Ongia egiteko da
Historialari askok diote Bartaliren pedalkadek, menturaz, Italia odol-hustetik libratu zutela
Gino Bartalik irabazi zuen 1938ko Frantziako Tourra. Ordurako bi Giro bazituen. Handik urte batzuetara egin zuen balentriarik handiena. Izan ere, Bartaliren bizikleta berezia zen oso. Altzairuzko koadroa zuen, aurkarienek bezala. Haienek 12 kilo inguruko pisua izaten zuten, Ginorena astuntxeagoa zen, baina hegoak ematen zizkion.
1943an, Mussolini boteretik kendu ostean, Alemaniako armadak Italiako iparraldea eta erdialdea okupatu zituen. Milaka judu ahal izan zuten lekuan ezkutatu ziren. Haiei laguntzeko sortu zuten Delasem izeneko sare klandestinoa. Florentziako kardinalak –eliza egon behar zuen aldean egon da batzuetan...– sare horretan parte hartzeko eskatu zion Bartaliri. Fede kartsuko kristaua zen Gino, eta baiezkoa eman zuen. Florentziatik Asiserako errepidea baliatzen zuen Bartalik entrenamenduetarako. Florentziako inprimategi batean hartzen zuen “atseden”. Argazkiak eta faltsututako dokumentazioa prest izaten zituzten han, ezkutuan zeuden juduei nazien atzaparretatik salbatzeko balioko zietenak. Ginok bizikletaren altzairuzko hodietan sartzen zituen txukun-txukun kiribildurik. Askotan pasatu behar izaten zuen nazien kontrollpunktetatik. Bartali mundu-mailako izarra izaki, ordea, eta soldadu alemaniarrek, haren auraz miretsirik, autografoak eskatzen zizkioten: Bartali txapelduna! Sekula ez zitzaion inori bizikleta miatzerik otu.
Lehen Tourretik hamar urtera irabazi zuen bigarrena, 1948an. Urte hartan presio-eltze bat zen Italia: errepublika ezarri berria; apirilean hauteskunde historikoak; uztailean Palmiro Togliatti buruzagi komunista hiltzeko saiakera... Gerra zibilaren arriskua bete-betekoa zen. Bartaliren garaipen epikoak giroa baretzen lagundu zuen Italia osoan. Komunistak zein kristau-demokratak irratiaren inguruan elkartu ziren toskanarraren balentria entzuteko, poz kolektiboak amorru politikoa gainditu zuen eta istiluak baretzen hasi ziren. Historialari askok diote Bartaliren pedalkadek, menturaz, Italia odol-hustetik libratu zutela. Bartali heroi nazional bihurtu zen ostera ere, baina inork ez zuen ehunka juduren bizia salbatzeko egindako ekintza ausart eta eskuzabalagatik goretsi. Izan ere, urte asko igaro ziren kontu horiek jakin ziren arte. Bartalik berak adierazi zuen zergatia: ongia egiteko da, ez kontatzeko.
