Abdrishek ez du liburuen zamarik, ezta motxilarena ere. Urteen zama dauka gainean. 15 urte ditu eta lehen aldiz doa eskolara. Bere adineko beste mutiko ba-tzuk eskola uztear daude, baina berak lotsatuta eta era berean urduri esan zidan: “Nire lehen aldia da. Banekien nolakoa zen eskola bat, baina ez naiz inoiz egon orain arte”, azaldu zidan. Eta argitu zidan: “Kontatu didate, entzun dut, baina ez dut inoiz ikusi”. Ez zuen inoiz eskolarik ikusi ordura arte. Segundo batzuk hartu behar izan nituen egoeraren larritasunez ohartzeko. Ez zuen inoiz eskolarik ikusi ordura arte.

Abdrishek zazpi hilabete zeramatzan Dadaabeko errefuxiatu-eremuan, Kenya eta Somaliaren arteko mugan. Ondo irakurtzen eta idazten ez dakien arren, “oso gutxi”, bere irakasgai gustukoenak ingelesa eta kiswahilia dira, Kenyako bi hizkuntza ofizialak. Adbrishen familia nomada da, artzainak dira eta Somaliako barnealdeko lur lehorretan zehar ibiltzen dira atzera eta aurrera. Azken bi edo hiru urteetan ia urik ez zegoela esan zidan, etxeko abere guztiak hil egin zirela. Abdrish zoriontsu dago. Nahiago izan dut bonba eta tiroen inguruan ez hitz egin. Bera jaio zenetik ez da etenik egon. Bi hamarkada daramatza gerra zibilak Somalian.

Somaliako haur artzain batzuek ezagu-tzen duten eskola bakarra duqsi izenekoa da. Basamortuaren erdian dauden eskola koraniko txikiak dira. Akazia handiren baten itzalean, egurrezko taula handi batzuetan landutako Koranaren bertsoak errezitatzen dituzte, kemenez. Leku honetan hainbeste eskertzen den soinua ere entzun daiteke: Barre eta jolasena. Hemendik gertu eskola horietako bat dago: Korana irakasteaz arduratzen den gizonak eskolara sartzen eta apur batean haiekin egoten utzi digu

Abdrish gaztea aurkitu dut Unicef eta Acnur erakundeek Dagahale eremuan ireki berri dituzten eskolen kanpoko aldean, eta harro erakutsi dit bere lan koadernoa. Abdrishek ez du orain arte eskolarik ikusi, eta nik ere ez horrelakorik. Atzean, lur koloreko lau lona erraldoi daude jarrita, zirkuko karpen antzera. Barruan, areazko lurzoruaren gainean, neska-mutil talde bat dago, aztoratuta, andereño kenyarrak, makila bat eta arbel txiki-txiki bat lagun, irakasten diena errezitatuz. Duqsi koranikoan erabiltzen duten metodo bera dela esango nuke: Errepikatu eta errezita-tzea. Lona horren azpian berrehun haur inguru egongo dira. Irakasleak meritu handia dauka. Eta haurrak, lelotuta, gozatzen eta ikasten ari dira.

Irakasle askok txanda bikoitzak egiten dituzte, goizez eta arratsaldez, munduko errefuxiatu-eremurik handiena den honetan dauden lehen hezkuntzako 19 eskoletako batzuetan. 2011n 43.000 adingabe matrikulatuta zeudela kalkulatu zen. Txikikeria bat da hori, kontuan izanda inguru honetan eskolan egoteko adinean dauden 155.000 haur daudela. Irakasle horietako asko Somaliatik ihes egin zuten errefuxiatuak dira.

Kanpoan, lehen eskola-egunaren ondoren, Nursina Habbiba, 12 urtekoa, eta Faduma Issac, 11 urtekoa, berriketan ari dira. Lotsatiak dira. “Berak ez daki idazten, nik bai. Lagun onak gara, istorioak kontatu eta entzutea gustatzen zaigu, ez jolastea”, diote. Neskak eskolara joatea are arraroagoa da, bai Somalian, baita errefuxiatu-eremuetan ere. Asko oso txikitatik hasten dira etxeko lanetan, eta are gehiago errefuxiatuen familietan, askotan ez baitaukate amarik, aitarik, edo bietako bat ere.

Haize handia dago eta dendaren hormetako lonak bortizki astintzen ditu. Zirku itxurako eskola horietako baten albo batean irudi unibertsal bat daukat begien aurrean: Somaliako emakume talde bat seme-alabei begira dago leihatila batetik. Zelatan dagoen ama horietako batekin hizketan hasi naiz. Somaliako emakume gazte bat da, bederatzi seme-alaba izan ditu eta bere haurrak eskolara doazen lehen aldia da. Sako izeneko herri batetik etorri zen hona. 14 egunez ibili zen basamortutik bere 9 seme-alabekin, gerratik ihesi.

“Ama eta emakume nagusi guztiok gatoz eskola ikustera. Nolakoa zen jakin nahi genuen. Gainera, baliteke horrela guk ere zerbait ikastea”, esan du irribarre eginez. “Oso pozik gaude. Somalian, eskolara joatea oso arrisku-tsua zen. Begiratzen ari gara, oso dibertigarria da, abesten eta barre egiten ari dira umeak, oso pozik nago nire seme-alabei arkatzak eta koadernoak eman dizkietelako eta lezioak jasotzen ari direlako. Zoriontsu egiten nau horrek”, esan dit emakumeak.

“Jainkoari eskerrak ematen dizkiot leku honetan errefuxiatu izateagatik, egunero ematen ditugu eskerrak bizirik gaudelako”, esan digu. Gainerako amek buruarekin baiezko keinuak egin eta hitz batzuk esan dituzte somalieraz. Somalian existitzen ez den mugan barrena etengabeko joan-etorria dabil eta emakumeen aurkako bortxaketa eta abusuek ere ez dute etenik. Bizimodua oso zaila da.

Ez dakit Abdrish eskolara itzuliko ote zen ikasturte honetan.