Gizartea indartzen eta aberasten da kulturari esker. Kultura gizartea sortzen eta birsortzen ari da etengabe. Eta horretarako nahitaezkoak dira kulturgileak. Askotan ezkutuan lan egiten dute, inork ez daki nortzuk diren, zertan dabiltzan edo zer daukaten esku artean, baina ezinbestekoak dira. Metrokoadroka Kultur Elkarteak kulturgile anonimo horietan jarri nahi izan du fokoa estreinatu berri duen obran. "Zerk mantentzen du kultura bizirik? Nork, nola? Horren inguruko gogoetak dira, oso modu poetikoan emanda" azaldu du Idoia Beratarbide (Oiartzun, 1977) ilustratzaileak. Bera da antzezlanaren zuzendarietako bat. Gaiaz hausnartzeko eta gauzak birplanteatzeko galderak proposatzen ditu "Bidaide" obrak.

Igaro den urtean Udalbiltzak Geuretik Sortuak proiektua aurkeztu zuen, euskaraz egindako kultura sustatzeko. Kulturaren alor desberdinetan zentratuz, Euskal Herriko hainbat herrietan ekimen anitzak burutzeko proiektua izan da.

Artista bakoitzari herri bat esleitu zaio eta bertan aste batzuk igaro dituzte haien artelana sortzen. Literaturaren kasuan eleberri bat, zinemagintzaren kasuan film labur bat eta abar. Kasu honetan, Metrokoadrokak antzerkia landu du.

Atarrabia eta Uharten izan dira artistak eta herriak bisitatu eta bertako historia ezagutzeaz gain, herrietako kulturgile anonimoak elkarrizketatu dituzte.

Gauza ezberdinak kontatu dizkiete baina antzekotasunak ere aurkitu dituztela dio Beratarbidek: "Kulturgintzako ikuspegi desberdinak, balio ezberdinak, jarrera ezberdinak ere. Jende asko elkarrizketatu dugu eta bakoitzak bere bizipenetatik kontatu digu. Bizipen ezberdinak jaso ditugu baina, modu batean, gauza berdinak ere. Jaso duguna da orokorrean bi herritan kultura herri jaiera oso lotuta dagoela".

Proiektu hau, modu batean, ikerketa bat bezala hartu dute ere artistek. Elkarrizketa horietatik hausnarketa egin dute eta erraldoien figura metafora bezala oso adierazgarria iruditu zaie. Erraldoiak handiak dira, baino gidatzen duena oso pertsona txikia da, konparaziora.

Baina nor da benetan handia eta nor txikia? Zer ezkutatzen da gauzen barruan?: "Irudi bezala interesgarria iruditu zitzaigun, aitzakia da handitasunari eta txikitasunari buruz hitz egiteko, zer dagoen zeren barruan, nork mugitzen dituen gauzak, toki batetik edo bestetik begiratuta nola ikusten diren gauzak..."

Herriz herri Atarrabian eman zuten lehen emanaldia eta aurrerantzean Euskal Herriko leku ezberdinetara joateko asmoa dute. Bi herrietatik jaio da obra baina lortutako guztia, jakintza eta informazio guztia, "unibertsalizatzen" da eta herri desberdinetara eraman nahi dute obra.

"Herri bakoitzean aldatzen dena da jende ezberdinarekin kontatzen dugula modu puntualean obraren barruan eta baita ere publikoak paper bat jokatzen duela. Publikoa ere nolabait gurekin bidai hori egitera gonbidatzen dugu, emanaldiaren bidai hori".

Diziplina ezberdinak batuz

Metrokoadroka Kultur Elkartean oso alor desberdinetatik datozen artistak elkartzen dira proiektuetan. Kasu honetan badaude aktoreak, musikariak, artista plastikoak, idazleak... Proiektu guztiak denen artean sortzen dituzte, bakoitzak bere alea eskainiz. "Zerotik abiatzen gara denak batera eta, horrelako puzzle moduko bat eginez, iristen gara emaitza sortzera", adierazi du artistak.

Maite Aizpurua, Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias dira "Bidaide" obraren aktoreak. Idoia Hernandez musikariak obrako soinu banda sortu du eta oholtzan ere agertzen da, batzuetan Mikel Ugarterekin batera. Idoia Beratarbide da artista plastikoa.

Horiek dira oholtza gainean agertzen direnak baina oholtzatik kanpo Oier Gillan dago, idazketan eta produkzioan, Josu Zubia produkzioan ere, eta argi diseinua Miriam Ubanetek egin du. "Dena da guretzako obraren parte, nahiz eta batzuk oholtzan gauden, denen beharra dago oholtzan gaudenak lan egiteko", argitu du Beratarbidek.

Estreinaldia Atarrabian izan zuten, urtarrilaren 14an, eta gero Uharten izan ziren 16an.

"Guretzako oso esperientzia polita izan zen, batez ere jendearen inplikazioa, gure proiektuan parte hartu duen jende horrena, elkarrizketatu dugun jendearena, nahitaezkoa izan delako. Estreinaldi batean beti eskertzen da proiektuaren parte izan den jende hori nolabait hor egotea eta beraiekin konpartitzea, bueltan ematea beraiek guri eman digutena. Zentzu horretan oso polita izan da", kontatu du.

Tafallan dute "Bidaide" lanaren hurrengo emanaldia, martxoaren 4an.