Duela hilabete gutxi hautatu zuten Joxe Mari Mitxelena oiartzuarra Euskadiko Pilota Federazioaren lehendakari. Estimatzen dut gizona. Urte asko daramatza pilotaren alde lanean, baina bestelako aferengatik sentitzen dut bereziki hurbileko. Orain pare bat aste, 500 bat ikasleren aurrean eman zuen Mitxelenak duela hiru hamarraldi bizi izan zuenaren lekukotasuna.
1991n ETAk Espainiako polizia nazional bati jarritako lehergailuak haren seme Fabio hil zuen, bi urteko haurtxoa. Mitxelenak hilketa haren aurkako elkarretaratzea deitu zuen, orduan hasi zen haren aurkako jazarpena. Lau urte geroago, Oiartzungo Udalean Eusko Alkartasuneko zinegotzi zelarik, ETAk Gregorio Ordoñez hil zuen, eta Mitxelenak hilketa haren aurkako mozioa aurkeztu. Ezagun batek oihu egin zion: "hi izango haiz hurrengoa!". Azken abisua modu makabroan ematen zuten: hildako katu beltz bat zintzilikatzen zuten mehatxatuaren ate aurrean. Mitxelenak herritik ihes egin behar izan zuen.
Echevarríatik Etxeberriara dokumentala Ander Iriartek zuzendu zuen, Oiartzunen bortxak izan dituen adierazpen askotarikoetan ardazturik. Zenbait herritarren iritziekin batera, Ludger Mess historialariaren gogoetak ere jaso zituen. Hau kontatu zuen Messek, besteak beste: "Alemaniatik natorren historialaria naiz, eta han indarkeriarekin, diktadurekin eta zapalkuntzekin esperientzia latza daukagu. [...] Eztabaida prozesu oso luze eta aberatsa izan dugu, nazismoaren inguruan-eta. Zerbait ikasi badugu, izan da kriminal nazional sozialistak ez zirela izan bakarrik juduak Auschwitzen hil zituztenak, hori planifikatzen eta ahalbidetzen ibili zirenak baizik, nahiz eta horietako askok eta askok pistola bat behin ere hartu ez. Argi ikusi behar dugu muga non dagoen, azken finean erantzukizun askoz handiagoa daukala horrelako ekintzak bere mahaian edo bulegoan planifikatzen ibili den batek azkenean tiro egin duenak baino." Mitxelena da Oiartzunen katu beltzarekin mehatxatu eta hil ez zuten bakarra. Pistolarik gabeko norbaitek mahairen edo bulegoren batean erabaki zuen jazarpena: irainak, afixak, heriotza-mehatxuak. Eta armarik gabeko beste norbaitek katu beltz bat akabatu zuen Joxe Mariri jartzeko. Hainbeste urteren buruan, beste aro batean, denak herri berean bizi dira. Bizikidetza beste zerbait da.