Gaur lagun baten nahia betetzera nator. Aitor dut tartean ez dela apusturik egon.

Lagun hau eta biok urtean hiruzpalau aldiz elkartzen gaitu euskararen gaiak. Eta ordu luzetan aritzen gara gaiaz eztabaidan, bere hitzetan, nik botila erdi beteta ikusten dudalarik eta, berak, erdi hutsik. Beti gehiago nahian, autokonplazentziatik urrun.

Oraingoan, Hazia auzia izan dugu ahomingainean. Gasteizko epaileak gurasoen nahiaren gainetik hartutako erabakia eta emandako epai borragarria (borreroa esan behar nuen?). Nahikoa ezagutzen ez duen hizkuntza baten gainean erabakitzeko eta umeen familiak (kasu bat baino gehiago baitira) eta euskal hiztunak umiliatzeko boterea duela iruditzen zaion epailearen kasua, hain zuzen ere. Izenak ez dakit zenbateraino izan daitezkeen umiliagarri edota trufarako gai. Semen-en ordez Agapito jarri ziotenari galdetu beharko zaio, edota Zigor-en ordezko Dolores guztiei, kasu…

Lagunak, epaile honek egiten duena arrazakeria linguistikoa dela esaten zidan. Hizkuntza bidez (nahikoa ezagutzen ez duen hizkuntza baten gainean erabakiak hartuta) herri bat eta bere izaera zapaltzera eta azpiratuta izatera bideratu arte.

Baina laguna batez ere mintzen zuena zera zen: gai honen inguruan ez dela eztabaidarik biztu. Inor ez dela arrazakeria linguistikoaz hitz egitera ausartu. Bere ustetan, “arrazakeria” terminoa, gaur, ez delako politikoki zuzena. Edo bazterreko urak aisa nahas ditzakeelako.

Duela juxtu 50 urte, herriko epaitegian ez zen nire neba Oier izenez inskribatzerik izan, eta aldameneko herrira joan ziren gurasoak, ondo jakinda, Euskal Herria hedadura handiko herria zela, bai bederen, ume bati izena jartzeko. Herritik bota izan balituzte bezala sentitu zirela esaten zuten gurasoek. Eta erdi lotsatu egiten ziren semea beste herri batean inskribatu behar izan zutela aitortzean. Umiliazioa ageri.

50 urte ondoren, umiliazioa jasaten jarraitzen dugu. Garena garelako. Garen tokikoak garelako. Dugun izena dugulako. Gure mundua, beti, ezin delako beste batzuk nahi duten bezala itzuli, eta are gutxiago itzali.