Nolakoa da liburu bat itzultzeko prozesua?

Kasu honetan, nik egin dudana poema antologia bat izan da, beraz, dagoen zailtasuna aukeraketa prozesua egitea da, batez ere. Euskal irakurleari Jorge de Senaren poesiara sartzeko modu bat eskaintzea izan da liburu honen helburua.

Zein hizkuntzetatik euskaratu izan duzu?

Oraingo honetan, portugesetik itzuli dut. Aurretik, poeta batzuen hainbat poema euskaratu ditut, besteak beste, Dennis Cooper, Karlis Verdins eta Brane Mozetic. Gainera, Espainiako 27ko belaunaldiaren barnean kokatzen den Ernestina de Champourcin poetaren antologia bat ere itzuli nuen.

Zein itzulpen izan da bereziena?

Azkena, Jorge de Senarena. Bere lanak irakurri ditut, bai poesia, baita beste lan asko ere. Idazle honen lanari buruzko itzulpen tailerretan parte hartu izan dut behin baino gehiagotan eta horrek lagundu dit bere lana hobeto ulertzen.

Euskararen egitura latinetik aldentzen den heinean, zailagoa al da euskarara itzultzea?

Batzuetan zailtasunak sor daitezke, baina, askotan, itzultzen ari zaren poema ondo ulertzea, poetaren ezaugarriak eta nortasuna ezagutzea garrantzitsuagoa da hizkuntzen egitura aldetik sor daitezkeen desberdintasunak baino.

Zuk ere itzulpenen beharra aldarrikatzen duzu?

Euskal irakurleak liburu batzuk euskaraz ezagutzeko aukera izan behar du, beste irakurle askok munduan egiten duten bezala. Horrek euskara bera aberasten du. Aurreiritzi asko dugu hemen, beste hizkuntzetan ez daudenak. Inork ez du zalantzan jartzen irakurtzen duen nobelagile japoniarren liburua itzulpena den ala ez, irakur-tzen du eta kitto.