Síguenos en redes sociales:

Ziritik

Ixabelen bidea

Jarduna publikoa izateak hitzak eta jarrerak neurtu beharra dakar. Zer esanik ez agintari politikoen kasuan

Ixabelen bideaE.P.

Nahi duen guztia esaten duenak askotan entzun behar izaten du nahi ez duena. Edozein harreman-eremu eta dialektika-modutarako balio du horrek. Bertsotan aritu denak ongi daki hori. Jarduna publikoa izateak hitzak eta jarrerak neurtu beharra dakar. Zer esanik ez agintari politikoen kasuan. Oinarrizko begirunerik eta autokontrolik ez duena ezgai da jardun publikorako, lan politikorako, aginte-postuetarako.

Burua eta mihia berak bezain arinak bagenitu, Isabel Diaz Ayusotuntun-paela hutsa dela esango genuke, zanpan, txolin, kaskailu, txoro-gaizto, zikin-brillo, gajo motz, zarpail, artaburu. Edo guri ere gustatzen zaigula fruta. Baina nagi pixka bat ematen du haren mailan jartzeak, pikotxa eta pala hartu beharko baikenituzke. Hark hain gustuko duen basatzan sartu gabe, esan genezake ez dela bereziki azkarra, ez oso kultua, ez hiztun abila, ez harreman-eraikitzaile trebea, ez enpatia-eragile iaioa. Alabaina, eguna joan eta eguna etorri halako ahoberokeriak esaten jarraitzen duenak badaki, bere motzean, boterera eraman duen gehiengoak larderiazko jarrera horixe eta bera nahi duela: goragoko botereari ahobizarrik gabe oldartuko zaion norbait; jardun politikoa lohitara eskrupulurik gabe eramango duen bateren bat; bere autonomia erkidegoa progresiaren aurkako gotorleku bilakatuko duen Isabel katoliko berri bat.

Askatasunaren ikono berriak euskaldunoi ez digu utzi nahi izenak nahieran idazteko bezain aske izaten: “Jon? A zer moztasuna!”. Gaixoak ez daki, noski, Xabier zaharragoa dela Javier baino. Ez daki, halaber, euskal libururik arrakastatsuenetako baten izena [Kutxidazu bidea] Ixabel dela. Ixabel honek ere erakutsi digu bide bat: haren antipodetaranzkoa. l