Jokin Pinatxok Azken Trena atzean utzi eta geltoki berriak ezagutu nahi ditu. Lagunekin sortu zuen musika talde hura desegin zen; beste bati bidea eman dio orain. Janus Lester proiektua dakar Pinatxok, konfinamenduan ondutakoaren emaitza. Ihesean baina etxean; ateak itxita eta begiak zabalik sortu du Janus Lester. Zazpi musikari dira, eta horietako batzuk lehenagotik ezagutu ere ez zituen egiten. Mattin Arbelaitz, Garazi Esnaola, Ane Bastida, Andoni Arriola, Javi Echarri eta Julen Suarez ditu orain bidelagun eta pozik dago esku artean duenarekin. "Uste dut Janus Lesterren topatu dudala modu askoz zuzenagoa nire musika islatzeko. Zazpi pertsonako banda bat izanda, aukerak ematen dizkit nire bajoiak abestietan islatzeko eta baliabide pila bat ditut, baita ere, momentu onak islatzeko. Azkenean, kanta guztiak nik sortutakoak dira eta Janus Lesterren, azkenean musikak, nolabait, nire bizitzaren kaosa islatzen du. Oso emozionala da", azaldu du. 

Argia ikusteko prest da euren lehenengo lana: 'Ez gaitzala loak harrapatu'. Orain begiak itxita eta ateak zabalik dituztela dio Jokin Pinatxok, "gure umezaroarekin konektatu eta, begiak itxita, errealitatea guztiz ikusi gabe, jarraitu behar dugulako aurrera. Inozentzia puntu horrekin. Horregatik diskoak izena du Ez gaitzala loak harrapatu; eta horregatik, inozentzia horren barrenean, nahiz eta kaos emozional batean bizi, begiak itxita aurrera goaz", azaldu du. Bederatzi abestiz osatuta dago diskoa, eta bizitzaren A aldeko momentu zoriontsuak, B aldeko momentu ilunak eta ate birakariak islatzen dira letretan. "Diskoko abesti guztiek biltzen dute ideia emozional hori", azpimarratu du Pinatxok.

Harrerarekin gustura

Hiru abesti kaleratu dituzte orain arte. Uda baino lehenago aurkeztu zuten Maitasuna tabu. "Uda baino lehenago atera genuen eta entzuleengandik jaso duguna guretzat izugarria izan da", aipatu du. Euskal Herri osoan jende askori heldu zaiola dio, eta espero ez zituzten zenbakiak ikusi dituztela. "Bi urte eta gero zure lehenengo abestia ateratzea eta horrelako oihartzuna izan duela ikustea oso polita da".

Uda ostean atera zuten 'Ez gaitzala loak harrapatu' bigarren singlea eta diskoari izena ematen diona. Gainera, lehenengo bideoklip profesionala abesti horrekin grabatu dute. "Esperientzia bezala ere bikaina izan da, eta harrera ere oraindik ona izaten ari da". Azken aurkezpen kanta, hirugarrena, Dap Dap izan da, duela gutxi lehenengo aldiz entzun dena. 

"Beti pentsatu izan dut ameslaria naizela, eta asmoa hasieratik izan da buruan nituen ideiak abesti onetan islatzea eta egindako lanarekin gustura geratzea. Horrekin batera, nire musika ahalik eta jende gehienarengana heltzea izan da nahia, eszenatoki handietan jotzea, eta uste dut poliki-poliki gure amets horretara hurbiltzen ari garela". 

Musika propioa dakar Janus Lesterrek, pop estiloan sartu daitekeena; baina Pinatxo ez da inoiz etiketa zalea izan. Ukitu elektronikoak, funk-a eta indie estiloko zenbait estrofa dakartza taldearen musikak, baina zein estilo lantzen duten galdetuta, pop estiloan kokatzen du bere musika: "Gure kontzertuak ikustean izango dira momentuak dantzatzeko eta B aldeko gauzekin gogoratzeko. Horregatik uste dut pop munduan biltzen dela". 

Mugetatik kanpora begira

Udazken bukaeran eta abendura arte aurkezpen kontzertuetan murgilduta izango da taldea. Areto eta saletan joko dute, eta sare sozialen bitartez emango dute horien berri. Ostean, uda partera, kalean jotzeko aukera izango dutela aipatu du Pinatxok, Euskal Herriko plazetan. Baina Jokin ameslariaren ametsa Euskal Herritik kanpoko aretoetara jauzi egitea dela ere aitortu du. Zaila izango dute udan kanpora ateratzea, baina baliteke aukera sortzea. Katalunia, Zaragoza edo Madril aldera joateko gustatuko litzaiokeela esan du. "Estatuan kontzertuak emateko aukera izango bagenu, primeran; esperientzia hori bizitzeko eta horretatik ikasteko. Ametsak betez joatea litzateke, poliki-poliki". Izan ere, entzule bezala leku itxi eta beroetan beti gustura egon dela aitortu du Janus Lester taldeko abeslariak, eta areto itxietan ere giro ederra sortzeko aukera izango dutela uste du.

Oraingoz, azaroaren 30ean Donostiako Kutxa Kultur klubean emango duten aurkezpen kontzertuan izango dute esperientzia hori probatzeko aukera. Hori bai, kontzertu intimoa izango da, lagunartekoa. Azkar pasatu diren arren, bi urte eman dituzte proiektua sortzen, eta ondoan izan dituzten horiei laguntza eskertu asmoz, haientzat emango dute kontzertua. "Dena den, gainontzekoentzat egun horretan bertan diskoa plataforma denetan egongo da entzungai, eta euskarri fisikoan ere egun horretan aterako dugu".