Astea Argentinan hasi gara, Javier Milei (suley deitzen dio ezagutzen dudan argentinar batek) izango da bertako presidente berria, eta hedabide gehienetan amildegia, ezezaguna eta horrelako hitzak erabili dituzte. Badirudi oker zegoena okerragora joango dela azkar, batzuek ezer gutxi aldatuko dela uste badute ere. Burtsek gora egin dute, diruak, hots, dirudunek diru gehiago egingo dutela pentsatzen baitute: ez da harritzekoa, Argentinan gelditzen diren enpresa publikoak salmentan jarriko dituela iragarri du orrazkera bitxiko presidente hautatu berriak. Batzuek negozio ederrak dituzte esperoan. Pribatizazioak basatiagoak izango dira han, ez hemen bezain sotilak eta disimulatuak (hezkuntza, osasuna, orain Lanbideren txanda iritsi omen da), Argentinan pribatizazioaren historia luzea den arren; bide batez, orain arteko pribatizazioek ez dute han ezer konpondu.

Ministerio asko, zerbitzu publikoez arduratzen direnak desagertuko dira, eta geldituko diren askori (Defentsa, Justizia, Segurtasuna, Barne Arazoak) errepresioaren usain sarkorra darie. Baku nazionala eta pesoa ere desagertuko dira, antza, eta ekonomia dolarizazioaren ustezko paradisuan sartuko da. Orain argentinarren %40a pobrezian badago, laster %50a izango da.

Abortatzeko eskubidea desagertuko da; neurri hori bakarrik nahikoa izango litzateke Mileiren asmoak nora doazen ulertzeko.

Zergatik, orduan, hautatu dute argentinarrek xelebre hori? Erantzunak ez dira errazak, baina Mileik erantzun errazak ditu arazo guztietarako. Eta, ez ahaztu, eskuin tradizionalak, ustez moderatuak, ustez zentratuak Mileiren alde egin du, jakina, liberalek aukeran nahiago dituzte ultraliberalak, eskuinak aukeran nahiago du ultraeskuina. Oraingo ustelkeriaz eta inflazioaz nazkaturik, agian argentinar askok pentsatu dute, pentsatu baino gehiago sentitu dute, edozer izan daitekeela orain dutena baino hobea: amildegiaren erakarpena bizi; beldurra, zorabioak eta bertigoak uxatu eta hara; etorriko dena ez da txarragoa izango. Amildegiaren tentazioa.