Ohikoa da politikagintzako programetan arkitektura tresna gisa erabiltzea. Berdin ezker zein eskuin programetan. Arkitekturak errealitatea transformatzeko gaitasuna du, eta horregatik aldaketa bat susta-tzeko bide “erraza” da, gizarte eraldaketa batekin alderatzen badugu behinik behin. Eraikin berri bat; erabilerarik gabeko hiri-zonalde bat; zaharturik eta hutsik dagoen eraikin bat. Arkitekturak etorkizun ilusionagarri bat sortzeko balio lezake, arkitektura pentsatzea errealitatea beste modu batean ikusteko eta erabiltzeko aukera delako.

Lege berrikuntza batek eta hiri eraldaketa batek, modu ezberdinean bada ere, gizartearen bizimoduan eragina dute; hortaz, gai politikoak dira biak eta politikagintzako ardura izatea ulertzekoa da. Arkitekturaren kasuan, lege eraikuntzan ez bezala, gutxitan hitz egiten da arkitekturak eguneroko bizitzan izango dituen ondorioez. Espazio baten eraldaketaren norabidea eta eraikinaren fun-tzio politikoa bigarren alor batean gelditu ohi dira. Lehenik edukion-tzia, geroago edukia eta estrategiak.

KULTUR ERAIKINEN MODA 2000ko hamarkadan hirietan museoak egiteko moda ezarri zen -Guggenheim efektupean edo-. Egun, kultur eraikinak proposatzeko moda gailendu da. Arte eta kulturarentzako edukiontziak sortzeari ekin diote udal-agintariek, arteak eta kulturak zer esan nahi duten oso ongi jakin gabe kasu askotan. Ez da kasualitatea izango hitz abstraktu horietara jotzea eraikinaren barnean zer gertatu daitekeen eta hiriarentzat zer izan nahi duen oso ongi ez dakigunean. Komodin erraza da kultura, “edozer gauza izan daitekeelako”. Esanahia hustu diogu.

Irailean Gipuzkoako Foru Aldundiak publiko egin zuen Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunearen zaharberritze lanak aurrera eramateko arkitektura proiektua eta arkitekto talde aukeratua. Erabakia hartzeko, ideia-lehiaketa bat antolatu da. Kultur gune berrirako proposamenen artean, Astigarraga eta Lasartek “KMK 2020” izenburuarekin aurkezturikoa ontzat jo du epaimahaiak, lanaren irabazle eta esleipendun suertatuz. Zeresan handia eman du notiziak euskal kulturgile zein arkitektoen artean. Notizia zabaldu eta Gipuzkoako kultur eragileek Twitter sutan jarri zuten. “Baina jadanik ba al dago Donostiarako kultura proiekturik?” , “Tabakalera Kulturgunearekin nola uztartuko da?”, galdetzen zioten elkarri. Euskal kulturaren mundutik, espazio berriak baino, kulturaren egoera eta suspertze estrategiak eskatzen dituzte eraikin berri bat egin aurretik.

Arkitektoen pasabide-korroetan ere berriketarako tartea eskaini du Donostiako kultur azpiegitura berriak. Koldo Mitxelena eraikinaren eskola-tipologia ezabatu behar da gipuzkoar erakundeak ezarritako erabilera baldintzak betetzeko. Ez hori bakarrik, zaharberritze lanak egiteko aurreikusitako 3 milioiko aurrekontua 10 milioi eurotara igo da. Baldintza eta instalakuntza berriak txertatu eta eraikina kalera irekitzea izan dira erronka nagusiak. Helburu horiek betetzeko, jatorrizko eraikinaren hormak puskatu behar dira, hori da arkitekto talde guztiek ondorioztatutakoa. Gauzak horrela, lehiaketako planteamendua ezbaian jartzen da nolabait.

Proiektu arkitektonikoaren inguruan publiko egindako irudietan, eraikinaren barnealdea zuriz margoturik dago, ondarearekiko jarrera garbitzailea azalduz. Sarbidean ukitu modernoak ikusten dira; led argi linealekin egindako grafikak eta argiteriak; kanpoaldean, pantaila handi bat. Barne patioak lotzen dituen barne plaza bat osatuko da, kaletarrago bihurtu dadin, Tabakalera eraikinaren bidetik.

1994. urtean Koldo Mitxelenak lehen zaharberritze lanak izan zituen, Hoz eta Fontana arkitektoek burututakoak. Eraikinaren barne zirkulazioa zaila izan arren, eraikina bere horretan irakurri zitekeen. Liburutegiak eskala oso ongi ebatzia zuen, liburuen bi solairu altuera eskuragarrian, egur eta egitura metalikoz egindako barne altzari moduan txertatua. Liburutegiak oso ongi funtzionatzen duela diote donostiar askok, ganbararen kokapena eta lur azpiko erakusketa aretoaren ikusgarritasuna ezbaian jartzen duten bezalaxe. Eraikinean egin beharreko esku-hartzearen sakontasun-maila ezbaian dago, berezko eraikina eta 1994.urteko arkitektura lanen irakurketa garaikide bat egitea beharrezkoa bada ere.

Arkitektura, kultura eta politika estuki lotzea interesgarria bada ere, hiruen arteko loturaren arabera emaitza oso ezberdina izan daiteke. Politikak proiektu kultural bat sustatu behar du prozesu eraikitzaile bat bezala, zeinetan arkitektura ezin daitekeen bere kaxa joan, ez eta prozesua lideratu ere. Kultura egitea, hain justu, pentsatu eta eragiteko prozesuak egitean datzalako, eta prozesuak berak emango diolako forma.