Opor aurreko azken zutabean neure buruari galdegin nion zer nolako mundua aurkituko ote genuen hiru hilabeteren buruan. Galdera batek sortzen zidan kezkarik handiena: gazatarrentzat itxaropen izpirik geratuko ote da? Israelgo soldaduek palestinar asko hil dituzte epe horretan: haurrak tiroz eraisten ikusi ditugu, ospitaleak bondardatzen, giza-laguntzari bidea ixten, gosez hilarazten. Gainera, Netanyahu lehen ministroa Nazio Batuen egoitzan hitzaldia ematen entzun behar izan dugu, Nazioarteko Zigor Auzitegiak hura atxilotzeko agindua emana badu ere. Gerra-krimenez eta gizateriaren aurkakoez inputaturik dagoen buruzagiak inpunitateari eutsi egiten dio hainbat eremutan, baina gauzak asko aldatu dira. Nazioarteak, oraingoan bai, lepoa bihurritu dio. Isolamendu prozesua gero eta nabariagoa da, eta gero eta gehiago dira Palestinaren nazio-aitortza egiten duten munduko herrialdeak. Bazen garaia!

Azken hilabeteotako beste ika-mika iturria Txikiren eta Otaegiren (eta Sánchez Bravoren, García Sanzen eta Xosé Humberto Baenaren) hilketaren 50. urtemugaren ekitaldiak eta haien ustezko erabilpena izan da. Kontua ez da hainbeste “gureak ziren eta dira!” aldarrikatu nahia, ETAren ibilbide beldurgarria goraipatu eta zuritzeko zenbaiten borondatea baizik. Halaber, ulertezinak eta desegokiak iruditu zitzaizkidan Gogora Institutuaren Alberto Alonso zuzendariaren hitzak. Terrorismoa, helburu politikoetarako terrorea erabiltzea, terrorismo da nonahi eta beti, baina herri baten izaera, nortasuna, kultura eta hizkuntza desagerrarazi nahi zituen diktadorearen aurka erabilitako bortxak Alonsorenak baino hitz doiagoak eta testuinguruaren irakurketa egokiagoa eskatzen zuten. Hori gabe ez dago justiziarik eta erreparaziorik.

Txikiren eta Otaegiren espirituarekin eta jardunarekin inolako zerikusirik ez duen beste etakide ohi batena izan da udako purrustada bitxietako bat: Txapotek traidore deitu zion Kubatiri. ETA deseginik ez balego eta iraganeko zentzabideei eutsi behar balie, azken honen aurkako exekuzio-agindua emana lukete honezkero. Eta guk, beste “traidore” bat hil zutenean bezala, kalera joko genukeen hura salatzeko. Finean, izan ere, ETA bera da erakundeko kide on eta gaiztoen, omendu edo kondenatu beharrekoen arteko bereizketarik maltzurrenak egin dituena.