Ustezko
Beti mugitzen da zerbait erraietan haurtxo bati egindako edonolako erasoen berri izaten dugularik
Beti mugitzen da zerbait erraietan haurtxo bati egindako edonolako erasoen berri izaten dugularik. Are gehiago inarrosten gaituzte sexu-erasoei buruzko berriek. Ustezko delituaren ustezko egileak emakumeak direla irakurtzean, ostera, aurreiritzien eta aurresusmoen eskalak zeharo uzkailtzen eta alderantzikatzen zaizkigu. Izan ere, gure gizarte endekatu honetan gisa horretako eraso ia guztiak gizasemeek eginak izaten dira.
Familia baten salaketaren ostean bi maistra atxilotu dituzte Donostiako ikastetxe batean, lau urteko haur bati sexu-erasoa egin diotelakoan. Ezer gutxi dakigu horretaz landa, auzia sekretupean da.
Minarekin enpatizatzeko sen gizatiarrak lau urteko haurtxoaz eta haren familiaz errukitzera garamatza ezinbestean. Salatzaileek ezagutarazi dutena egia bada, hura zaintzeaz eta hezteaz arduratu behar luketen konfiantza osoko bi pertsonak sexu-erasoak egin badizkiote, bizi osoko zauriak gera lekizkioke gaixoari. Ustezko erasotzaileen larruan jartzen saiatuta, aldiz, hotzikara eragiten du haur laño baten kontakizuna haren irudimenaren ondorio izan daitekeela pentsatzeak. Eta errugabe balira?
Epaileak aske utzi ditu ikertuak. Haurrarengana eta haren bikiarengana hurbiltzeko debekua ezarri diete, baina ez bestelakorik. Oinarri sendorik gabeko zantzuekin atxilotu al daiteke inor? Zantzuak oinarri sendodunak badira, nola ez diete irakasle lanean jarraitzeko debekurik ezarri? Donostian ez da ustezko eraso horren salaketa-bilkurarik izan, ez Udalak deitutakorik, ez bestelakorik. Udalak badu eraso matxisten protokolo bat, baina ez horrelako kasuetarakorik. Herritarrek eta gizarte-mugimenduek ere ez. Horregatik geratu da ustezko eraso hori erreakziorik gabe, ez oraingoan errugabetasun-presuntzioa errespetatu nahi izan dutelako. Protokoloek eguneraketa bat eskatzen dute beharbada, eta erreakzioek ere bai, hedaduran eta zorrotz-kamutsean.