Síguenos en redes sociales:

Lorerik gabeko zauria

Harribitxia da Xabier Leteren Lore bat, zauri bat diskoa.

Lorerik gabeko zauriaElvis González

Harribitxia da Xabier Leteren Lore bat, zauri bat diskoa. Nerabezarotik dut kuttunenen artean. Txilez mintzo da diskoari izena damaion kantan. Lorea: edertasuna, maitasuna, itxaropena, sormena, errautsetatik berpiztutako gizarte baten ametsa. Zauria: mina, porrota, galera, bortxak erdibitutako herri baten auhena. Pinochet diktadore terroristak eraitsi zuen, Ameriketako Estatu Batuen laguntzaz, demokratikoki hautatutako gobernua. Salvador Allendek bere buruaz beste egin bide zuen Monetaren Jauregiaren aurkako bonbardaketan. Presidentearen alargunak eta bi alabak Mexikora egin zuten ihes, Kubara hirugarrenak. Hortensia Bussi alarguna erresistentziaren sinbolo bilakatu zen. Carmen Paz, alaba nagusia, amaren ondoan egon zen beti deserrian, politikoki askorik nabarmendu gabe. Isabelek, alaba bigarrenak, soziologia eta zientzia politikoak ikasi zituen, eta amarekin eta ahizpa nagusiarekin batera Salvador Allende Fundazioa sortu. Gerora, politikagintzan murgildu zen: diputatu, senadore eta Alderdi Sozialistako lehendakari izan zen. Alaba gazteena, Beatriz, bonbardaketan ere aitaren ondoan egon zen azken unera arte. Haurdun zegoen, zazpi hilabeteko. Kuban erditu zen semeaz –alabatxo bat bazuen lehendik–. Kubako diplomatiko batekin ezkondu eta batzorde antiinperialistetan aritu zen lanean. Aurrez bizi izandako guztiak ondorio lazgarriak ekarri zizkion. Depresio suntsigarri batek bere buruaz beste egitera eraman zuen. Leteren hitzetatik hautatua da zati hau:

Hire aitaren heriotz hura

bilakatu zain orain heriotz,

oihu lehertu bat utzi digunan

zauri guztien seinaletako.

Ez dun nahi izan iraganaren

faktura latza besteri itzul,

hainbeste beldur, hainbeste odol

isil-isilik pagatu ditun.

Nahiko hunan, Beatriz

poeta baten bertsoz

hire gaztetasuna

ispiluan mirestu.

Nahiko hunan gaur ere

bizitzaren kaliza

ardo gorriz beterik

gozamenetan hustu.

Txilek ere bere buruaz beste egin du. 52 urteren buruan, Pinocheten oinordekoen esku da gobernua. Oraingoan, hori bai, botoen bidez. Herritarren bozek bedeinkatu dituzte orain ezarriko zaizkien murrizketa orotarikoak. Eskubide-murrizketak, hasteko. Lorerik gabeko zauria.