58 urte zituela zendu da Pili Zubiarrain, bat-batean gelditu da Altzoko emakume Handiaren bihotz kolpatua. Abokatua zen. 90eko hamarkadan Herri Batasunaren esku zeuden zenbait udalen ustezko irregulartasunak auzibidean jarri zituen. Bestalde, 2003-2007 agintaldian Altzoko alkate ere izan zen, Ezker Abertzalea legez kanpo utzia zutelarik.

Pintaketak egin izan zizkioten, eskratxeak baserrian zein bulegoan, pankartekin jazartzen zitzaizkion Tolosako kaleetan zehar, mehatxu-deiak egin zizkioten, lehergailuak jarri... denetariko jazarpen-bortxakeria jasan behar izan zuen. Orotara, 100 eraso baino gehiago. 1999an gurasoen baserria, monumentu babestua, erre zuten bi kaputxadunek, aita-amak barnean zirela.

Altzotarrik gehienek ez zioten diosalarik ere egiten, agurra ukatzen zioten, herrian behintzat. Donostian topo eginez gero-edo agurtzen zuten batzuek, inork ikusteko arriskurik ez zenean. 2011n eman zuen Pilik honen guztiaren lekukotasun bihotz-erdiragarria, Bakearen Aldeko Koordinakundeak antolaturiko mahai-inguru batean: “Asko errukitu egiten zaizkit, eta ofizioz aldatzea aholkatzen didate, beste herri batera alde egitea, isilik egotea. Baina ez dira konturatzen pertsona batek bere buruari zor dion duintasunaz. Pentsatzen dut, beraz, banaiz esaldiak zentzu gorena du bizi dugun errealitatean. Geure erabakia da nola bizi. Pentsatzen ez badugu, ez gara, bizirik bagaude ere; aldiz, pentsatzen dugun hura esatera eta egitera ausartzen ez bagara, ez gara aske. Eta aske ez bagara, ez gara bizi. [...] Landa-eremuko herri txikietan batzuk ez dira ausartzen nirekin eguraldiaz hitz egiten ere, izan litzaketen ondorioen beldur. Baina bitxiena da biktima naizelako errukitzen direla nitaz, eta ez direla ohartzen benetako biktimak beraiek direla; ez dira ohartzen pentsatzen duguna esatea eta egitea bizirik jarraitzea dela. [...] Biktimok justizia eskatzen dugu, ez mendeku”.

Etorkizunari begirako mezu eraikitzaile horrekin bukatu zuen solasaldia Pilik, gorrotorik eta mendekurik gabeko Euskal Herri baten aldeko aldarriarekin. Haren ereduak askeago egin gaitu, haren kuraiak duinago. Duintasun askatzailea.