Joan Soldevila Julia kataluniarrak film bat egiteko moduko bizitza izan zuen. Haren bizipen mamitsuen artean batek inarrosi nau bereziki, Espainiako armadatik desertatu zuenekoak. Izango zituen bestelako zioak ere ziur aski, baina bat izan zen erabakigarria: gaztelaniarik ez zekien, eta armadako agintariek irri eta iseka egin zioten, umiliatu egin zuten.
Neuk Valladoliden egin nuen soldadutza. Ez nuen gaztelaniaz mintzatzeko erraztasun handirik, ezta nire gisako beste zenbaitek ere, baina moldatu ginen nolabait. Izan genuen Nafarroako herri txiki bateko soldadu-lagun bat, erdaraz fitsik ez zekiena. Sekula etxetik irten gabea zen gainera, herabea eta hitz-motela. Gorriak ikusi zituen gizarajoak. Saiatu ginen hura babesten, baina asko zituen jazarleak, soldadu zein agintari.
Harat-honatean asko ibiltzen bainaiz, inoiz edo behin topo egin izan dut nafar-koskor harekin. Aurtengo udaberrian haien herrian nintzen, zer suma joanik. Tabernan aurkitu nuen lagun zaharra. Sortetxera eraman nahi izan ninduen, harri gorriz egindako etxe bikain batera. Anaia aurkeztu zidan. Elkarrekin hizketan hasi zirenean... erdaraz sumatu nituen. Euskara baizik ez zekiten haiek, riki-raka gaztelaniaz, hamarkada batzuk lehenago erabat arrotz zuten mintzairan.
Etxe askotan galdu da euskara belaunaldi bakarrean. Are gehiago, gurasoek erdaraz ez jakitetik seme-alabek euskaraz ez jakitera igaro dira hainbat familiatan, behinola pairatutako trufek eta isekek eragindako konplexuen ondorioz: “seme-alabek ez dezatela sufritu guk sufritu behar izan dugunik!”
Joan Soldevila Juliak ez zuen Espainiako armadatik soilik desertatu, baita hizkuntza hegemonikoetako elebakar supremazisten menpekotzatik ere. Hura hil zen. Haren ereduari jarraitu nahi diogunak gerrilla indarge bat baino ez gara.