Mohammed Yasser deitzen da. Palestinarra da. Eta argazkilaria. Aspaldion Bilbon mugitzen da. Eta argazkiak oparitzen ditu. TikTok-en milioi erdi jarraitzaile baino gehiago ditu jada. Nik ere hala ezagutu dut. Arreta deitu didatelako bere bideoek. Mezu bat irakur daiteke beraietan, eta harrapatu egin naute.
Mohammed Yasser-ek argazkiak ateratzen ditu. Kalean dauden pertsonak ditu jomuga eta, ondoren, eskuko inprimagailu batean argazkia inprimatzen du, sobre batean sartzen du eta argazkiarekin batera, eskuz idatzitako mezua daraman beste papertxo bat gehitzen dio. Sobrea itxi eta argazkia atera dion pertsonari entregatzen dio. Sobrea hartu duen pertsonak, sobrea ireki, argazkia jaso eta mezua irakurtzen du. Eta irribarrea ateratzen zaio. Gehienetan, ingurura begiratzen du. Mohammed non ote dagoen galdetuz bezala, edo norbait begira ote daukan jakiteko. Baina ez. “Ez ahaztu munduak behar zaituela” edo “Amore ematekotan bazaude, gogoratu zergatik hasi zinen” bezalako esaldiak dira jendeak jasotzen dituenak.
Nik bideoetan ikusi ditudan hartzaileak gazteak dira. Eta bakarrik daude, hiriko eserleku batean irakurtzen edo terraza batean mugikorrari begira. Argazkilariak bi segundo lapurtuko dizkie. Guztiek hartzen diote sobrea. Inork ez du ezer zalantzan jartzen. Guztiek ere berehala irekitzen dute sobrea. Eta, denak, mezua irakurri ostean, sobreari begira gelditzen dira. Minutu batez beraien bizitzak gelditu egin dira. Egunerokotasunetik atera dituen esaldi bat jaso dute. Mezuari zentzua hartzen diote.
Esaldia jaso duten eguna, egun ezberdina izango da.
Eta pentsatzen duzu: zer ikusten du Yasser-ek argazkia ateratzeko aukeratzen dituen pertsonengan? Zer eragin dute mezuek jasotzen dituztenengan? Zergatik hartzen dituzte sobreak ezer galdetu gabe? Zerk mugiarazten du Yasser pertsonaren arima harrapatu eta esaldi itxaropentsu batekin batzera? Zer behar da sobrearen hartzaile izateko?
Niregana etorriko balitz, zer mezu bueltatuko nioke argazkilariari?