Urteek ematen duten talaiatik idazten du Luis Gutierrez bilbotarrak, literaturan Luigi Anselmi ezizenez ezaguna. Bizitza eta, batez ere, heriotza eta honek dakarren ezereza, ahanztura ditu kezka iturri. “Agian adinagatik izango da, baina azkenaldian sortu zait ezinegon hori: sortzen gara eta une batez bizirik gaude, baina ez gara ezer, lehenago edo beranduago gure arrastoa desagertu egiten da, ahaztu egiten gaituzte”, dio idazleak. Ahantzerriko kop(l)ak lanaren (Pamiela) ardatzetako bat da gogoeta hori.

Nolanahi ere, liburu heterogeneoa da Ahantzerriko kop(l)ak, gai ugaritan sartu-irtenak egiten baititu Luigi Anselmik. Irakurleak ia oharkabean jauzi egingo du gizakiaren izateaz hausnartzen duen olerkitik alkohola goraipatzen duen beste batera. Edo heriotza aipatzen duen poematik gizarte kritika egiten duen beste batera. Izan ere, Luigi Anselmik dio poemak idazten dituela, ez liburuak. “Poemak elkarren artean diferenteak dira, bakoitza bere aldetik sortua delako, eta libururako modu logiko batean ordenatzen saiatu naiz”.

Ordena logiko horren bila, hiru ataletan banatu du Ahantzerriko kop(l)ak. Aurreneko atalak du lotura handiena liburuaren izenburuarekin, Ahantzerria izeneko kontzeptu horrekin. “Batzuk lehenago eta beste batzuk geroago, baina denok itzuliko gara noizbait Ahantzerrira”, horixe autorearen ondorioa. Bigarren zatia, In taberna quando sumus, alkoholarekin lotutako poemen atala da. “Horiek poema jostalariagoak dira, beti daude tartean garagardoa, ginebra...”. Amaitzeko, askotariko gaien inguruko poema labur-laburren bilduma da Laburzki izeneko atala. “Ez ditut jasaten orrialde bat baino gehiago duten poemak, aspertu egiten naiz. Gauza bat bi lerrotan esan badezakezu, zertarako luzatu?”, azaldu du.

1985ean argitaratu zuen lehenengo liburua, Zoo ilogikoa, eta harrezkero ohitura batzuei eutsi die Luigi Anselmik. Esaterako, armiarma sareak maiz aipatzen ditu. “Euskarazko lehenengo poema Oñati gainean, Arantzazun, idatzi nuen. Gauez, leihoa zabaldu nuenean, armiarma sarea zegoen, eta erdi-erdian armiarma. Irudi indartsua zela iruditu zitzaidan”, azaldu du idazleak. Natura irudi poetikoak sortzeko iturri aberatsa dela onartu du, “agian hiritarra izateak bultza-tzen nau kontrako bidea egitera, erreferentziak naturan bilatzera”.

AXULARREN JARRAITZAILE

Euskal literaturaren klasiko handien eragina azpimarratzekoa da Luigi Anselmiren lanetan, bereziki XVII. mendearen bueltako autore ezagunena. “Zati batzuk Axularren Gero-tik hartuta daude, euskal literatura klasikoaren erdigunea dira autore horiek eta haiei esker ona adierazi nahi izan diet”, aitortu du. Beste garai batzuetako autoreen ahapaldiak ere moldatu ditu han-hemen, adibidez Gabriel Arestiren Aitaren etxea, Bilboko Kukutza gaztetxearen auziaren harira idatzitako olerkian. Haatik, Ipar Euskal Herriko idazle klasikoak ditu gogokoen. “Gaztea nintzenean, orain dela 30-40 urte, euskal literatura osoa urtebetean irakur zitekeen eta tartean zeuden idazle klasikoak, erakarri egin ninduten”.

Hizkeran nabari da garbien klasikoei dien miresmena, Iparraldeko eta Ekialdeko euskalkien eragin handia baitu Luigi Anselmiren idazkerak. “Euskal literaturaren erreferenteak ez daude Bilbon, euskal literatura klasikoa Iparraldean dago, haien hizkera da nire oinarrietako bat. Irakurriz gero Lauaxeta edo Lizardi, ortografia eta neologismo haiekin, konturatzen zara Axularren euskara, XVII. mendekoa, errazagoa dela”.

Jose Enrike Urrutia Capeau arduratu da liburuko irudiak egiteaz, Luigi Anselmiren argitalpen guztietan ohi duen legez. “Sinatu gabeko kontratua dugu biok, Capeau oso ona da eta ohore bat da nire poemen ondoan agertzea”, dio Anselmik. Oraingo edizio honetan, gainera, azalekoa ez ezik, barruko irudiak ere koloretan argitaratu dituzte.

Hiru hamarkadako ibilbidea beteta, Luigi Anselmiren emaria ez da eten, Ahantzerriko kop(l)ak horren lekuko. Hala ere, gero eta gutxiago idazten duela aitortu du, gero eta nekezagoa zaiola olerkiak sortzea. “Gaztetan badago freskura bat, urteekin galdu egiten dena”. Nolanahi ere, poemak idazten segitzeko asmoa du, oraindik argitaratzeko proiektu berririk buruan ez darabilen arren.