Liburuekin gauza asko egin daiteke: idatzi, irakurri, irudi edo musikarekin lotu? eta baita umeei kontatu ere. Etxeko txikienei ipuinak kontatzea aspalditik datorren ohitura bada ere, ondo egitea ez da erraza eta gako nagusi batzuk kontuan izatea komeni da. Gai honi lotuta, Zelan kontatu ipuinak eta olerkiak umeei izeneko tailerra eskaini du Yolanda Arrietak, UEU-ko jardunaldien barruan.
Literatura bere zentzurik zabalenean landu izan du Arrietak (Etxebarria, 1963). Sor-tzaile lanaz gain, heldu zein umeentzako hainbat tailer eskaintzen ditu idazketa, irakurketa eta kontaketa ardatz hartuta. Ahozko literaturaren baliabideak nola aprobetxatu? Horixe izan du tailer honen abiapuntu Arrietak. Izan ere, “ipuinak papera eta hitza besterik ez dira guk geuk bizitza eman ezean”, dio.
Arrietak argi dauka: “Haurrei ipuinak kontatzeko ez dago formula magikorik. Jendea errezeta bila joaten da ikastaroetara, baina kontua ez da hain sinplea”, aitortu du. Egilearen iritziz, lehen gomendioa kontalariak momentua bizitzen ikastea da: “Ipuin bat kontatzerakoan garrantzi handia ematen diot kontalariak eta entzuleek momentu hori bizitzeari. Hau da, benetakoa izan dadila hor sortzen dena”.
Leku eta giro egoki bat sortzearen garran-tzia ere azpimarratu du: “Leku zabala nahi izaten dut nik. Aulkiak eta mahaiak erabiltzen ditut baina gogoko dut espazio librea, antzezteko, zutik irakurtzeko, mugi-tzeko, lurrean esertzeko? Helburua ez da isilik eta geldirik egotea, giro berezi batean harrapatuta egotea baizik”, dio. Gainera, Arrietaren iduriko, garrantzitsua da leku bera errepikatzea, “aurrera begira umeek ekintza horrekin lotuko baitute espazioa”.
Eginez ikasi Arrietaren iritziz, irudimenerako dugun ahalmenaz jabetzea funtsezkoa da: “Denok ditugu ahalmenak ipuinak kontatzeko, baina gaitasun horiek martxan jarri aurretik funtsezko hiru pauso eman behar dira: beldurrak uxatzea, baliabideez jabetzea eta ekitea”. Eginez ikastea, hori da etengabe Arrietak defendatzen duen dinamika: “Tailer purua eginez ikastea da. Gidoi bat jarraitu eta gomendioak jaso arren, eskarmentuari eta praktikari ematen diot garrantzia, ez teoriari. Hala, besteak ohartzen dira bakoitzak ondo eta gaizki egin duenaz eta guztiok ikasten dugu”.
Beldurrak baztertuta, Haur Literaturaren ahozko baliabideak ezagutu eta lantzea da hurrengo urratsa. Ipuinak kontatzeko eskura ditugun baliabideak ugariak dira: keinuak, ahotsa, onomatopeiak, begiradak, isiluneak, galderak, arreta pizgarriak, objetuak, jolasak, abestiak? “Garrantzitsuena da norbera konturatzea zenbat baliabide dauden eta momentu bakoitzeko premien arabera bat edo beste erabiltzea”, dio Arrietak.
Dena den, haurrak aurrean ditugunean, sarritan zaila izaten da hauen erreakzioa aurreikustea eta hor sortzen da inprobisaziorako abagunea, Arrietaren ustez: “Unea bizitzen ikasten duzunean hasten zara inprobisatzen, baina inprobisatzeko baliabideak eduki eta hauek lantzen jakin behar da. Gomendio batzuk izateak laguntzen du, baina praktikatu egin behar da batez ere. Hortik beraz ekitearen garrantzia”, argitu du.
Poesiari tartea Narrazioaren nagusitasuna zalantzan jarri gabe, haurrentzako poesia geroz eta ugariagoa eta hobea dela uste du Arrietak eta tartea eskaini ohi dio bere tailerretan. “Poesia zoragarria da gauzak diren moduan baina baita izan daitezkeen beste modu batzuetara imajina-tzeko eta munduarekiko bestelako ikuspegi bat izateko. Alde arrazionala ondo dago, baina sentimenduei loturiko ezagutza ere garrantzitsua da eta hori lantzen du literaturak, poesiak batez ere. Gainera, poesia izugarri gustatzen zaie umeei, eta gurasoei ere bai, deskubritzen dutenean. Arazoa betikoa da: eskoletan beldur direla, ez dutelako ezagutzen”.
Finean, norbere barruko grina atera eta lehenbailehen praktikatzeko gogoa sortzea, horixe da Arrietak tailerretan helarazi nahi duen sentsazioa: “Gogo gabe ezin dira horrelako gauzak egin, baina gogo hori umeengan ere sortu behar dugu. Ematen du umeak ase behar ditugula beti, baina gosea eragin ere egin behar diegu: -Jo, bukatu da? -Bai, bihar gehiago. Gogoekin uztea ona da batzuetan. Umeak aho zabalik egotea eta beraiek ere kontalaria gogotsu ari dela somatzea funtsezkoa da. Eta horretarako, oinarrizko bezain premiazko emozio bat indarberritu behar dugu: ilusioa. Hori gabe umeekin jai dugu”.