Hiru urte zituenean hasi zen dantzan Amaia Elizaran (Tolosa, 1992). Madrilen dantza garaikidean graduatu ondoren, Europara abiatu zen dantzari gisa lehen proiektuak egitera. Hasieran bere planen artean sartzen ez zen arren, 2015ean konpainia sortu zuen eta ordutik sei dantza pieza ondu ditu. Arima du izena Elizaranen azken obrak, inprobisaziotik eta dantza eta musika askatasunetik edaten duen sorkuntza. Liam Ó Maonlaí musikari irlandarrarekin batera igoko da oholtzara dantzari tolosarra. Irlandan euren artean sortu zen konexioa Euskal Herrira ekarri du bikoteak pieza honen bidez.

"Arima" ikuskizunarekin bueltatu zara oholtzetara, Liam Ó Maonlaí musikariarekin batera. Nola sortu zen bion arteko elkarlana?

Orain dela urte bi Irlandara joan nintzen Etxepare Fundazioaren eskutik, Galway 2020 Europako Kultura Hiriburuagatik. Bertan, hizkuntza gutxituetako tokietako hamar artista batu gintuzten, guztien artean pieza bat sortzeko. Han ezagutu nuen Liam. Egun batean inprobisatzen aritu ginen, ni dantzan eta bera pianoarekin.

Konturatu gabe ordubete baino gehiago eman genuen, eta ohartu ginen sekulako konexioa genuela. Hor sortu zen hazia eta Euskal Herrira bueltatu nintzenean proiektuari forma ematen hasi nintzen dossierra idazten diru laguntzak eskatzeko, etab. Azkenean lortu nuen Liam hona ekartzea eta jada hilabeteak daramatzagu lanean.

Zuen arteko konexioa inprobisaziotik jaio zen, beraz. Inprobisaziotik edaten duen lana da "Arima" ere?

Biok asko gozatzen dugu inprobisazioarekin. Nire aurreko lan luzea, Mar izenekoa, guztiz kontrakoa zen, pieza milimetratua zen. Horren ondoren esan nuen, hurrengo piezan ez dut horrelako presioa nahi, askatasun handiagoa nahi dut.

Arima-n dantzari bezala ni bakarrik nagoenez eta musikari bezala Liam bakarrik dagoenez, badaukagu askatasun hori. Piezak nahiz eta egitura finko bat eduki eta fase guztietan atmosfera edo egoera fisiko berdinetatik pasa behar garen, askatasuna dugu.

Zer da arima zuretzat?

Alde batetik, esaten dugu arima eternala dela. Badago jolas bat bukatzen ez diren gauzekin, ez dago bukaerarik piezan, gauzek jarraitu eta jarraitu egiten dute, orduan eternaltasun hori guztiz presente dago lan honetan. Utzi nahi genuen aztarna bat edo gauzak bukatzen direnean geratzen den energia hori sortzea nahi genuen. Helburua zen bion konexio edo esentziaren zerbait geratzea espazioan, edo jendearen begietan edo sentsazioetan.

Istorio narratiboaren ordez, emozioak planteatzen dituzue.

Ez dauka inongo narratiba zehatzik. Ez dago istorio argi bat, daude sentsazioak, ibilbide bat, bizitzaren ibilbidea izan daiteke. Emozio batzuetatik pasatzea da, ez gauza zehatzak kontatzea. Arima ikusita, pertsona batek ahalko zuen gauza bat interpretatu eta beste batek beste gauza desberdin bat. Eta hori polita iruditzen zait.

Arnasketak garrantzia berezia izan du sortze prozesuan, ezta?

Pieza arnasketarekin hasi eta bukatzen da. Arnasketaren kontua izan zen nire buruarekin ikerketa bat egiteko eta nire mugimendua edo gorputzaren egoera aldatzeko. Nire seigarren pieza da eta ez nekien gai izango nintzen beste Amaia bat bilatzeko, beste mugitzeko era bat aurkitzeko.

Orduan hasi nintzen arnasketarekin lantzen, bai mugimendu ezberdina lortzeko, bai ordubeteko ikuskizun bat ni bakarrik dantzari bezala agoantatzeko. Erronka zen ordubetez mugitzen eta dantzatzen ibiltzea, eta arnasketak lagundu dit neke hori gestionatzen. Pauta sinple batzuekin lortu nuen mugitzeko era batera iristea.

Benetako Amaia bukaeran ateratzen dela aipatu duzu, musikaren laguntzaz.

Eta ez ni bakarrik, baita Liam ere. Pieza leku itxi batetik leku irekiago batera doa eta hasieran hauskortasuna handiagoa da eta ez gara agertzen pertsona bezala, zerbait bat bezala, pertsonalitatea kenduta esan dezakegu, gorputz bat gara. Baina bukaeran sekulako askatasuna hartzen dugu eta hor ikusten da benetako bion konexioa eta biok batera nola goazen gure mugara. Gure izaera atera egiten da.

Bion arteko konexioa da ikuskizunaren ardatza?

Lehenengo egunetik egon zen konexioa eta hori mantendu eta esplotatu nahi dugu. Gainera, biok disfrutatu nahi genuen pieza honekin eta uste dut lortu dugula. Batzuetan zaila izaten da-eta.

Otsail hasieran estreinatu zenuten "Arima" Donostian. Eta badituzue hainbat emanaldi aurretik. Ostean, Irlandara joateko asmorik bai?

Oso pozik gaude, sarrerak agortu genituen eta ondo atera zen. Normalean izaten da estreinatu eta gero ea zer€ Baina oraingoan maiatzera arte baditugu hainbat emanaldi eta gogotsu gaude berriz oholtzara igotzeko. Irlandara joateko lanean gaude, han izan baitzen guzti honen hasiera!

EMANALDIAK

Otsailak 19: Durango (San Agustin Kultur gunea)

Martxoak 25: Lasarte (Manuel Lekuona Kultur etxea)

Martxoak 26: Basauri (Sozial Kultur antzokia)

Martxoak 27: Arrasate (Amaia antzokia)

Apirilak 8: Tolosa (Leidor aretoa)

Apirilak 9: Eibar (Koliseo antzokia)

Apirilak 10: Lezo (Gezala auditorioa)

Apirilak 29: Zarautz (Modelo aretoa)

Maiatzak 13: Gasteiz (Felix Petite antzokia)

Maiatzak 14: Berriz (Kultur etxea)