Lanbidearen eta zaletasunaren arteko mugak korapilaturik agertu ohi dira maiz. Txanpon beraren alde bana balira bezala; batak bestea ekarriko balu bezala. Alberto Torres Ayerdi (Beasain, Gipuzkoa, 1961) eskultorea da, baina ez da artegintzatik bizi; hala ere, sorkuntzatik bizi izan direnek eragina izan dute ziurrenera beregan. Arotzak zituen aitona eta aitonaren aita, eta etxean beti ikusi izan ditu egurrarekin lanean; baina bera “modu espontaneoan” hasi zen eskulturekin, nerabezaroan. “Egurra lantzen hasi nintzen, baina objektuak egin beharrean eskulturak egiten hasi nin-tzen, askorik pentsatu gabe, espontaneoki”. Erabat autodidakta da beasaindarra, sekula formakuntzarik jaso gabea; ikusi izan ditu etxean eskuekin lanean, eta ikusi izan ditu beste eskultore batzuen lanak, baina sekula ez da arte eskola batetik igaro. Irakaslea da ofizioz, eta horrek hilabete bukaeran eskaintzen dion ziurtasuna eskertzen du. “Ez dut nahi artisten bizitza zehaztugabea: batzuetan badakizu eta beste batzuetan ez dakizu ogibidea nondik aterako duzun; nik bide lasaiago bat nahi dut”.

Esan bezala, arotzak zituen etxean, baina Torres Ayerdi etxekoak ez bezala gerturatzen zen egurrera. “Hasieran egurrean sartzen nin-tzen, egurrak berak eramaten ninduen. Ni egurrarekin eraikitzen saiatzen nintzen, zizelka-tzen baino gehiago; baina materialak berak ere mugak jartzen dizkizu, eta egurrarekin maitasun-gorroto harreman bat izatera heldu nintzen”. Harreman horren ondorioz egin zuen salto burdinaren itsasora. Burdinak beste bide bat jorratzeko aukera eman ziola dio eskultoreak; “material horren dentsitatea handiagoa da, beraz, beste tortsio batzuk ahalbidetzen ditu. Gainera, nigan latente zeuden erreferentzia arkitektonikoekin lotura ere gehiago konkretatu dezaket burdinarekin. Burdinak gehiago sakontzeko aukera ematen dit”.

Existentzialismoa abiapuntu Alberto Torres Ayerdiren obrek abstrakzioan dute jatorria, eta lan horiek, denborarekin, erreferentzia anatomikoak eta arkitektonikoak jaso dituzte. Dentsitate handiko lanak egiten dituela dio, lan sendoak, linea gutxikoak eta oso landuak. Horretaz gainera, beasaindarrak adierazi du nahiko lan minimalistak direla bereak, detaile gutxikoak: “Ahalik eta gehien esaten saiatzen naiz, baina ahalik eta elementu gutxienekin; anekdota dena ken-tzen saiatzen naiz. Baina nire lana definitu beharko banu, neure burua ez nuke formalki definituko”.

Iturrietan oinarrituta osatuko luke definizioa. Eskultore gipuzkoarraren hitzetan, bere lanak ez du gaurkotasunarekin lotutako erreferen-tziarik, lan atenporala da, “eta, batez ere, gizaki izatea zer den horretan oinarritzen da; hortik abiatzen da, eta ez dauka zerikusirik garaiarekin edo kulturarekin”. Ez da lan aldarrika-tzaile bat, ez da lan kontzientziatzaile bat, ez du kritikarik egiten, ez du orainarekin zerikusirik. “Nire lana existentzialismo batetik abiatzen da, eta saiatzen naiz zentzumenetatik kanpo dagoena igortzen. Mundu ukiezinetik hori behatzen ahalegintzen naiz. Nire diptikoetan idazten dut nire sorkuntzak argirik gabeko mundu bat islatzen duela, edo argi-ilunak erakusten duen kontzientziaren esparruak islatzen dituela”.

Bestalde, filosofiatik ere badu Alberto Torres Ayerdiren obrak; sorkuntza prozesuak bai behintzat. Izan ere, alde kognitiboa albo batera utzi eta hortik harago jotzen du. “Kognitiboki esango nuke budismoaren transzendentziaren kontzeptua iristen zaidala; xamanismoak ere eragiten dit, daukan naturaren edo gure arbasoen edo beste errealitateen erreferentziak kontuan hartzen dituelako; eta Europa mailako mistizismoa ere kontuan har-tzen dut. Baina ni benetan abiatzen naiz begiak ixten ditudanean eta ilunetan nagoenean: une horretan mundu kognitiboak edo kulturak edo orainak ez dauka horrelako erreferentziarik”.

Baina burdinarekin eta egurrarekin batera, letrek ere hartzen dute lekua artistaren sorkuntzan, eta horretan ere ihes egiten dio kognitibotasunari. Azken erakusketetan testuak jartzen hasi da, baina kognitiboak baino testu poetikoak erabili ditu: “Testu poetikoarekin gehiago islatzen dut bizipena; testu kognitiboetan saiatzen naiz bizipen hori klasifikatzen eta estrukturatzen. Nire testu poetikoek nire eskulturetan dauden istorioak ager-tzen dituzte, eta, agian, baten batek ikusiko du leiho bat edo eskailera bat nire lanean, baina benetan kontatu nahi izan dudan istorioa testu poetikoen bidez azaltzen dut”.

Mendekotasunetik nagusitasunera Torres Ayerdik dio bere inguruan eskultoreei eta arteari buruz sekula ez dela hitz egin, baina prentsan edo komunikabideetan Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea eta Remigio Mendiburu agertzen zirenean beti adi egoten zela euren esanetara eta erakusten zituzten lanetara. “Beraz, euren influentzia izan dut, nire-tzat eurak izan dira erreferente nagusi nire ibilbide autodidaktan”.

Erreferenteak beti ez dira era kontzientean maneiatzen, eta hori gertatu zitzaion beasaindarrari bere ibilbidea garatzen hasi zenean. Bere hitzetan, hasiera batean espontaneoa eta intuitiboa zen hura guztia, eta abstrakzioak laguntzen zion bizipenak eta esperientziak bideratzen. “Alabaina, halako batean ikusi nuen ordura arte ni aritzen nin-tzela eskulturan, baina lanak agintzen zuela nigan, eskulturak agintzen zuela; eta ni horretaz nekatu egin nintzen, eskulturak energia kentzen zidalako”. Baina horri buelta eman zion, harik eta aginte makila eskultoreak berak hartu zuen arte. Eskultorea igaro zen agintzera, eta eskuak bera eraman ordez, berak kontrolatzen zuen eskua. “Orduan sortu zen hizkuntza propio bat nigan, eta hor hartu nituen erreferentziak, eta horrek nire lanari ikaragarrizko definizioa eman zion. Hortik aurrera beste martxa bat hartu du nire lanak, eta nire unibertso pertsonalean, eta nire oinarri kontzeptualean eta formalean oinarritzen hasi naiz: orain ni naiz nire buruari indarra ematen diona”.

Eskultore beasaindarrak ez dauka erakusketarik une honetan. Azkena Santurtzin (Bizkaia) izan zuen otsailean, baina han-hemenka ikus daitezke bere lanak. Esaterako, Trapagarango (Bizkaia) Meatzaldea Goikoa Parkean. Eskulturez eta naturaz osatutako parke horretan bere Aizkoate lana ikus daiteke, beste hainbat eta hainbat eskultoreren obrekin batera. Erakusketarik ez badu ere, sortzen jarraitzen du: “Zuk zure ibilbide propioa duzu, proiektatzen duzunaz gainera; hortaz, nik nire aldetik lanean jarraitzen dut. Bestetik, hemengo arte momentua nahiko geldi dago, eta egia da kanpotik proposamenak heltzen direla, baina horiek aztertu egin behar dira. Ez naiz ofizioz dedikatzen honetara, eta horrek gauzak lasaiago har-tzeko aukera ematen dit”.