Pertsona batek txakurrari koska egin diola jakitera ematea bezain albistegai da 33 urteko emakume batek, zortzigarren umeaz erditu ostean, munduko emakume ezkondu ederrenaren titulua lortu nahi duela jakitera ematen duen berria. Mrs America hautatzeko lehiaketaren harira eman da albistea jakitera. 

Deigarria denik ezin uka. Komunikabide batzuek, hala ere, albistea goiburuetara eramateaz gain, azpititulua gehitu diote, esanez, emakume honek bere buruari jarritako erronka feminismoaren mundua iraultzera datorrela. Benetan?

Albistearen berri izan nuenean, bi erreakzio edo sentipen izan nituen: batetik, 33 urterekin eta zortzigarren umeaz erditu ez beste bere ametsa betetzeko lanean jarraitzen duen emakume estatubatuarra txalotzekoa. Bere hautua izan baita. Bestetik, galdetu nion neure buruari, zergatik zerion albisteari lehiatu beharraren kutsua. Zergatik albiste hark adierazten zuen, eta ez subliminalki, ama izan diren emakumeak ere eder izan daitezkeela. Zer dela eta emakumeok erakutsi behar dugun ia ezinezkoak diren gauzak egiteko eta lortzeko gaitasuna. Zergatik jartzen diren tankera horretako adibideak erreferente lez. Zergatik sartzen gaituzten emakume guztiok saku berean, amets bera izango bagenu bezala. Zergatik uste den edertasunak emakumeon jomuga behar duela.

Bestalde, zer aditzera eman nahi zuen kazetariak, kasu horrek feminismoaren “mundua” irauliko duela esatean? Zer da, hasteko eta behin, feminismoaren “mundua”? Ama ez izatea erabaki duten emakumeek osatutako kosmosa? Ederrak ez diren emakumeen sarea? 33 urte baino beranduago ama izatea erabakitzen duten andrazkoen talde zaharkitua? Edertasun fisikoan oinarritutako lehiaketak bultzatzen ez dituen unibertso itsua?

Ez gara nekatuko esaten, ez dugula zer eta nola pentsatu, amestu, maitatu edo borrokatu behar dugun esan diezaguten nahi. Ez gara nekatuko esaten, ez dugula argazkian nola ateratzen garen esan diezaguten espero. Gaitzesten dugula gure pausu guztiak iruzkindu ditzaten. Eta mugak eta erronkak jartzen dizkiguten azpititularrak sobera daudela. Ez ditugula gehiago nahi.