euskal Encodings-ek (euskararen erabilera bultzatzeko sorturiko irabazi asmorik gabeko elkartea) “Etxean erdaldun txiki bat sortzeko dekalogoa” izeneko hamar agindukoa eman du argitara, hain zuzen ere, bertan jasotzen diren gomendioen kontrako efektua sortzeko edo kontrako jarrera bultzatzeko.

Ironia du oinarri delako dekalogoak. Gomendioetako bat da honakoa: “Umeari egiozu txikitatik erdaraz; eskola arduratuko da haren euskalduntzeaz”. Edo beste bat: “Irakur ditzala liburu guztiak erdaraz. Batxilergoa amaitzean B2ren baliokidea emango diote”. Hala, hamar dira elkarteak zerrendatu dituen aholkuak. Baina aholku gehiago nahi dituztela eman dute jakitera, hartara, “aholku hauek jarraitzen baditugu, ziur gure etxean erdaldun txiki bat sortuko dugula, eta etorkizunean bere seme-alabei ere ez diela euskararik transmitituko”.

Eskaera honen berri jakitean, ezin izan dut ekidin, aurreko astean Gipuzkoako Foru Aldundiak Elbira Zipitria andereñoari egindako omenaldia eta bere omenez Foru Jauregiaren Ohorezko patioan ezarritako eskulturaren aurkezpen egunean, Elbira Zipitria andereñoaren ikasle ohi batek esandakoa gogoratzea: klandestinitatean aritu zirela zioen eta eskolak jasotzen zituzten etxebizitzan sartzeko, egurrezko eskaileretan gora eta behera joan behar izaten zutela. Andereñoak, eskailerak zaratarik egin gabe igotzeko eta jaisteko eskatzen omen zieten, bestela, eskolarik gabe gelditzeko arriskua zutela eta.

Zaila egin zitzaidan irudikatzea 5-9 urte bitarteko umeek nola igotzen eta jaisten zituzten egurrezko eskailera zabalak, zaratarik egin gabe, eguna joan eta eguna etorri. Ezin asmatu, ume haiek zein deabruk harrapatu zituen.

Bada, Euskal Encodings elkarteari beste aholku hau gehitzea proposatuko nioke: gure etxeko erdaldun txikiari euskaraz egitea debekatuta dagoela esatea. Hau da, euskaraz  hitz egitea, euskaraz jolastea, euskaraz kirola egitea, euskaraz abestea… Horrela, beharbada, kontrakoa egiteko deabruak bereganatuko du eta, behingoagatik, dekalogoa funtzionatzen hasiko da.