Azken bolada honetan adimen artifiziala gizakume guztion eginkizun, ataza, arazo eta enparauen konponbide orokor bihurtu da, edo bihurtu nahi digute, edo honezkero bihurtu ei digute. Hori dela eta, irakurle estimatu hori, gaurkoan hemen irakurriko duzuna bolada horren enbataren indarrari jarkiko zaio. Adimen naturalaren aldekoa naiz. Zergatik? Gizatasunaren aldekoa naizelako. Adimen artifizialak bere barruan ditu gizatasunik gabeko osagai guztiak. Gizakia alde batera erabat lagata. Dena da algoritmo. Edo horrela dioskute.

Hala eta guztiz ere, hori ez da bat-batean sortutako ekoizkina, ezpada Bigarren Mundu Gerratik hona batzuek (ez dakit nortzuk diren horiek) mundua euren ikuspegiaren arabera batera biltzeko egindako hamaika ahaleginen azkena (egundaino). Irakurle estimatu horrek, itauntzen badidazu ea zergatik naizen adimen naturalaren aldekoa, hona hemen doazkizu nire pentsaeraren ibilbidearen munarri nagusiak. Bestela esanda: adimen artifizialaren aldekoak eta aurkakoak eta adimen naturalarenak erkatuko ditut.

Adimen artifizialari esker, asto-lanak desagertu egiten dira. Kontsulta bat egin dezakegu klik bakar batez. Ez duzu libururik kontsultatu behar; ez diozu zure gurasoari itaunik egin behar ikasteko. Den-dena ematen du adimen artifizialak. Hori norberaren etxean gertatzen da, bai eta enparaukoen etxeetan ere. Zerbait jakin nahi denean, iturri berera jotzen dugu: etxe guztietako iturri bakarrera. Eta iturri horrek guztioi ematen digu ur bera edateko.

Adimen artifizialak erantzun guztiak ematen dizkigu, guztioi berberak: Euskal Herrian, Britainia Handian, Europan, Asian, Afrikan eta amamaren tangan. Horri uniformizazio esaten zaio. Aniztasuna mitoa izango da laster. Gizatasuna da adimen artifizialak falta duen osagai bakarra, hain zuzen ere, nik ezinbestean behar dudana. Hiztegietara jotzea, bizimodua nork bere erara konpontzea… gizatasuna da, eta horixe da adimen artifizialak falta duen osagai bakarra. Eta itzalaldi bat…?