Beti izan da arima deabruari saldu dionik. Eta guk pentsatu, deabruak ez dakarrela sekula ezer onik.

Umetan erakutsi ziguten trukeak justua izan behar zuela. Kromo bat beste baten truke. Kanika begi beltza, kanika txinatarraren truke. Galera-irabazi binomioan, bi alderdiek irabazi behar zutela. Bestela, ez zela joko garbia. Nerabetan ikasi genuen gure gorputzaren atalei ateratako argazkiak erakustea ez zela truke sanoa. Trantsakzio horri ez zitzaiola trukea deitzen, ustez hala bazirudien ere, bi alderdiek ez zutelako berdin irabazten.

Orain, iris erosleak azaldu zaizkigu. Merkatal zentro handietan kokatzen dira, Orb izeneko argazki kamera deigarriekin. Etorkizunetik ekarritako mikrofono distiratsuak dirudite eta, mundu guztiaren aurrean, kotxe garestiak erakutsi ohi diren azaleretan, orain, irisari argazkia ateratzeko makinak jarri dituzte, atzean lelo esanguratsu batekin: “guztiok gara mundu ekonomiaren jabe”.

Kontua da irisari argazkia ateratzeko enpresaren jabea Sam Altman dela, ChatGPT-aren fundatzailea eta Worldcoin enpresaren jabea.

Irisaren argazkiaren truke 100 kriptotxanpon eskaintzen dituzte (70 euro inguru); zure identitate datuen truke, etorkizunekoa den dirua. Eta, mundu ekonomia guztiona izanda ere, dena esan behar baita, batzuk ari dira bakarrik txanpon horrekin aberasten. Aditzera eman dutenez, 3,5 milioi iris jaso dituzte dagoeneko. Eta aste betean, kriptotxanponen balioa bikoiztu egin da merkatuan.

Deabruari galdetu beharko genioke, zertarako erabili asmo dituen irisaren argazkia eskaini duten milioika biztanleren datu pertsonalak. Zergatik ari den leku publikoetan argazkiak ateratzen, legezko ekimena bailitzan, Datu Babesaren Legea errespetatu gabe. Zergatik ez duen informatzen datuak zertarako erabiliko dituen.

Helburu ederra eta desiragarria litzateke, formulaziotik bertatik hasita, guztiok izatea mundu ekonomiaren jabe. Baina bere nortasunaren datuak saldu dituenaren baldintzak ez dira, inola ere, erosi dituenarenak. Deabruarekin, sekula ez dira izaten.