Herri batean jaio eta hezi naiz, eta bizitzaren tarte luze batzuetan hirian bizi izan naiz. Egun hirietara joatea, eta atzerriko metropoli handietara gehienbat, etorkizunera joatea modukoa da. Bertan ikusten eta pairatzen diren arazoak, urte batzuetako diferentziarekin iristen ziren gurera (gurera a.k.a zazpi euskal probintzietan). Orain dela urte batzuk Bartzelonan bizi nintzen. Bertan bizi genituen problematikak eta ikusten genituenak, gurean ez ziren horren azalekoak. Egun aldiz, arazo haiek hemen dira eta oso presente daude.

Berriki Berlinen izateko aukera izan dut. Paradigma eta arazo berriak identifikatzeaz gain, problematika hauei erantzuteko modu berriak ezagutu ditugu (asko, gurera ekar daitezkeenak). Bidai honetan B jaunak elkarrizketa batean David Simon-en obra azaleratu zidan eta bereziki bere azken lanaren izenburuak harrapatu ninduen: We Own This City ('Hiri hau gurea da'). Telesail estatubatuar laburra da, George Pelecanos-ek eta David Simon-ek HBOrako sortua. Izenburuari bueltaka, lehen galdera honakoa da: Norena da gure hiria?

Serie honetan indarkeria poliziala mahai gainean jartzeaz gain, hirian aurki daitezkeen bestelako biolentziak ikus daitezke (spoilerrik ez egiteko hemen geldituko naiz). Orokorrean uste dugu hiria bere baitan biolentziak jasotzen edo pairatzen dituen eszenatoki bat dela. Haatik, esan beharra dago hiriak ere biolentziak sortzen dituztela. Eta ez naiz ari biolentzia fisikoaz, esanahi eta definizio zabalean hitz egiten dut. Arkitekturek eta hirigintza planak, esaterako, herritarren beharrak asetzeko lanabesak izan behar dira, normalean bestelako helburu batzuetarako erabiltzen diren arren. Atzera ezinezko ondorioak eragiten dituzte gure bizitzetan, eta hori ere indarkeria da. Kontzeptuari bueltaka, bigarren galdera honakoa da: nolako biolentziak sortzen ditu eraikin batek?

Orrialdeko proiektuak aipatutakoetatik asko ditu. Donostian kokatuko den eraikinak tektonikoki interesgarria ematen du eta hasiera batean erakargarria dirudi. Egia da egileen aldetik apustu estetiko bat nabari dela eta hiriak (politikariek) urteetan bilatu dituen obra faraonikoen tankera duela. BIG estudio danimarkarrak 'Olatuen bidea' proiektuarekin irabazi du lehiaketa. Ekidaren forma eskalonatua (eta sekzioak) olatu batzuen gisa ulertu daiteke, testuinguruari keinu bat eginez edo hiritarrei saltzeko metafora merke batean geratuz. Egia dena da modu honetan inguruan hobeto txertatu daitekeela eta beirateen erabilerak eraikinaren dimentsio handiaren pertzepzioa txikitzen duela. Itxura txukuneko eraikina izan daiteke. Hala ere, proiektu honek beste arrazoi batzuengatik izan du oihartzuna. Eta normala da, honen atzean guztiak denak zalantzak sorrarazi dizkit.

Aipatutako eraikinak Basque Culinary Center hartuko du. Hasieratik ez ulertzea eta haserrea sortu du honek. Auzoak, eta hiriak orokorrean, beste behar batzuk dituelakoan nago (etxebizitza soziala, azpiegitura publikoa, berdeguneak... ) eta zalantzagarria da unibertsitate berri bat baldintza hauetan eraikitzea.

Erabilera pribatuko eraikin bat sortzeko lurzoru publikoaren lagapena gauzatuko da (75 urterako), hiritarrei eta auzoari espazio bat kenduz. Ondare publikoko eremu hau erabilera pribaturako emateak, inguruaren garestitzea eraginez eta are eredu elitistago bat ekarriko du auzora. Komunitate erabilerako lursail bat oparitzeko eskuzabaltasun gutxi izan balitz, unibertsitate-zentro pribatu bat eraikitzeko, diru publikoko 24 milioirekin osatuko da oparia.

Bestetik, eraikuntza honekin, Gros auzoan geratzen den berdegune zabal bakarra kentzen ari dira. Teilatu zapalgarriak eta bertan begetazioaren erabilerak honi erantzuten omen dio. Instituzioen arabera Manteo berrantolatzeak 5.200 metro karratu berdegune baino gehiago sortzea ahalbidetuko du, auzoko defizit historikoetako bati konponbidea emanez. Beste iturri batzuk diote egungo azalera berdea 13.215,16 metro karratua dela. Gainera, inguruko zuhaitzen desagertzea eragingo du, kutsadura akustiko eta atmosferiko handiagoa sortuz. Alde honetatik ere, esan daiteke auzoa galtzen ateratzen dela.

Bizilagunen desplazamendua, alokairuen igoera, gentrifikazio berdea... eta gauza gehiago emango dira, beste hirietan gertatu bezala. Finean, biolentzia(k). Zoritxarrez, proiektu honek Donostiaren beharrei erantzun ordez, egungo problematikak sakonduko ditu, BCC atzean daudenei poltsikoak diruz betez gure hiriaren izenean. Hiriak "gurea" izaten jarraitzea nahi badugu gure beharrak asetzeko arkitekturak eta planak egin beharko dira. Eta azken galdera, gobernantza eredu berrien garai hauetan horrelako proiektuek kabidarik dute zuen/gure hirian?