Datorren igandean ikusiko dugu zer gertatuko den Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Bien bitartean, Frantziako hauteskunde sistemaz gehiago ikasiko dugu, zer diren barrutiak eta non dauden, bi hautagai edo hiru izango diren bigarren txandan barruti horietan eta hegoaldekoei bitxiak egiten zaizkigun xehetasun horiek guztiak. Orain argigarria da ikustea zeinek nahi duen benetan eskuin-muturrari bidea ixtea, eta zeinek horixe bera nahi duela esan bai, baina agian ez hainbeste, agian ez hain garbi.
Fronte Herritar Berriak berehala adierazi zuen hirugarren gelditu diren barrutietan atzera egingo dutela jendeak Marine Le Pen-en RN ez den besteari boza eman diezaion. Macron presidenteak eskuin-muturra geldiarazteko deia egin zuen, baina agindu zehatzik eman gabe, beraz, bere koalizioa denetarik egiten ari da, barruti batzuetan hautagaia kendu, beste batzuetan ez: barrutiaren egoera kontua hartu behar dela, Mélenchon ez dela fidagarria eta beste hamaika aitzakia. Eskuinak, Les Républicains-ek, eskuin-muturraren aldeko Éric Ciotti buruzagiarekin izan zituzten arazoak eta gero, askatasuna eman die hautesleei nahi dutena egin dezaten, balio errepublikanoak eta erretolika hori guztia beste baterako gordeko dituzte.
Ezkerreko jendearen artean, gurean behintzat, ohikoa da esatea, hautagaia ezkerrekoa izan edo ez, gustukoa ez denean, hauteskundeetara sudurrak estalita joaten dela. Uste dut Macron jauna Frantziako presidentea dela azken hauteskundeetan jende asko joan zelako boza ematera sudurrak estalita Marine Le Pen garaile atera ez zedin. Orain badirudi sudurrak estalita joatearena eskuineko jendeari egokitu zaiola, hau da Fronte Herritar Berriak aurkeztutako hautagai bat aukeratu behar dutela eskuin-muturrekoa atera ez dadin, baina ez dakit horren ohituta dauden, azken finean, eskuina eskuin-muturretik gertuago dago ezkerretik baino. Balio demokratiko eta errepublikanoak beste baterako.
Igande gauean telebistaren edo ordenagailuaren aurrean azazkalak jateko beste aukera bat izango dugu datorrena usaintzeko prest.