Zerua iluntzen hasten denean, emakume bat korrika egitera ateratzen da kalera. Isiltasuna da nagusi, eta bere oinatzen hotsa besterik ez da entzuten. Horixe du abiapuntu Unai Garate zuzendariaren bigarren film laburrak, Ordu erdi izenburukoak. “Beldurra eta babes ezaren inguruko istorioa da, oso zeha-tza”, azaldu du zinemagile getxotarrak. Egunero gure auzo eta hirietan erraz ikus daiteken egoera islatu nahi izan du bere lan berri honetan. “Mendebaldean hobekuntza ugari lortu arren, antzineko beldur batzuk hortxe ditugu oraindik ere, gure barnean, eta ikuslea horrekin erraz identifikatzea espero dut”, adierazi du. Izan ere, bere helburuetariko bat ikusleengan eragina izatea da. “Saiatu naiz ikuslea ukituta uzten, ez dadila film laburra ikusi ostean hotz atera, arduragabe”, zehaztu du.

Dagoeneko, filma ekoizpen prozesuan dago, eta irailean aurkezpena egiteko asmoa dute. Hala ere, Garate oraindik ez da ausartzen esatera ea pozik dagoen lortutako emaitzarekin. “Goizegi da Ordu erdiren ibilbidea aztertzeko”, iritzi dio. Baina, horrek ez du kezkatzen, berari benetan gusta-tzen zaiona istorioak kontatzea baita. “Zuk barnean daukazun zerbait besteei ikustaraztea berezia da oso, baita lan taldeari transmititu eta proiektua aurrera atera ahal izatea ere. Aurrera egiteko konfidantza ematen dit horrek”, azpimarratu du. Arrate Etxebarria da pelikularen protagonista nagusia, Garikoitz Aldekoa eta Clarisse Guiraud ere agertzen direla. Guztien lanarekin oso pozik agertu da zuzendari getxoztarra, baita lan talde teknikoarekin ere. “Gauza guztien gainetik, horixe nabarmendu nahi nuke: taldearen kalitatea. Lan egiteko talentu handiko jendea aukeratzeko zortea izan dut”, eskertu du. Gehienak ezagunak zituen, askok Aner bere opera priman ere aritutakoak dira eta. “Agian hori da, alde artistikoa baino, nire benetazko meritua, lan talde egokia aukeratzeko intuizioa dudala”, hausnartu du zinemagileak.

Goya sarietan aurresailkatua Unai Garate duela bi urte hasi zen lanean zinemagintzan, orduan aurkeztu baitzuen Aner bere lehenengo lana. Aintzatespen zabala lortu zuen orduan. Besteak beste, Goya Sarietan aurresailkatua izan zen, baita Italiako Tolfan Nazioarteko Film Laburren Festibalean Thriller onenaren saria jaso ere. Orduko arrakasta, baina, ez da zama bilakatu Ordu erdi bere bigarren lanari ekiteko. “Hori agian Bernardo Bertolucciri gertatu zitzaion, Novecento sortu ostean, baina nire ibilbidea oso laburra da, eta lehenengoak ezin dio orandik bigarrenari itzala egin, oso gauza txikia izan baitzen, nire-tzat premiazkoa izan arren”, agertu du, apaltasunez.

Aner film labur minimalista eta naturalista gisa kalifikatu du Garatek. Ordu erdi bere bigarren lana bukatu ostean, pelikula biek amankomunean zerbait badutela aitortu du, zehazki zer den oso ondo ez badaki ere. “Estilo ezberdinak izan arren, alde berdina daukate biek, oso garrantzi-tsua gainera, akaso bietan guztiz sinesten dudala eta oso argi izan ditudan istorioak izan direla biak”, nabarmendu du. Horren arrazoia, beharbada, bere lan egiteko eran topa daitezke: zuzendari getxotarrak txikietatik handira jotzen du bere lanak sortzerakoan. “Zeozer zehatza sentitzen dudanean hasten naiz horri bueltaka, irudi bat dela, atmosfera bat dela, edo toki bat dela, bertan istorio bat dagoen ala ez argitu arte”, argitu du. Bide horretan, baina, besteen oniritziaren beharra duela aitortu du Garatek. “Ingurukoen iritziak bilatzen ditut proiektu batekin aurrera egitearen erabakia hartu baino lehen”, baieztatu du.