Turista batzuk Afganistanen hil zituztela jakin nuenean, nire neurona alferrei kostatu zitzaien turista eta Afganistan hitzen arteko lotura aurkitzea eta, beraz, une batez lelo aurpegia erakutsi nion munduari: turismoa Afganistanen? Azkenaldian, gainera, fake eta gezurren beldur, sare asozialei mesfidantzaz begiratzen diedanez, albistearen egiaztapena eskuratu arte elkarren borrokan izan nituen nire neurona gaixoak: turismoa Afganistanen? Bada, bai, Interneten bilaketa azkarra egin ondoren, ikusi dut webgune ezagun batek “Afganistanen doan egin ahal dituzun bost gauzarik onenak” dakartzala (turista xuhurrentzat?), eta bidaia-agentzia batean hamar eguneko bidaia saltzen dutela, Jameko minaretea barne, oso taliban abegikorrek zainduta, agentziak dioenez, 2.850 euro, hegaldirik gabe, bertako janzkerarik gabe (doan egin ahal diren gauza horiek berdindu ahal izateko agian).

Afganistanera turismoa egitera joateko egokitasunaz hitz egin nion lagun bati, baina berak berehala moztu zidan haserre esateko ea ez nuen atentatua gaitzetsi behar, eta jendeak edonora joateko eskubidea duela. Dena gaitzesten dut, hildakoen senitartekoei doluminak eskaintzen dizkiet, eta zaurituei berehalako sendaketa opa, nik baina ez dudala uste “eskubide” hori dagoenik, Afganistanera joateko desira edo gogoa, bai, baina eskubide hitza beste kontuetarako gorde beharko genuela. Askatasunaz hasi zitzaidan, ez hango emakumeen askatasunaz, baizik eta gureaz, jakina, askatasun-kaña (Ayuso) edo askatasun-carajo (Milei) deitu ahal dugunaz. Miragarria da ikustea nola errotu diren diskurtso batzuk geure baitan, askatasun indibidualistenena, kasu honetan, ardura eta ondorio guztiak ahantzi dituen egozentrismo askatasunez mozorrotuta, norberaren apetak eta nahiak ororen gainetik jartzen dituena, “esperientzia” eta abentura berriak bizitzeagatik bizirik irauteko sena bera ere albo batera uzten duena, bestearengan oztopo edo, onenean, argazki exotiko eta polita ikusten duen gizaki ez-gizakia, errugabea, noski. Irabazten ari dira (Ayuso eta Milei).