Atzo, eguerdiko 12.30etan, Donostiako Alderdi Ederretik Txillidaren Haizearen Orrazia eskulturaraino bitartean, manifestazio ezberdin batek hartu zuen Kontxako badia: “Stop Genozidioa” leloa zeramana. Gazatik iristen zaizkigun albisteen krudelkeria oinarri hartuta, Palestinako gatazka salatzea helburu zuena.

Manifestazio honek bi ezaugarri berezi izan zituen, ordea. Batetik, Euskal Herriko kulturgileek sortu eta bultzatutako proiektua izan zela. Eta, bestea, manifestazioak kokaleku zehatz batzuk izan zituela, zeintzuetan, sortzaile ezberdinek arte adierazpenak eskaini zituzten hainbat tokitan, nork bere lengoaiaren bidez aldarrikapena egiteko.

Bazen garaia kulturgileak batzen hastekoa. Gure gizartea beste begi batzuekin ikusten dutenen ahotsak elkar hartzekoa. Kultura, ezer baldin bada, gizartea astintzeko eta pentsamendu kritikoa eragiteko modu ezinbestekoa baita.

Kultura ez baita entretenimendua (bakarrik). Kultura, sortzaileek hautatzen duten bide bat da, esan eta adierazi nahi duten hori bideratzeko. Barruan daramaten espiritu kritikoa, hau da, zergatiaren bilatze etengabea, bizitzeko, partekatzeko eta sortzeko. Hartzailea ere, sortzailearen ezinegonarekin bat egin eta galdera erantzutera gonbidatzen duena.

Kultura ez da kontsumitzen. Kultura bizi egiten da. Hautu pertsonal eta kolektiboa da. Oso serioa. Berarekin eraman gaitzan uzten diogun edo ez erabaki behar dugu; beraren parte izan gaitezen edo ez; egiten dizkigun galderei erantzun nahi diegun edo ez; sortzailearen egonezinarekin bat egiten dugun edo ez.

Kulturak gure partehartzea eskatzen du, herritarron inplikazioa, hartzaileon konpromisoa. Izaera berezi bat eratzen doan herri baten parte izan nahi dugun edo ez hautatzea dakar.

Hori guztia erakutsi nahi izan zuen igandeko manifestazioak. Genozidioari stop esan nahi izan zitzaion. Modu ezberdin batean. Kulturatik. Beste talaia batetik. Egunero, bere jardunean, gure gizartearen beste argazki bat bilatzen duenaren begiradatik. Oraingoan, orroea, kolektiboa izan da.