Hego haizea izango zen beharbada, baina berehala izan nuen bihozkada, aurtengo eguberriak ezberdinak izango zirela. Lagun batek bidali zigun argazkiarekin hasi zen guztia. Postal bat zen; etxean, familia osoa, guapo-guapo jantzita (pajarita eta guzti), etxeko arbola hiper apainduaren aurrean: “Zorionak-Felices fiestas”. Artean ez zaigu lagunak horrela agurtzerik otu, pentsatu nuen. Eta ondotikoak izan dira denda guztiak apaingarri gorriz jantzita ikustea, kalean jendea elur-orainaren adarrak jantzita aurkitzea, turistentzako prestatutako zokoetan musika ingelesez entzutea, telebistan Estatu Batuetan “Gabonetako izpiritua” nola bizi duten ezagutzea, Gabonetako argi ederrenak nongoak diren aipatzea, Aita Nöelen etxea ezagutzeko bidaiez hitz egitea… eta kalean Olentzero eta Mari Domingirekin gurutzatu (kalejirarako bidean) eta “hemen gure Olentzero” esatea ez beste, “eskerrik asko hurbiltasuna erakusteagatik” erantzuna jasotzea.

Urtero bezala, aurtengoan ere, dirua eman dugu ahora zer eramanik ez dutenentzako; eta non lo egin ez daukatenentzako aterpe gehiago eskatu dugu; baina mahaian jarri aurretik opariak ireki ditugu, arrapalada batean, mahaira nor ekar genezakeen pentsatzen jardun beharrean. Eta datorren urtean nora bidaiatuko dugun kontatu dugu, kotxe elektrikoa erosi beharko ote dugun, eta kexuka aritu gara onlinez egiten ditugun erosketak ezin ditugula lantokian jaso esan digutelako… Halako batean, batek dio dirutxoa egin duela egunotan. Armairua garbitzen aritu dela eta metatzen joan den arropa salgai jarri duela horretarako gaitutako programaren bidez. Eta pixka bat hemendik, eta pixka bat handik, xoxak poltsikoratu dituela. Beste batek gehitu du esanez, berak Oldberrira eramatea baloratzen duela, hirugarrenei laguntzeko. Eta baietz, erantzun du lehenbizikoak. Berak ere Oldberrira botatzen dituela gauzak, saltzeko balio ez dutenak, kamiseta desitxuratuak eta horrela.

Aurtengoan, kaleetan, ez dut Gabonetako euskal kanturik entzuteko aukerarik izan, bihotza berotzen dizun benetako zerbait.