Pepe Mujica, bego gugan
Pepek merezi zuen, bada, norbere interesak eta komenientziak bazter utzita egindako agurra!
Inoiz gutxitan izaten du mundu zabaleko agintari ohien heriotzak Pepe Mujicarenak izan duen oihartzunaren parekorik. Ia sekula ez. Are harrigarriagoa gertatzen da herrialdearen hedadura, populazioa, garrantzi geopolitikoa eta pisu ekonomikoa kontuan izanik. Uruguairen populazioa Euskal Herriarenaren paretsukoa da –%eko 10 soilik handiagoa–. Hedaduraz Euskal Herria ia hamarkoiztu egiten badu ere, Hego Amerikako herrialderik txikienetakoa da –Surinam bakarrik da txikiagoa–. Hala eta guztiz ere, Mujicaren heriotzak mundua inarrosi du.
Oratoriaren maisu handia zen Pepe, hitzak eta ideiak josten, tonuak modulatzen eta isiluneak maneiatzen bereziki trebea. Karisma, berriz, inon erosten eta ikasten ez den dohain urri eta baliotsu hori, borborka zerion. Egun osoa igaro zitekeen haren arrazoiketak eta gogoetak entzuten. Baina gaitasun horiez haragoko zerbaitek eman dio Montevideoko laborariaren figurari –lehen sektorekotzat zuen bere burua– izan duen mundu mailako hedadura eta sona: zinezkotasunak, predikatu bezala bizi izanak.
Hil osteko solas eta idatzietan saihetsezina dirudi Mujicaren gerrilari-iraganaren aipuak. Askok –miretsienek izterbegi ugari izaten dute– haren figuraren oroimena lorrintzeko gogoratu dute; beste askok norberaren bortxazko ekintzak edo bidaideen indarkeriaren aurrean isilik geratu izana zuritzeko. Pepek merezi zuen, bada, norbere interesak eta komenientziak bazter utzita egindako agurra!
Montevideoko landa-eremu xume batean, Rincón del Cerro izeneko laborari-gune natural eta ederreko etxetxo apal hartan, Lucia alarguntsa bakarrik biziko da aurrerantzean, senarrarekin landatutako loreak ikusiz eta usainduz. Eta inguruko laborariek, Pepe bizi zenean bezala, ondoko bidexkatik pasatzean pi-pi agurtuko dute, kotxearen bozina joz. Eta adiskide joanari aldi oroz esango diote: gogoan haugu, zaharra!