Irailaren 23a beste edozein egun bezalakoa izan zitekeen, egutegian beltzez margotuak datozen egun horietako bat, bat gehiago; ez balitz egun hori izan zelako amaiera eta izan delako, batez ere, hasiera. Data berezia da irailaren 23a Iñaki Etxezarraga Etxe-rentzat. Berezia hainbat gauzengatik. Duela urte batzuk anaia Zigor galdu zuen egun horretan; eta gauzak zer diren, ordezkaezina denak utzitako hutsune hori nolabait bete-tzera iritsi ziren mundura, egun horretan bertan baina bost urte geroago, bere bi semetxoak, ilun zenari argi ematera, gazia gozatzera. Bi semetxoen Bi eta anaiaren Zi horretatik sortu du BiZi disko berria eta, noiz bestela, pasa den irailaren 23an plazaratu zen berriztarraren bosgarren lana, goitik behera berak osatu eta ekoitzia.
Azken urteotan gutxi, oso gutxi en-tzun ahal izan da Etxeren ahotsa, izan ere, duela bost urte inguru, Trikizio taldean zebilenean, arazoak izan zituzten management-arekin eta musikarekiko ilusioa erabat galdu zuen, gitarra urtebetez kaxatik atera gabe edukitzeraino: “Musika albo batera utzi eta beste gauza ba-tzuetan murgildu nintzen; harik eta egun batean Naiarak, nire emazteak, Su ta Garren Bizirik gaude diskoa oparitu zidan arte. Beti izan naiz Su ta Garren jarraitzaile sutsua eta disko horretako lehen kantuak piztu zidan berriz ilusioa. Kantuak dio ez etsi orain, garai txarrak ez dira betiko izaten. Ez etsi orain, irtenbide bat behintzat beti da aurkitzen. Hori en-tzutean, hau niretzako mezua da, esan nion neure buruari eta konposatzen hasi nintzen, egun horretan bertan”, kontatu du. Ez da kasualitatea, beraz, BiZi diskoko aurrerapen kantuan, Bizitzaren musika deiturikoan, Aitor Gorosabelen ahotsa ere entzutea. “Niretzat hain garrantzi-tsua izandako momentu horrengatik eskerrak eman nahi nizkion nolabait, eta azken urteetako nire istorioa kontatu nionean, esku zabalik hartu zuen nire gonbidapena. Oso-oso pozik nago esperientziarekin”, gehitu berriztarrak.
Musikari esker, beraz, azken urteetako zurrunbilo ilunetik ateratzen hasi zen Etxe, eta laster iritsi ziren Jokin eta Markel bikiak, beltza zena koloreztatzera: “Azalean ere hori islatu nahi nuen, nolabait nire semeek kolorez margotzen nautela, nire semeek eraikitzen nautela. Alain Asenjoren diseinuak hori azaltzen du”. Bizitzari buruzkoak dira kantuak, gazte izanagatik asko bizitzea egokitu baitzaio abeslariari: “Autobiografikoak badira, bai, abestiak neure bizitzan gertatu zaizkidan eta sentitu ditudan gauzei buruzkoak diren neurrian, baina, edonori gertatu izan dakizkiokeen gauzak agertzen dira, edonork ikus dezake bere burua hitz horietan islatuta”.
FORMATU AKUSTIKOAN Nahi baino sona gutxiago izan zuen Haize berri bat (Baga Biga, 2011) diskoan egin bezala, oraingo honetan ere ahotsa eta Iban Gurrutxagaren gitarrak baino ez dira entzuten diskoan, azken honen moldaketekin. “Taldearekin urte dezente ibili ondoren, une batean nahiago izan nuen kontzertu intimoagoak ematea, oholtzan gitarra eta neu bakarrik egotea. Oraingoan ere horren gogoa neukan eta akustikoan grabatu ditugu kantu denak”, azaldu du Berrizko musikariak. Hamar kantu denera, berriak horietako bederatzi eta bertsio bat, Seiurte taldearen Bi mila hitz: “Baneukan haiei ere omenalditxo bat egiteko gogoa, ze herrikoak izateaz gain, lagun onak dira, asko lagundu didate beti, asko ikasi dut beraiengandik eta nahi nuen halako detaile bat izan eurekin”.
Azken urteetan hiruzpalau aldiz baino ez da igo Etxe oholtzara, baina, disko berriarekin “gogotsu” dagoela aitortzen du. Hastapenetako energia eta indar berberarekin datorrela dio: “Gainera, gehienetan neu bakarrik izango naiz oholtzan, hau da, emanaldi bakarra neurea izango da eta horrek esan nahiko du ikustera etorri dena ni ikustera etorri dela”. Formatuari dagokionez, Gurrutxaga eta biak izango dira taula gainean, eta diskoko soinua lortzeko pedalak erabiltzen ari dira: “Hori ere berria da niretzat eta, egia esan, ilusioa egiten dit gauzak ikasteak. Energiaz beteta nator eta gauzak bizi eta ikasteko gogo izugarriarekin”.
Gogo horren islada da BiZi: oihu bat eta xuxurla bat, lehena eta geroa gurutzatzen diren lekua, kasualitateen bilkura bat, lotura eta askapena, eta batez ere aldarri bat: bizia gogoz bizitzearena.