Eme hizkia du goiburu Erika Lagoma Pombarren eta Estitxu Fernandez Maritxalarren azken lanak. Emea, kontsonante bakarra eta aldi berean hainbat hitzen muina: ama, eme, ume, eta bere tasun, keria eta eratorri guztiak. Ama da (amak, zehatzago esan beharko) liburu honen ardatza, hitz bakar bat, bere soiltasun eta aniztasun betean, hainbat eta hainbat identitate eta bizipenen ordezkari.

Ama da eta ez guraso, euskarazko alternatiba parekidetzat hartzen den termino hori. Ama da liburuaren hamaika protagonistek hala nahiago izan dutelako egileek galdegin dietenean, ordezkatzen dituelako, aldarrikatu beharreko adiera politikoa deritzotelako eta, hitzaurrean June Fernandezek jakinarazi bezala, ez omen delako jendartearen eraikuntza sozial bat, adiera primitibo bat baizik, "hizkuntza gehienetan antzera ahoskatzen dena, umeek hitz egin aurretik zezeltzen dutena".

Amatasun feministen erreferentzia faltak jarri zituen Erika Lagoma eta Estitxu Fernandez elkarlanean. 2019ko azaroan Durangon antolatu ziren V. Jardunaldi Feministak izan ziren lehen mugarria. Egitarauko hitzaldi guztien artean bakarra izan zen amatasunaren ingurukoa. Bertan jabetu ziren denek faltan izan zutela ama izan aurretik amatasuna bizitzeko modu desberdinen berri izatea. Gehienek eredu konkretu bat zuten buruan, hots, super-ama-feministarena, amatasunak inongo trabarik eragingo ez zionaren ama aktibo, militante, sozial eta indartsuarena. Ama izan ondotik, irudipen hori "fantasia" bat dela ikusi dute bai Lagomak, bai Fernandezek eta baita beste hamaika amek ere. Hala, hitzalditik ateratzekoan Lagomak proposamena luzatu zion kideari: "Guk hau egin dezakegu, testigantzak bildu eta liburu batean eman beste eredu batzuk, inposatutako amatasunetik ateratzen direnak".

Hamaika, milioika

Esan eta egin, ez tartean lan sakon eta eskergarik gabe. Hamaika emakume eta bi gizon bildu dituzte 'M ama* eme* ume*'-n (Elkar, lekuko saila, 2022): batzuk ama bakarrak, ama lesbianak, erditu ez diren amak, ama ez izatea erabaki duen emakume bat, bi aita... Beste hainbeste kategoriek zeharkatzen dituzte: eritasunak, indarkeria obstetrikoak, indarkeria matxistak, arrazakeriak... Hamahiru testigantza eta bizipen, inolako sinplifikazio eta orokortzerik gabe.

Erika Lagomak azaldu duen bezala, ertzak jaso nahi izan dituzte, baina "ohiko amatasuna ahaztu gabe". Jakin badakite munduko ama gehienak ez direla kabitzen inposatutako eredu zorrotz batean (izan mutur batekoa edo bestekoa), eta tarteko ostadarra koloreztatzeko ahalegina baino ez da hau. Lagomak azpimarratu du: "Guk beti esaten dugu liburu honek entziklopedia bat izan beharko lukeela, digitala, gainera".

Lehenengo pertsonan jaso dituzte testigantzak, zuzen-zuzenean. Mimoz zaindu dute hizkuntza, baina puztu gabe, natural-naturalean, zentroan bizipenak jarrita. Nolabait, sentiarazten dute protagonista guztiak aurrez aurre daudela, paperean bada ere.

Eztabaida plazara 'M ama* eme* ume*' eskuetan hartzen duenak - eta irakurtzeko parada hartzen duenak, noski - ama perfektuaren irudia arrakalatzen duten bizipenak jasoko ditu. Frustrazioak, beldurrak, erruak, sakrifizioak, nahigabeak, ahalduntzea, maitasuna... itzalak eta argiak. Aurkituko ditu indarkeria forma desberdinak jasan dituztenak, euren gogoeta berdinak izan dituztenak... Topatuko ditu feminismotik amatasuna eraiki dutenak eta deskubrituko ditu amatasunak feminismora eramandakoak. Islatuta ikusiko du bere burua batzuetan, milaka zatitan hautsita besteetan, baina, ziur asko, besteen esperientziak irakurtzeak lagunduko dio bereak kokatzen eta beste esanahi bat ematen.

'M ama* eme* ume*' leitzen duenak ez du bere buruhausteen azalpen eta justifikazio saiatu bat aurkituko. Gordin gordinean, bere frustrazio horiek guztiak - edo horietako batzuk, bederen - aurkituko ditu paperean, eta jakingo du, bakardadean sufritutako horiek, inork ulertuko ez zuela pentsatu zuen une horretan bertan, beste hamaika amek antzera bizi zituztela. Horrela azpimarratu du Estitxu Fernandezek: "Guk ez genuen teorizatu nahi, ez genituen gure ideologia eta gure bizipenak markatu nahi, ildo horretan eztabaidarako amatasun feministen nolabaiteko definizio bat proposatzen eta hainbat gako ematen saiatu gara, aitzitik, bizipenak dira lanaren ardatza".

Liburuak bizitza propioa izatea nahi dute, eztabaidarako gonbita. Nola edo hala, hasi da bide hori urratzen. Lehen irakurleetako askok sendagarria izan zaiela aitortu diete, lagundu baitie konturatzen haiek bizitakoak ez zirela kontu indibidual bat, ama askok bizi duten zerbait baizik. Baina, amez gain, ama ez direnengana eta gizonengana ere iritsi nahi dute: "Amatasunaren gaia ez da hasten norbera ama denean, zeharkatzen gaitu gure bizitza osoan zehar", azaldu dute. Haiei irakurtzea gustatu izango litzaiekeen liburua dela azaldu dute egileek. Orain, liburua aitzaki hartuta eta jakinik haiena gaiaren inguruko beste ekarpen bat dela, plazara ekarri nahi dute gogoeta, behingoaz, amatasun feministen inguruan.