Kukai eta La Veronal konpainien arteko topaketa berezia da Oskara. Jon Maya Kukai dantza taldeko zuzendariak gogoratzen du proiektuaren ernaldia duela bi urte gertatu zela. Azken urteotan, proiektu propioak egiteaz gain, nazioarteko koreografoekin hainbat kolaborazio egin ditu konpainiak dantzarekiko duten ikuspegia elkartrukatzeko, eta testuinguru horren baitan “oso erakargarri” egiten zitzaion La Veronal konpainia valen-tziarraren eta Marcos Morau zuzendariaren lana. Talde bien estiloak “oso ezberdinak” dira, Mayaren esanetan. “Kontrajarriak ez nuke esango, baina bai oso ezberdinak; baina, era berean, ikusten nuen oso osagarriak zirela normalean Kukaik erabiltzen duen fintasuna eta minimalismoa eta La Veronalek gorputzeko atal guztiak nola jartzen dituen mugimenduan modu hauskor batean”, adierazi du. Maya da proiektuaren zuzendaria, eta koreografiaz Morau arduratuko da. Dan-tzan, berriz, Kukaiko lantaldea ariko da. Orohar, bost dantzari eta Erramun Martikorena kantaria izango dira oholtzan, azken hau zuzeneko kantuan. Musikari dagokionez, anbiente askorekin ari dira lanean eta hainbat soinuz elikatu dira. Besteak beste, Pablo Gisbert dramaturgoa eta Xabier Erkizia ari dira proiektu honetan.
La Veronalen eta Marcos Morauren lan ildoko berezitasun batek erakarri zuen Kukaiko zuzendaria. Euren ikuskizun guztiak munduko herri, hiri, lurralde edo herrialde batean kokatzen dira eta bertako elementuetan inspiratzen dira, “irakurketa oso estetikoa” eginez eta “mezu bat helaraziz”, iritzi dio zuzendariak. Hori horrela, serie bat Euskal Herrian kokatzea oso ideia interesgarria iruditu zi-tzaion Mayari eta Moraurekin jarri zen harremanetan. Hari ere gustatu zitzaion proiektua eta martxan jarri ziren.
Oskara deitu dute proiektua. Euskarak iraganean izandako izendapen bat da honakoa, Mayaren ustez, euskarak ondoen irudikatzen baitu taldeak berak hartzen duen eremua eta bertako elementuak. “Euskararen lurraldearen inguruko edo euskaratik eratorritako elementuak sartu ditugu obran”, jakinarazi du. La Veronaleko zuzendariak ez zuen Euskal Herria ondo ezagutzen eta astebetez izan zen Mayarekin bidaiatzen. “Euskal Herriko tradizioetan arakatzean eta jende ezberdinarekin musika, dantza eta mitologiaz hitz egitean liluratuta gelditu zen. Ez zuen gure herria sakonean ezagutzen, baina hemen dugun kultura, historia eta ondarea ikustean engantxatzen hasi zen”, kontatu du Mayak.
TRADIZIOA ETA ABANGOARDIA Euskal Herriko tradizioan eta mitologian arakatuko du Oskarak, baina ohikoa ez den testuinguru batera eramango ditu horiek. “Gure kulturako elementuak azaltzen dituen ikuskizuna izango du begien aurrean ikusleak, elementu horietako batzuk oso modu agerikoan, eta beste batzuk hirugarren edo laugarren geruza batean, ezkutatuagoak edo. Baina guzti horiek beste espazio batera eramanda; hau da, jendeak elementu ezagunak jasoko ditu, baina erabat aldatuta”, azaldu du Mayak. Hau guztia ikuskizunak biltzen dituen eremu guztietan gertatzen da: dantzan, musikan, jantzietan, agertzen diren pertsonaietan... Hala, “kultura tradizionalaren eta joera abangoardisten arteko harremanaz hitz egiten du ikuskizunak”, zuzendariaren esanetan. Horrez gain, hainbat galdera eta gogoeta ere planteatzen ditu, plastikoki batez ere “oso gureak” diren elementuak beste testuinguru batean eta beste mezu baten zerbitzura berrerabilita.
Kukairen ibilbideari jarraipen bat ere bada Oskara. Batetik, taldearen oinarria den dantza tradizionaletik abiatutako sorkuntza garaikidea hor dago, “bete-betean”; baina, Mayaren esanetan, eta Kukairen ibilbidean lengoaia koreografikoa kontuan hartuz gero, orain arte egindako beste proiektuekin alderatuta oso ezberdina da Oskara, “zalantzarik gabe”, iritzi dio bere zuzendariak. Dena den, baditu elementu komunak; eta, Mayaren esanetan, “oso Kukai” ere bada; baina, bai estetikoki, janzkera aldetik, proiektua lantzeko moduagatik eta dantzarien mugimenduengatik ere ezberdina da Oskara”.
“Kultura etengabeko garapena” da, Mayaren esanetan. Batzuetan kultura tradizionala eta abangoardia “elementu kontrajarri” gisa aurkezten direla dio, baina, bere aburuz, “erabat” elkarbizitzen dute eta lan hau horren lekuko da, “baita gure herrian dauden adierazpide asko ere”, gaineratu du. Urrutira joan gabe, pieza honen pasarte batzuk Bilboko Guggenheim Museoan aurkeztu zituzten abenduan, eta emanaldi hori jarri du adibidetzat Mayak. “Orokorrean, uste dut kultura tradizionala eta abangoardiazkoa elkar elikatzen direla eta kultura bat bizirik dagoela egunero gure gaurko bizimodura egokitzen doalako. Alde horretatik, iruditzen zait kultura etengabeko aldaketa prozesuan dagoela, eta horregatik mantentzen dela bizirik”, agertu du obraren zuzendariak.
INFLEXIO PUNTU BAT 2008-2009 inguruan Kukai konpainiak beste etapa bat hasi zuen bere ibilbidean. Hain justu, koreografo ezberdinekin kolaboratzen hasi zen orduan taldea, eta horren jarraipena ere bada Oskara, kasu honetan, Marcos Moraurekin elkarlanean osatu baita. Neurri batean, “inflexio puntu bat” dela uste du Mayak, proiektua bera “oso potentea” delako. “Marcos eta La Veronal gaur egun esanahi eta pisu handia duten izenak dira. Eurekin elkarlanean aritzeak zein proiektuaren bestelako alderdiek erakusten dute bere osotasunean di-mentsio handiko egitasmoa dugula esku artean”.
Jantziei dagokienez, ikus-kizun honetarako Iraia Oiartzabal diseinatzailearekin aritu dira lanean, bigarrenez. Kukairen Gelajauziak ikuskizunean ere Oiartzabal arduratu zen jantziez, hain justu. Dena den, sorkuntza erabat berriak dira oraingo hauek. Hainbat jantzi daude ikuskizun honetan eta, euren artean ezberdintasunak badituzte ere, badute oinarri tradizional bat, elementu solteak eta jantzi tradizionaletakoak ere nabaritu daitezke, oso modu estilizatu, fin eta zainduan.
Proiektutzat dute Oskara, ez ikuskizun soiltzat, izan ere, obra proiektuaren ardatzetako bat da, baina ez bakarra. Hilaren 30ean estreinatuko dute Donostiako Victoria Eugenia Antzokirako ondu duten bertsioa, egitasmoaren enborra. Baina, horrez gain, proiektu pedagogiko bat ere badauka bere baitan Oskarak, ikastetxeekin lan egiteko aukera izango dutelako, “oso modu praktiko eta didaktikoan”, Mayaren esanetan. Laster dossier pedagogikoa bidaliko dute arduradunek zenbait eskoletara, ikasleek obra ikustera etorri aurretik landu dezaten. Emanaldia ikusi ondoren, dantzari bat bisitan joango zaie ikasleei. 12-14 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago proiektua eta Ipar Euskal Herriko eta Gipuzkoako zenbait ikastetxek hartuko dute parte egitasmoaren alde pedagogiko honetan. Era berean, Oskararen sormen prozesua oinarri hartuta, ikus-entzunezko proiektu batean ere ari dira lanean, dokumental baten, hain justu. “Ikuskizuna bera izango da ardatza, baina gure dantza eta sormen prozesua izango da dokumental hori islatzeko eta helarazi nahi dugun mezua helarazteko lengoaia”, kontatu du Mayak. Zinema aretoetan ikusgai izango da dokumentala, arduradunek aurreratu dutenez, baina oraindik ez dute informazio gehiagorik eskaini.
Hilaren amaieran ofizialki estreinatuko bada ere, joan den hilean Oskara in Progress deituriko ordu laurdeneko saio laburrak aurkeztu zituzten Kukaik eta Marcos Morauk Bilboko Guggenheim Museoan, aurrerapen bezala. Dantzarako ohiko lekua ez badira ere, museoen balioa azpimarratu du Mayak. Bere hitzetan, museo bat “arte edukiontzia” da, eta artelanak egoten diren bezalaxe, dantza piezak jasotzeko ere oso leku aproposa direla uste du. Kasu honetan “Guggenheim Museoa arte garaikidearen tenplu moduko bat” dela dio, eta, zentzu horretan, proiektuari oso ondo egokitzen zaiola uste du. “Izan ere, Oskaran hitz egiten dugu kontraste horretaz, jatorri tradizionaletik abiatzen den pieza garaikide bat delako. Elementu oso tradizionalak ditu ikuskizunak, Erramun Martikorenaren herri kantak edota zanpantzarrak, adibidez, baina gaur egungoagoak diren beste batzuekin konbinatzen ditu, eta hori guztia ohikoa ez den testuinguru batean”.