Argia Konpainiak erronka berri bati ekin dio 50 urteko bere ibilbidean eta euskal literaturako klasiko handi baten irakurketa berria taularatuko du gaur, Arriaga antzokian. Pio Barojaren Zalakain abenturazalea eleberria du oinarri Juan Antonio Urbeltzek zuzendutako Martin Zalakain ikuskizun berriak. Fikzio batean oinarritutako lana da, klasiko horren beste irakurketa bat dakarrena. Dantza, jolasa, musika, abestia eta hitza. Adierazpide horiek guztiak uztartzen dituen ikuskizuna, Euskal Herri osoko dantzari eta musikariz inguratuta.

Dantzariak eta musikariak eskuz esku ari dira Ander Lipusekin eta Harkaitz Canorekin, literatura eta antzerkia txirikordatuz estilo aurreklasikoko dantza moldeekin. Ander Lipus aktoreak jokatuko du Pio Barojaren papera, eta zuzeneko narrazioa egingo du. Aktore bizkaitarrak pozik jaso zuen proiektu handi honetan parte hartzeko aukera. Bere ibilbidean munduko dantzak aztertu izan ditu markiñarrak, Indiako Katakalaia, esaterako, eta, horregatik, horrelako proposamena Euskal Herritik jasotzea interesgarria egin zitzaion. Lipusek dioenez, “Urbeltzek argi zeukan Pio Barojaren pertsonaia agertu behar zela; kasu honetan, bere hitzak Canoren lumatik pasatu dira, bera ere buru-belarri sartu da proiektuan”.

Izan ere, Harkaitz Canok egokitu ditu Barojaren eleberriko pasarteak. “Publikoak orain ikusiko duena Juan Antonio Urbeltzen bertsioa da, dena ez da eleberrian bezala agertzen”, jakinarazi du Lipusek. “Dantzaren bitartez gauza batzuk kontatzen dira; azken finean, hari dramatikoa badago eta ulergarria da, ikusleak nobelan agertzen diren pertsonaiak oholtzan ikusiko ditu”. Tartean, Martin Zalakain bera eta Kattalin Ohando, haren maitalea. Eleberrian gertatzen den moduan, Martinen eta Kattalinen maitasun istorioaren hariak ikuskizuna egituratuko du.

80 dantzari eta musikari Ohikoa duen moduan, Euskal Herri osoko dantzariak bildu ditu Argiak ikuskizun honetan ere. Horrela, Iñaki Arregi, Jexux Larrea eta Fernando Aristizabal dantza-maisuen gidaritzapean ondorengo taldeetako dantzariek hartu dute parte: Argia (Donostia), Duguna (Iruñea), Mari-tzuli (Biarritz), Elai-Alai (Portugalete), Kezka (Eibar), Haritz (Elgoibar), Gure-kai (Deba), eta Arkaitz (Añorga). Aurreko ikuskizunetan Argiarekin lan egindako dantza taldeez gain, Portugaleteko Elai Alai ere batu da ikuskizun berrian.

Hirugarren Karlistadan kokatuta dago kontakizuna, eta haren baitan sortutako gatazkak eta gertaerak irudikatuko dituzte dan-tzariek. Ikuskizunean parte hartzen duen Mikel Urbeltz musikariak kontatu bezala, batetik, tradizionaletik eratorritako dantza moldeak agertzen dira, baina baita XIX. mendean modan zeuden dantza moldeak ere, habanerak, esaterako: “Habanerei dagokionez, tradizio kantatua dugu, baina dantza desagertua dago. Juan Antonio Urbeltz hori ikertzen ibili zen, baina herri tradiziotik etorritako pausorik ez zuen aurkitu, eta horretan ere lan egin du”. Jantzitegia ere nabarmendu du Urbeltzek: “Jantziek izugarrizko sinbologia dute, horrek guztiak aberastasun handia du; eszenografia gutxi dago eta espazio hutsean dantzatuko gara”.

Mikel Urbeltz bera eta Marian Arregi arduratu dira musika konposizio eta konponketez. Zuzeneko ikuskizunean hamabost musikari arituko dira guztira. Musika tradizionala izango da oholtzan: “Oinarrian, biolinak eta akordeoiak izango dira, baina bada sorkuntza berririk; tartean, Marianek konposatutako bolero bat”, argitu du Urbeltzek. Musikarien artean orkestra desberdinak osatuko dituzte zuzenean: “Txaranga estilokoak, metalak eta haizezko instrumentuak, edota soka orkestrak edo doinu mediterraneoagoak”.

PROIEKTU POTOLOA Horrenbeste dantzari eta musikarirekin eszenatokia partekatzea izugarria da Lipusen ustez, “antzerkian ez baita ohikoa horrenbeste pertsonarekin lan egitea”. Dagoeneko urte eta erdi daramate Martin Zalakain ikuskizuna prestatzen. Izan ere, horrelako ikuskizun baten atzean izugarrizko lana dago”, aitortu du markiñarrak. Sorkuntza prozesua ere berezia izan dela kontatu du, “entseguak han eta hemen izan dira, lan egiteko manera ezberdina da, baina horrek norbera beste testuinguru batean jar-tzen du eta ikasi egiten duzu”.

Gaur Bilboko Arriaga antzokian estreinatu ondotik, abenduaren 16 eta 17an Donostiako Victoria Eugenia antzokian, urtarrilaren 13an Iruñeako Baluarten, eta, otsailaren 17 eta 18an Baionako antzokian taularatuko da Martin Zalakain.