Gure herriaren historia neba-arreben arteko gerlen eta gatazken odolez zipriztinduta dago: oñaztar eta ganboatar, agaramontar eta beaumontar, karlista eta liberal. Gure egunetara gehiago hurbilduta ere zatiketa eta liskar-aroak gehiago dira adiskidantzazkoak baino. Konkistatzaileak eta konkistatuak izan gara...eta gara. Herrien eta kulturen arteko bizikidetza sekula ez da erraza izan, egiazki.

Egin daizteke ahaleginak ezezagun, urrun, arrotz edo bortitz iruditzen zaizkigun kulturak eta usadioak ulertzeko, garatu daitezke mila eratako enpatia-ariketak, baina sentsibilitate gizatiar apurrik duen edonorentzat ezinezkoa da gure mundutxo handi-txiki honetan oraintxe bertan jazotzen ari diren hainbat gertakari ulertzea, are ezinezkoagoa haiekin enpatizatzea.

Israelgo Lehen Ministroak adierazi du zibilizazioaren eta basakeriaren arteko talka bizi izaten ari direla. Zibilizazio deitzen dion horrek nazioarteko giza-laguntzari ateak itxi dizkio, Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi arren 14.000 haur hilzorian daudela. Aldi berean, Michal Waldiger diputatu israeldarrak adierazi du Gazan errugaberik ez dagoela, ezta haurrak ere: “haurrak giza-ezkutu gisa erabiltzen badituzte, haiek ere hil egin beharko ditugu, ez dago beste erremediorik”.

Israelentzat, aldiz, ezkutuak bestelakoak dira: botere ekonomikoa, teknologikoa, geo-estrategikoa; munduko armadarik indartsuenetako bat; armamenturik aurreratuena; barne-kohesio aipagarria, hein handian “arerioz” inguraturik eta etengabeko arriskuan daudela jakiteak damaiena, beren jokabide ankerren ondoriozko arriskua bada ere; aliatu ahaltsuak...

Bere ahalaren eta diskurtsoaren baitan gogortutako herrialdea da Israel, giza-miseria maila gorenera eraman duena. Garro anitzeko botere horrek ahalbideturik dihardu, ezer gertatuko ez balitz bezala, Europako kirol-lehiaketetan arazo handirik gabe parte hartzen, edo Eurovision lehiaketan kantatzen. Baina makillaje pixka batek ez du heriogileen begitarterik edertzen.

Hamarkada batzuen buruan, genozidio baten biktima izan zirenak genozida bihurtu dira. Botererik handienaren jabe izanik ere, egungo genozidek ez dezakete ordukoez bestelako bukaerarik izan. Dabiltzan bideak harrapatuko ditu.