izan dira, nolabait. Oraingoz, esan dezaket hasieran besterik ez dela hau.