Gure hauskortasuna erakusten dugunean, orduan sentitzen gara gertuen batzuk besteengandik. Txikitatik erakutsi digute ez dugula gure ahultasuna erakutsi behar, gure arrakalak ondo estalita irten behar dugula kalera. Kameraren aurrean irribarre egin behar dugula beti. Baina batzuetan bizitzak traizioa egiten digula sentitzen dugu eta ezin dugu barrerik egin. Orduan etxean ezkutatzen gara edo maskara baten atzean. Garrantzitsuena: ez dezala inork ikusi zein zaurgarri garen; ez ditzala inork ikusi gure itzalak, gure zauriak, gure putzuak. 

Aste honetan, iltzatuta geratu zaizkit hor barruan nonbaiten Miren Larrionen begirada eta ahotsa. Euskadi Irratiari emandako elkarrizketan bere hauskortasuna erakutsi digu, eta, kontraesana ematen badu ere, ahuldadea erakustearekin batera ikusi dugu haren indarra. 

Ziur naiz politikoki Larrionengandik urrun dagoen jende asko ere hunkitu duela bere hitzek transmititu duten benetakotasunak. Bide batez esanda, morbotik eta politikakeriatik ihes egin nahi izan duen Iñaki Guridi kazetariaren laguntza bikainarekin. 

Poztu naiz. Poza eragin dit norbait zulotik irteten ikustea. Uste dut elkarrizketa horrek, gainera, hain ezkutuan dauden buruko gaitzen errealitatera gerturatzeko aukera eman digula eta niri transmititu didan sentsazioetako bat izan da edonori gerta dakiokeela, edonork “galdu” dezakeela buruaren kontrola noizbait. Batzuetan uste dugu hanka bat apurtu dezakegula, giltzurruneko koliko bat izan dezakegula edo minbizia biriketan. Baina askoz gehiago kostatzen zaigu pentsatzea egun batean geure burua geure buruarentzako ere arrotz bihurtu daitekeela. 

Ziur naiz inoiz buruko gaitzen bai izan duen edo duen norbaitentzat bakarrik ez, guztiontzat lagungarri izan dela Larrionen hitzak entzutea: Ez naiz ezkutatuko eta ez naiz burua altxatu gabe egongo. Bizitzari aurrez aurre begiratzen dion jarrera ausarta. Batzuetan gure hauskortasuna erakusteak bihurtzen gaitu indartsu.