Síguenos en redes sociales:

Zezenak eta oiloak

Jada ez da Osborneren zezenik Euskal Herrian, herenegun erauzi zuten azkena

Zezenak eta oiloakE. P.

Taxi-gidariek ehunka egoera xelebre bizi behar izaten dituzte. Artegagarriak batzuk, arriskutsuak besteak, bitxiak mila. Ordu txikietan lanean aritzen direnenak konfesatokian isilik eduki beharrekoak hainbat, baina egun-argiz ere izaten dira pasarte irrigarriak.

Gure lagun batek urteak daramatza taxilari. Badu emakumezko bezero bat, maiz-maiz pentsu-almazen batera eraman dezan eskatzen diona, non oiloak ere saltzen baitituzte. Kartoizko kaxa etxetik eramaten du. Pentsu-almazenetik kaxan oilo bat sartuta irteten da, burua zulo biribil batetik aterata duela. Hilabeteak pasatu zituen jakin-minari ezin eutsiz, konfiantza pixka bat hartu zutenean ausartu zen arte: zertarako erosten dituzu hainbeste oilo? Erantzunak harri eta biribil utzi zuen: “etxe batera lekualdatu behar duen jendeak kontratatzen nau, garbitasun-errituak egin eta sartu behar duten etxe horretan leudekeen izpiritu gaiztoak edo energia kaltegarriak uxatzeko.” Atean eguzkilorea jartzea aski babes iruditzen ez zaienen kontuak dira, beraz. Gure lagun taxilariak ez zuen autoa bedeinkatzera eraman, eta bezero dominikarraren konjururik ere ez du eskatu. Dena den, geroztik hozki pixka bat ematen diote zulotik burua aterata kotxean eramaten dituen oiloek.

Sorginaren hegaztiek azken tristea izango dute, hain segur. Osborneren zezenena ere halaxe irudituko zaio hainbati, baina bada Ernaiko gazteen azken ekintza txaloka ospatu duenik ere. Edozein gisaz, azken boladako mehatxuak adinako ekintza izan da!

Jada ez da Osborneren zezenik Euskal Herrian, herenegun erauzi zuten azkena. Zezenketak desagerraraztea beste kontu bat izango da.