Artearen bueltan ibili da beti Irati Bilbao (Durango, 1992): antzerkian, artearen historian, musikan… Aurretik hain garbi ez izan arren, orain badaki bere lekua oholtza gainean dagoela, abesten. 2020. urtean lehenengo diskoa kaleratu zuen gazteak, 'Begin', baina pandemiaren ondorioz ezin izan zuen behar bezala aurkeztu. Kontzertuak ematen ibili da orain, azkenak Hondarribian Jazz eta Goierriko Jazzaldian. Uda parterako diskoarekin kontzertuak aurreikusiak ez dituen arren, beste proiektu batzuetan ikusteko aukera egongo da.

Irlandan egon zinenean konturatu zinen musikaria izan nahi zenuela.

Bai. Egia da ni betidanik izan naizela musika ikaslea. Txikitatik egon naiz musika eskolan, zeharkako txirula jotzen nuen. Baina ez nuen inoiz ikusi nire burua flautista moduan, 'hobby' baten moduan hartzen nuen. Gero unibertsitatera joan nintzen, artearen historia ikastera eta, bukatzean, ez nekienez zer egin, Irlandara joan nintzen. Han urtebetez egon eta gero konturatu nintzen gehien faltan botatzen nuena abestea zela. Joan baino lehen enpresa batean ibili nintzen abesten, ekitaldietan eta abar. Bueltatu nintzenean klaseak serio hartzen hasi nintzen eta horretara bideratzen.

Musikenen egin dituzu ikasketak, nolakoa izan da etapa hori?

Nire bizitzako urterik onenak izan dira. Beno, azkeneko urtea izan ezik, 2020, pixka bat gorabeheratsua izan baitzen. Amets bat izan da han sartzea, asko ikasi dut eta gainera nire kideekin zorte itzela izan dut. Jazz ikasketetan oso jende gutxi izaten gara, bi plaza daude instrumentu bakoitzeko eta hogei bat pertsona gara kurtso bakoitzean. Nire kideak oso jatorrak izan dira, harreman ona sortu dugu eta haiekin grabatu nuen diskoa ere. 

Zergatik Jazz-a?

Enpresa batean hasi nintzen abesten, esan dudan moduan, eta bertan edozein estilotan murgiltzeko prest egon naiz. Nik soul musika entzuten nuen gehiago, Aretha Franklin eta horrelakoak. Egun batean Ella Fitzgerald-en 'All of me' kanta entzun nuen, bere soloa, eta maitemindu egin nintzen guzti horretaz. Ikasten joan ahala ikusi dut jazzak, interprete moduan, askatasun izugarria ematen dizula; ez zara beti kantaren esklabo egon behar. Jazzean zugandik espero dena zure interpretazioa, zure bertsioa da. Kasik egunero zeozer ezberdina eskaintzea. Guzti horrek asko harrapatzen du eta musikari moduan interesgarria iruditzen zait.

Nola sortu da 'Begin'?

Ia nahi gabe sortu da diskoa, egia esan. Mecca Recording Studio-k hitzarmena dauka Musikenerekin eta baldintza onak eskaintzen ditu bertan ikasten duten musikarientzat. Grabatzeko aukera ikusi nuenean, nire kideekin batera kanta batzuk prestatuta genituenez grabatzea erabaki genuen. Hasieran helburua ez zen disko bat sortzea, baina, grabaketa bukatzerakoan, kide guztiek esan zidaten hori ez zela grabaketa soil bat, hori disko bat zela eta atera beharko nukeela. Azkenean atera nuen eta oso pozik nago, oso polita izan da.

Nola deskribatuko zenuke 'Begin' diskoa?

Oso anitza da, jazz disko bat da baina estilo diferenteak ukitzen ditu. Konposaketa klasikoak daude, baina badaude batzuk modernoagoak edo europarragoak direnak. Zerikusia badauka ere gaur egungo korronte batzuekin, pop musikarekin badauka lotura… Pixka bat denetik dago, gustu guztietarako. Nire aurkezpen karta da, lehenengo diskoa, eta oso pertsonala da.

Zer izan da diskoa sortzeko unean politena?

Politena nire kideekin partekatzea izan da. Kantak edo moldaketak nireak izan arren entsaioetara eskeletoak eraman ditut eta haiek proposamen asko egin dizkidate eta asko jarri dute disko honetan. Oso hunkigarria izan da hau haiekin partekatzea eta benetan eskertzen diet prozesu guzti honetan nirekin egon izana.

Eta zailena?

Kontzertuak aurrera ateratzea izan da zailena. Diskoa 2020 urteko udazkenean atera zen, agian disko bat ateratzeko momenturik txarrena (barre egin du). Aurten ematen du norabide aldaketa hartu duela honek eta badirudi gauzak mugitzen ari direla.

Batzuetan esan ohi da jazz-a elitista dela, zer iritzi duzu horren inguruan?

Uste dut dela gauzak ahazten direlako. Jazza, 30eko hamarkadan batez ere, gaurko reggaetoia bezala izan zen, modako musika zen, irratian entzuten zena. Egia da, historia aurrera joan ahala, beste hizkuntza bat garatzen joan zela. Uste dut jendea jakinminarekin hurbildu beharko zela jazz-a entzutera. Nire gurasoei beti esaten diet jazza rock and roll-a bezalakoa dela. Elvis Presley rock-a da eta Pink Floyd ere bai, eta ez daukate zer ikusirik. Jazzean ere ez dauka zer ikusirik gauza klasiko batek edo Big Band batek, free talde batekin. Euskal Herrian, dauden jazzaldi guztiekin, aukera daukagu hurbiltzeko eta musikarien erantzukizuna da estilo hau publikora gerturatzea.

Zeintzuk dituzu hurrengo kontzertuak?

Momentuz uda honetan ez dut nire diskoaren kontzerturik aurreikusita, baina baditut beste proiektu batzuk. Donostiako jazzaldian Eva Alcaiderekin jotzen dugu eta emanaldi batzuk dauzkagu Sarrabete taldearekin ere. Bestetik, 'Bidaia on amona Braulia', haurrentzako antzerki musikatuaren emanaldiak ere baditugu. Getxoko Jazzaldian egon ginen duela gutxi eta horrekin badauzkagu udazkenera begira hainbat emanaldi.