Duintasunaren txartelak
Oso umea nintzela ezagutu nuen Luix. Berezia eta maitagarria zen. Atzerrian bizi zen aspalditik, erbesteraturik
Gure aittitte-amamen etxeko salan koadro eder bat zegoen, Luix Alberdi azkoitiar eskulturgile eta margolariarena: Urola ibaiaren bazterreko etxeak ezkerrean, Irizarreneko dorrea barrenean, Izarraitz mendia gorenean eta Azkoitiko barrikak eskuinean. Oso da ederra, ez geneukan eta ez daukagu saltzeko. Oraindik ere “Luixen koadroak” leku berezia izaten segitzen du gure familiaren etxean.
Oso umea nintzela ezagutu nuen Luix. Berezia eta maitagarria zen. Atzerrian bizi zen aspalditik, erbesteraturik. Ez arrazoi politikoengatik, bestelako jazarpen batek eraman zuen sorterritik urruti, inork ezagutuko eta edonork epaituko ez zuen leku batera: Venezuelara. Izan ere, Luix homosexuala zen. Caracasen ere trufatuko zitzaizkion, irainduko zuten, baina han bazituen ihesbideak: sexu-joerez lotsatzen ez ziren adiskideak, alkandora loredunak janzteagatik seinalatuko eta epaituko ez zuten auzoak. Gaitzitu eta sumindu egiten nau irudikatzeak zer nolako umiliazioak jasan behar izan ote zituen nerabezaroan eta gaztaroan, Francoren diktadurapeko Azkoiti txiki eta txikitzaile hartan, beste diktadura moral erdiragarri baten pean.
Oscar Wilde ere homosexuala zen. 41 urte zituela Liburutegi Britainiarrak sarrera-txartela kendu zion, “lizunkeria larriak” egotzita. 130 urte geroago, sinbolikoki itzuli diote. “Barkaiezu arerioei, ezerk ez ditu gogaituko horrek beste”, idatzi zuen Wildek. Luixi disimulatu ezineko mina nabaritzen zitzaion gaztaroaz hitz egiten hasten zelarik. Sakonki azkoitiarra zen, baina sekula atera ezin izan zituen arantzek ziztatzen zuten. Ez dakit adorerik izan zuen bizitzaren urterik ederrenak lorrindu zizkioten txakilei barkatzeko.
Azkoitiko Udalak duela zenbait urte haren artelanekin erakusketa bat egin zuen Etxe Beltzean. Bat-batean otu zait hura izan zitekeela Oscar Wilderi sinbolikoki txartela itzultzearen gisako zerbait. Mundu puta honek armairuan edo lotsakizunean bizi izatera kondenatu dituen milioika genero-disidenteei ez zaie behinola gizarteak kendutako duintasunaren txartelik itzultzen. Izan ere, txartelak borreroak banatzen ditu.