Uste dut ez dudala txoko honetara kirolarekin zerikusirik duen ezer ekarri. Ez nago seguru. Agian oraingo hau lehendabiziko aldia izango da; ez bada horrela, utzidazue behintzat lehen aldiek duten zirrara sentitu, faltsua izan daitekeen arren. Frantzian Munduko Errugbi Txapelketarekin daude irailaren 8tik, urriaren 28an bukatuko da, baina ez dakit jakinaren gainean zaudeten, Hego Euskal Herriko hedabideek ez baitiote kasu handiegirik egin, ezta ETBk ere (minutu erdi bat noizbehinka kirol albistegia bukatzen denean). Egia da Hego Euskal Herrian errugbiak ez duela zale askorik, salbu eta herri batzuetan beharbada, Ordizian edo Gernikan, demagun, baina Ipar Euskal Herrian zaletasun handia dago. Ez dirudi ETB edo ikuspegi nazionalaz harro dauden hedabide batzuk oso kezkatuta daudenik, gurea futbola da, pilota eta udan txirrindularitza eta arrauna. Euskal Herriak ezin du txapelketa horietan parte hartu, bai, baina horretaz pentsatzen ari nintzela, interes ezaren zioez, alegia, nire neurona maltzurrek lotura are maltzurragoa egin zuten bat-batean: a, Espainia ez dago Munduko Errugbi Txapelketan, ez zen sailkatu, kanpo gelditu zen, Frantzia bai, Frantzian egiten ari da Txapelketa, gainera, baina Ipar Euskal Herrikoen buruak ez ditugu zertan nahastuko edo kolonizatuko gauza frantses zikin horiekin. Errieta egin nien nire neuronei, jakina, hain gaiztoak izateagatik, baina matxinatu zitzaizkidan batzuk: Espainia Txapelketan egongo balitz, ikusiko zenuke errugbi gehiago ETBn. Neurona matxinoena gaitzetsi nuen, nola ez, oraindik daude zigortuta: ekainean errugbiak Donostian utzitako diruaz lan bat egin behar dute (errebeldeenak eta inozoenak hori ez dela kirola erantzun dit, negozioa baizik). Zer egiten du horrek errugbiaz idazten? Zer nahi duzue, bakoitza bere zoroak bizi du, eta ez naiz azalpenak ematen hasiko. Ostiralean Argentina larrutu genuen argentinar batek eta biok Zeelanda Berria-Namibia ikusten genuen bitartean. Neurona zintzoek Uruguayren eta Galesen alde ditut lanean. Bide batez, Uruguay Ormaecheaz eta Etcheverryz beteta dago.
- Multimedia
- Servicios
- Participación